Zaintzaileak babestea aldarrikatuko dute osteguneko Isilune Zirkuluan

Andoni Elduaien 2025ko ots. 17a, 12:34

Isilune Zirkuluaren elkarretaratze bateko irudia. (Isilune Zirkulua)

Hileko hirugarren astea izanik, Isilune Zirkulua egingo dute datorren ostegunean herriko plazan. Marea Urdina elkarteak antolatu du hil honetako deialdia, eta zaintzaile nagusiak eta ez-profesionalak babestea aldarrikatuko dute.

Isilune Zirkuluak elkarretaratzea egingo du ostegunean, otsailak 20, herriko plazan. 20:00etan hasita, zaintzaile nagusiak eta ez-profesionalak babesteko nahiz haiek aintzat hartzeko deia zabalduko dute lau haizetara. Hil honetako deialdia Marea Urdina elkarteak antolatu du, eta azaldu du "lehen planora" ekarri nahi dutela zaintzaile horiek betetzen duten "funtsezko eginkizuna".

Elkarteak nabarmendu du zaintzaren zeregin nagusia "bere gain" hartzen duela zaintzaile nagusi ez-profesionalak. "Zaintzaileak gehienetan uko egiten dio bere aisialdiari, zaletasunei, sozializazio-denborari, eta, kasu askotan, ibilbide profesional bat garatzeko aukerari. Etxean, isilpean eta merezi duen aitorpenik gabe egindako sakrifizio horrek ahalbidetzen du bere zaintzapean daudenen eta haien ingurukoen bizitza duina. Justiziazkoa da pertsona horien ahalegina ikustaraztea eta aitortzea, gehienetan bitarteko eta laguntza egokirik gabe zaintzen baititu mendekoak", azaldu du elkarteak.

Dena den, Marea Urdinak argi utzi nahi izan du zaintzaile horiek ez direla bakarrik "ama, alaba, amona, izena, koinata, lehengusu edo iloba", baizik eta, gainera, "fisioterapeuta, terapeuta okupazional, logopeda, dietista, erizain, laguntzaile, kudeatzaile, abokatu eta garraio bereziko taxilari" lanak ere egiten dituztela. "0 kostuan, eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan, atsedenalditik eta lan-bermerik gabe aritzen dira zaintzaileak". Era berean, zaintza lana "ikusezina eta eskubiderik gabea" dela adierazi du Marea Urdinak, baina familia eta gizarte egonkortasunerako "ezinbestekoa".

Horren aurrean, elkarteak zaintzaile horientzat hainbat neurri hartzeko eskatuko du ostegunean, hala nola Gizarte Segurantzako kotizazioa, prestazio ekonomiko duina, lanaren nekagarritasuna aintzat hartzea nahiz gaixotasun profesionalak aintzatestea, osasun fisikoa zein buru osasuna babestea, atsedena hartzeko eta bizitza laborala uztartzeko eskubidea bermatzea, bere jarduna hobetzeko prestakuntza espezializatua jasotzea, eta azkenik, zaintzailearen rola amaitzen denerako bidezko trantsizioa ziurtatzea.

Zaintzailearen lana behar bezala aitortzeko, "konpromiso kolektiboa, soziala eta politikoa" behar direla adierazi du Marea Urdinak. "Soilik horrela eraikiko dugu gizarte bidezkoagoa, inklusiboagoa eta gizatiarragoa, baita ongizatean eta garapenean laguntzen duten pertsona guztiak baloratzen eta errespetatzen dituena ere".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide