Juan Mari Ibarzabal (Azpeitia, 1954) argazkilariak Gure inguruko hegaztiak erakusketa jarri du ikusgai Portaleburu aretoan. Gipuzkoan eta Nafarroan ateratako txorien 45 espezieren irudiak ikus daitezke atzotik.
Martxoaren 2ra bitartean egongo da erakusketa zabalik, honako ordutegi honetan: ostiraletan 18:00etatik 20:00etara, zapatuetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, eta igandeetan 12:00etatik 14:00etara.
Zer bildu duzu erakusketan?
Nire azken hogei urteetako lana ikus daiteke erakusketan. 45 txori espezie ikus daitezke, denak Gipuzkoan eta Nafarroan ateratakoak.
Nondik datorkizu hegaztiei argazkiak ateratzeko zaletasuna?
Ez naiz ni berez txorizalea izan, argazkilaritzarekiko zaletasunak eraman nau arlo honetara. 2005. urte inguruan hasi nintzen, Interneten-eta ikusten nituen txorien argazki politak zeudela, eta ikasten hasi nintzen horiei argazkiak nola atera. Horrela hasi nintzen, pixkanaka-pixkanaka. Lehenengo hide edo ezkutalekua Azkoitiko Martirieta auzora bidean izan nuen, lagun batzuen txabola batean. Han hasi zen zaletasun hau, eta gerora eutsi egin nion.
Orduko argazki haiek ikus al daitezke erakusketan?
Agian, garai hartan ateratakorik ez dago, baina egia da orduan argazkiak egiteko erabiltzen nuen materialak gaur egungoarekin zerikusirik ez duela, askoz ere oinarrizkoagoa zen ordukoa. Denbora gutxian gauza asko aldatu dira digitalizazioarekin, eta aukera erosoagoak daude gaur egun.
45 espezie daude erakusketan. Hegazti ohikoak al dira guztiak?
Batzuk urte osoan egoten dira hemengo basoetan, eta beste batzuk Afrikatik hona pasatzen ari direnean hartutakoak dira.
Ezkutaleku batetik ateratzen al dizkiezu argazkiak?
Batzuetan, mendian zabiltzala txori bat ikusten duzu. Pixkanaka joaten zara harengana gerturatzen eta gerturatzen, harik eta txoriak alde egiten duen arte. Meritu gehien duen argazkia horixe da, zailena ere bai. Kalitatean ere antzeman egiten da, ez delako hain ona izaten. Besteetan, ezkutalekuren batean egoten zara, eta jatekoarekin erakartzen dituzu txoriak. Txoriak ez zaitu ikusten, eta kasu horietan, hegaztia hiru bat metrotara izaten duzu, eta bertatik bertara egonda, beste kalitate bat izaten dute irudiek.
Propio joan al zara erakusketa osatzen duten 45 espezie horien bila?
Batzuengana bai. Okilen hiru argazki ditut, Azpeitian-eta ateratakoak, baina oraindik beste bat falta zait, okil txikiarena. Oso zaila da hura harrapatzea, txikia izateaz gain, oso gutxi dagoelako. Irati basora (Nafarroa) joan beharko nuke hura harrapatzera; hemen ere badago, baina oso gutxi.
Lehenengo aldia al da halako erakusketa bat zabaltzen duzuna?
Duela hamar bat urte ere egin nuen, baina orduan txorien hogei espezie erakutsi nituen. Azkenean, argazkilariok gure borondatez ibiltzen gara, eta ez dago jakiterik zenbat denbora igarotzen dugun halako gauzetan. Baina pozgarria ere bada, jendeak ondo erantzuten zuelako. Azpeitian, duela bi urte erakusketa berbera jarri nuen, eta 1.200 pertsona igaro ziren handik. Politena izan zen ikastetxeetatik ere umeak ere joan zirela. Zentzu horretan, oso didaktikoa da erakusketa, argazki bakoitzak Qr kodea duelako azpian, eta handik ikus daiteke txori bakoitzak dituen ezaugarriak, hala nola tamaina, ohiturak eta kantua.