Korapiloa

Ez genuke behar...

Andoni Elduaien 2025ko api. 13a, 08:15

Aldarrikapen bateko irudia. (Ecuador Etxea)

Andoni Elduaien kazetariak martxoko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Ez genuke behar...'.

Gazte gera gazte, ta ez gaude konforme" dio Lurdes Iriondo zenaren Ez gaude konforme abestiak. Egungo herritarrak, izan gazte edo heldu, nahiko otzanduta edo konformatuta gauden iritzia dut, apal, ezkutuan, inolako sesioetan sartu gabe gaude. Beharbada ez gara ohartzen etorkizunak zer ekar diezaguken, edo ez zaigu axola, edo ez dakigu ezer... Edota hori hala izatea interesatzen zaienak ahalegintzen dira gu orbita horretatik urrun mantentzen. Ez dakit, batek daki. 

Ekonomia gai bat jorratzea egokitu zait oraingo honetan erreportaje bat landu ahal izateko –aldizkari honen erdialdean aurkituko duzue–. Gero eta zaharragoa den gizarte bateko herritarrak gara, eta adinean aurrera egin ahala, are zaharragoa izango da gure etorkizuna. Pentsa, 70eko hamarkadan 64 urtetik gorako herritarrak gizarte osoaren %8 ziren, gizartearen laurdena dira gaur, eta etorkizunean herena izango diren aurreikuspena egina dute estatistika erakundeek. "Txukunak gaude", esango du norbaitek. Txukunak gaude orain, eta txukunak egongo gara gu adin hori betetzerako; izan ere, sarritan ikusi dugu erretiroa hartzeko adina nola luzatzen duten.

Pentsioen inguruan aritu behar izan dut oraingoan. Urteek aurrera eginda ere, kezkaz bizi du biztanleriaren zati handi batek gai hori. Prentsan pentsioen inguruan aritzen direnean galdetzen diogu geure buruari: "Guk jasoko ote dugu ezer?". Eguneroko ogia da pentsioena, eta normala ere bada, inork ez baitu tekla magikorik erakutsi orain arte gabezia horri aurre egiteko. 

Pentsioei lotutako aldarrikapenak gurekin bat etorriko ez balira bezala dihardugu

Oraindik pentsioa jasotzeko adina urrun badugu ere, argirik gabeko tunelean aurrera goaz gu ere. Pentsioenarekin ere antzeko zerbait gertatzen dela iruditzen zait; neurri zehatzen batekin, batzuetan, argitzen dute tunela, baina aurrera egin ahala iluntzen da. Eta, zer egin? Bada, betikoa, erabakiak bakarka hartzera bideratzen gaituzte, hala nola pentsio planak-eta aktibatzera bultzatuz. Nolanahi ere, egun bizimoduak duen salneurri garestiarekin zaila da halako pentsio planetara atxikitzea; 65 urte baino gutxiago dituzten hamar herritarretatik hiruk jotzen dute soilik halako planetara. 

Indibidualismoa neurri horretaraino heldu da. Adinekoak bakarrik utzi ditugu plazetan egiten dituzten eskakizunetan, pentsioei lotutako aldarrikapenak gurekin bat etorriko ez balira bezala dihardugu gazteok. Gehiago esango nuke, beraien duintasunaz baino gehiago ari dira borrokan gure etorkizuneko ongizateaz. Ziurgabetasunaren aurrean, besteok ere adinekoekin batera jo beharko genuke. Kolektiboan bultza eginda, dena errazagoa izango da. Ez genuke behar konforme.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide