Urola Kostako erronkei erantzuteko, "plan eraldatzaile bat" lantzen hasi da EAJ

Andoni Elduaien 2025ko ots. 20a, 12:24

Arrizabalaga presidentea eta eskualdeko ordezkariak, Azkoitiko batzokian. (Gipuzkoako EAJ)

Gipuzko Buru Batzarreko (GBB) Maria Eugenia Arrizabalaga presidenteak eta Urola Kostako 11 herrietako ordezkariek topaketa egin dute Azkoitian, EAJk eskualdean dituen erronkei erantzuteko estrategia bat lantzen hasi baitira. Urola Kostaren garapenerako "hainbat proiektu estrategiko" planteatu dituzte jeltzaleek.

Urola Kostako erronka politikoei, sozialei eta ekonomikoei aurre hartzeko asmoz, Gipuzkoako EAJk eskualdean dituen erronkei erantzuteko estrategia lantzen hasi da. Azkoitian hasi zuen alderdi jeltzaleak lanketa, han egin baitzuten aurreneko topaketa. Hain justu, EAJren asmoa da eskualdeko afiliazioarekin eta elkarteekin lankidetza bultzatzea etorkizunerako "plan eraldatzaile bat" prestatzeko.

Planak hiru helburu nagusi izango dituela aurreratu dute. Batetik, lehen indarra izatea nahi dute Gipuzkoan, alegia, "EAJren posizioa indartu" nahi dute Gipuzkoako esparru politikoan. Bestetik, "aldaketaren eta berrikuntzaren eragile" izaten jarraitu nahi dute jeltzaleek, "gizartearen behar berriei erantzuteko eta ikuspegi irekia mantentzeko konpromisoa" hartuz. Azkenik, abertzaletasunaren etorkizuneko erronkei erantzun nahi diete. Horren aurrean, "ikuspegi euskaldun, ireki eta zabalago batetik lan egin" nahi dute jeltzaleek, "modernitatearen eta tradizioaren arteko oreka" bilatuz. 

Alderdi jeltzaleak ohar bidez adierazi duenez, Maria Eugenia Arrizabalaga Gipuzko Buru Batzarreko (GBB) presidente berriak "funtsezko zeregina" izango du prozesu horretan. "Gaur egungo politika globalean populismoak eta demagogiak dakartzaten arriskuak nabarmenak dira, eta Gipuzkoa ere ez dago salbu. Are gehiago, fenomeno horiek polarizazioa eta desinformazioa sor ditzakete", azaldu du Arrizabalagak. Egoera horren aurrean, "benetakotasuna eta errealismoa" defendatu du hark, "EAJren nortasun historikoa berrikuntza eta eguneroko lanarekin" uztartzeko. 

Azkoitiko batzokian egindako topaketan GBBko eta Urola Kosta eskualdeko 11 herrietako alderdikideek parte hartu zuten; etorkizuneko ekintza ildoak aztertu eta landu zituzten bertan. Batetik, "eskualdea indartu eta herri txikien erronkei erantzun egokia" emateko beharra azpimarratu zuten, eta, bestetik, alderdiaren "ikusgarritasuna eta abertzaletasuna" suspertzeko eta dinamizatzeko ekimenak landu zituzten. 

Arrizabalagak konpromisoa hartu zuen gizarte, kultura eta ekonomia esparruetan "sare berriak" sortzeko, "etorkizuneko abertzaletasunaren ikuspegi irekia ardatz" izango dutena. Gainera, "herrigintza eraginkorra egiteko beharra" azpimarratu zuen GBBko presidenteak, "epe motzeko arazoei erantzunez" eta aldi berean, "ikuspegi estrategikoa" izanez. 

"Garapenerako proiektuak"

Azkoitian egindako batzarrean, halaber, Urola Kostaren garapenerako "hainbat proiektu estrategiko" planteatu dituzte jeltzaleek, "hazkunde sozioekonomiko orekatu eta iraunkorreko eredua bultzatzeko" helburuarekin. "Eskualdearen erronka nagusiei heldu zaie, etorkizuneko agertokiei aurre hartuz, jarrera erabakitzaile eta lehiakor batetik". Besteak beste, honako ildoak landu zituzten topaketan: industria berrikuntza, lehen sektorea babestea nahiz dinamizatzea, eta garraio publikoaren konexioak zein zerbitzuak hobetzea. Trantsizio energetikoan eta lurzoru industrialaren eskasiaren aurrean, irtenbideak bilatzeko abiatutako prozesuan aurrera egin dutela nabarmendu dute, hori "funtsezkoa" delakoan jarduera ekonomiko berria erakartzeko.

Hezkuntza prestakuntza eskaintza indartzea ere "erabakigarria" izango dela gaineratu zuten, "industriaren beharrei erantzungo dieten profil kualifikatuak" izateko. Era berean, "lehentasuna" izango da Gipuzkoako jeltzaleentzat zerbitzu publikoak egokitzea nahiz handitzea biztanleriaren zahartzearen eta jaiotza tasa txikiaren erronkan. 

Etxebizitzen alorrean, alokairu prezioak mugatzea edota kanonak ezartzea albo batera utziz, EAJk etxebizitza publiko berria eraikitzea sustatuko duen politiken alde egin du, eta horretarako, eskualdean dagoen lurzoru publikoa Eusko Jaurlaritzaren esku jartzearen alde agertu da. Alokairu sozialeko etxebizitza berriak merkaturatzeko, berriz, HAPOen berrikuspenek eskaintzen dituzten aukerak baliatzearen alde egin dute. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide