Juana Molina: "Azken urtea izango da ISBn, erabakita baitut erretiroa hartzea"

Andoni Elduaien 2025ko ots. 20a, 09:32

Juana Molina, jokoa zuzentzen. (Mikel Amenabar 'Otola')

Espainiako Saskibaloi Federazioaren barruko txapelketetan 400 partida jokatzera heldu da Juana Molina (Manzanares, Espainia, 1991). "LF Challenge ligan ez dut uste halako zifrara iritsi den inor dagoenik", dio. Egindako bideaz harro, erretiroa hartzear da.

400 partida jokatzera heldu berri zara Espainiako Saskibaloi Federazioaren barruko txapelketetan.

Ez nintzen kontziente partida kopuru horretara iritsia nintzenik; Jone Azkue taldekidea ohartu zen 400 partidako kopurura iristear nintzela. Saskibaloian hasi nintzenean ez nuen pentsatzen zifra horretara inoiz iritsiko nintzenik, ez diot nire buruari halako helbururik jarri inoiz. Dena den, zenbakiak handiak dira. Oso pozik nago 400 partida jokatzera iritsi naizelako, eta nola ez, kopuru horretara ISBren eskutik iritsi naizelako.

Zer sentitu zenuen partida egunean?

Malagan [Espainia] jokatu genuen partidaren ondoren jabetu nintzen guztiaz, afalostean; zeinen zaharra naizen ohartu nintzen orduan. Dena den, batez ere, sentitu nuen urrunera iritsi izanaren sentimendua. 400 partida dira, eta hamabost urte daude atzean. LF Challenge ligan ez dut uste halako zifrara iritsi den inor dagoenik, eta oso harro sentitzen naiz pribilegiatuetako bat izateagatik.

Urte asko dira. Nola oroitzen duzu lehen egun hura?

15 urte nituen Albacete taldeak fitxatu ninduelako etxetik saskibaloian jokatzera atera nintzenean. Hura izan zen profesionaletara iritsi aurreko nire lehen esperientzia. Aldiz, 17 urte nituen LF2 mailara iritsi nintzenean. Harrezkero, penintsula osoko hainbat taldetan aritu naiz. Urtez urte egin dut gora, talde hobeagoetara iritsi naiz poliki-poliki, helburu anbiziotsuak izan dituzten klubetara. Esaterako, Gernikak fitxatzea mailarik gorenera iristea izan zen niretzat, Europa mailako txapelketetan aritzeko aukera izan nuen-eta orduan. 

ISBn diharduzu egun, aurrez jokatutako mailetan baino koska bat beherago.

Nire bizitza lanari emana dut egun. Hainbat urtez aritu naiz profesionaletan, bakar-bakarrik saskibaloira dedikatuz. Ordea, pandemia garaia inflexio puntua izan zen niretzat. Emakumeen saskibaloia, hasteko eta behin, emakumeena da eta bigarren mailakoa, eta goi mailako jokalaria ez bazara, ez duzu bizitza duin bat ziurtatzerik. Horregatik, ez nuen zalantzarik egin ikasketak amaitu eta lanean hasteko aukera sortu zitzaidanean. Gizarte langilea naiz egun, eta lana saskibaloiarekin uztartzearren, maila bat beherago aritzea erabaki nuen. 

Nola doa denboraldia aurten taldearentzat?

Guztia ondo ateratzen ari zaigun sentipena dut. Taldean kalitate handiko jokalariak ditugu, eta denboraldi erdian iritsi den Jessie [Edwards] oso ondo etorri zaigu. Aurreko urteetan txanponaren alde okerra atera zitzaigun irabazi beharreko zenbait partidatan. Aurten, bestelakoa da egoera. Taldearen dinamika ona da, eta, gainera, dohain handia ari da erakusten partidak aurrera ateratzeko. Liga txapelketa estua da gurea, play-off postuetan gaude, eta asko ari gara gozatzen. Ordea, asko pentsatu eta gero, nire azken urtea izango da ISBn, erabakita baitut erretiroa hartzea. Iaz mailaz igota, beste urte bat gehiago jokatzea erabaki nuen, batetik, gozatzen segitzearren, eta bestetik, ISB merezi zuen mailan uztearren. 

Erretiroa hartuko duzu, beraz?

Bai, nahikoa dela iruditzen zait. Ama naiz, eta zaila da lana, familia zein saskibaloia uztartzea. Galdakaon [Bizkaia] bizi naiz, eta bidaiekin-eta zaildu egiten da kontua. Egiten dudan guztiarekin konpromisoa dudala sentitzen dut, baina hobe dut zenbait gauzatan erdizka egotea baino gelditzea. Azken txanpa honetan gozatu egin nahi dut, eta posible den heinean, ahalik eta mailarik gorenean erretiratu. 

Hamar partida falta zaizkizue liga erregularra amaitzeko. Zer helburu dituzue?

Ahalik eta gutxien sufritzea izan da helburua orain arte, mailari eustea. Poliki-poliki hazi egin gara talde bezala, play-off postuetan kokatzeraino. Liga oso-oso estua da, edonork irabazi diezaioke edonori. Nolanahi ere, atzetik ditugunekiko tartea zabalduta dugu, eta puntu horretara iritsita, play-off-ak jokatu nahi ditugu. 

Eta zer-nolako urtea ari da izaten zurea?

Esperientziadun jokalaritzat dut nire burua; hor daude 400 partida horiek. Taldeari segurtasuna ematen saiatzen naiz jokoan erabakiak hartzea egokitzen denean. Nola ez, gustuko dut nik ere puntuak pilatzea eta asistentziak ematea, baina talde lanak funtziona dezan saiatzen naiz. 

Diozu zaila dela amatasuna saskibaloiarekin uztartzea.

Pertsona kritikoa naiz, eta partidaren bat galdutakoan zer gertatu den aztertzen dut. Gainera, sarritan, nire buruarekin haserre igaro ohi ditut partida osteko hurrengo pare bat egun. Ordea, ama izanda saiatzen naiz soilik garrantzitsuak diren gauzei garrantzia ematen. Orduan, halako haserre sentsazioak bigarren maila batean gelditzen dira; bestela esanda, ama izateak laguntzen dit ondoezak ahazten. Gogorra da uztarketa, nola ez, lanarekin-eta denbora asko murrizten baita. Melillara nahiz Caceres edo Castello bezalako hirietara joatea egokitzen zaigu asteburuetan, eta, horregatik, ez dut haurrari nahi beste denbora eskaintzerik. Horrek pena sortzen dit, baina, era berean, ilusio handia egiten dit haurra partida egunetan harmailetan egoten dela jakiteak. Umea heldua denean ni han eta hemen saskibaloian ibiltzen nintzela oroitzen bada, horrek balioko dit. 

Euskara ikasten hasteko pausoa ere eman duzu. Zerk bultzatu zaitu?

Duela zortzi urte hasi nintzen euskara ikasten, gustuko baitut hizkuntza. Orain, umearekin euskaraz hitz egitea da helburua. Gaur-gaurkoz, saiatzen naiz horretan, baina ez ditugu elkarrizketa serioak izaten, ez behintzat hark nire akatsak zuzentzeko modukoak. Gustatuko litzaidake berarekin arin eta garbi hitz egiteko modua izatea, eta horregatik, B2 mailako ikasketak egiten ari naiz. Sakrifizioa, denbora eta esfortzua eskatzen ditu horrek, une honetan ez ditudanak. Nire helburua da saskibaloia utzitakoan euskara ikasketei ordu gehiago eskaintzea. 

Saskibaloiari lotuta, gainera, bizitza Euskal Herrian eraikitzea erabaki duzu. 

Betidanik izan dut garbi hemen egon eta bizi nahi dudala. Liluratuta nauka lurralde honek, eta oso zoriontsua naiz hemen bizi naizelako. Egon nahi dudan lekuan nago, eta ezin dut gehiago eskatu. 

Amaitzeko, zein hitz erabiliko zenuke zure saskibaloi ibilbidea laburbiltzeko?

Nire bizitza da. Dudan guztia saskibaloiari lotuta dut: lagunik onenak, nire bikotekidea, familia... Saskibaloiagatik bizi naiz hemen. Kontziente naiz erretiratutakoan saskibaloiaren falta sumatuko dudala. Deskubritzeko dut zein izango den saskibaloitik kanpo nire zaletasuna, baina badakit modu batera edo bestera, hari lotuta jarraituko dudala. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide