Azokan bigarren eskuko arropari beste aukera bat emanez

Nerea Uranga 2025ko ots. 15a, 18:16

Mixa Fortova gaur Azkoitiko azokan postuan. (Nerea Uranga)

Oihalak eta arropak berrerabiltzeko hainbat sorkuntza eta artisau lan egiten ditu lehenagotik Mixa Fortovak. Orain, hainbat herritarrek proposatutakoari erantzunez, Azkoitiko eta Zestoako asteroko azoketan bigarren eskuko arroparen postua jartzen hasi da.

Oihalak birziklatzeko edota arropak berrerabiltzeko hainbat egitasmorekin egin du aurrera Mixa Fortova (Tabor, Txekiako Errepublika, 1987) artisau eta jostunak. Besteak beste, oihalak birziklatuta artisau lanak egiten ditu, abarketak josten ditu edota bigarren eskuko arropei beste itxura berri bat ematen die. Orain, berriz, bigarren eskuko arroparekin eta berak sortutako nahiz jositako lanekin postua jartzen du Azkoitiko nahiz Zestoako asteroko azoketan. Zestoan ostiralero egin ohi dute azoka, eta urtarriletik jarri du han postua. Azkoitiko larunbateroko azokan, berriz, gaur bigarren aldiz jarri du; Plazaberrin, Koska tabernaren terraza ondoan.

Martxan jarri duen proiektu honek zer-nolako emaitza izango duen ikusteko dagoela dio Fortovak, baina herritarrek behin baino gehiagotan proposatu izan diotenari erantzun bat ematen diola esan du. "Azkoitian herritar bat baino gehiagok esan izan dit zergatik ez dudan bigarren eskuko arroparen denda bat zabaltzen. Azkoitiar asko arropa eramatera Azpeitian Elkar-ekinek Soreasun daukan dendara joaten da, baina horretarako aukera herrian izatea nahi dute. Elkar-ekin proiektua oso polita da, baina aldameneko herrian dago. Hori kontuan hartuta, erabakit dut Zestoako eta Azkoitiko azoketan jartzea bigarren eskuko arroparen postua", azaldu du Fortovak.

Herritarrek emandako bigarren eskuko arropak jasotzen ditu Fortovak, gero bere azokako postuan saltzen jartzeko. "Barruko arroparik, oinetakorik eta osagarririk ez dut jasotzen, ordea", zehaztu du. Arropa berari eramanda, Fortovak txarteltxo bat egiten dio emaileari, eta gero horrekin postuan arropa erdi prezioan erosteko aukera du edota Fortovaren artisau lanak erostean %10eko deskontua izango du.

Berrerabiltzeko moduan ez dauden arropak artisau lanak egiteko erabiltzen ditu Fortovak. "Trukea egiten nuen Elkar-ekin, niri jendeak materiala ekartzen dit, eta niri josteko ez didana balio, baina egoera onean dagoena, Elkar-ekinen bigarren eskuko dendara eramaten nuen. Trukean, berriz, haiek saltzen ez zuten materiala edota arropa hartzen nuen neuk josteko".

Trukea errazteko

Arropa eta material trukea Elkar-ekinekoekin ez ezik, auzo eta familia mailan beti egin izan du Fortovak, baina hori "sistematizatzeko" gogoa zuen. "Energia eta denbora asko jaten du bateren bat aurkitzeak zuk daukazun arropa hori neurriz ondo edukiko duena edota estiloz gustuko duena. Azokan, bigarren eskuko arroparen postua jarrita, nahi duten herritar guztientzako leku jakin bat eskaintzen dut. Era horretan, arropa eman nahi duenak badaki nora eta noiz etorri. Gainera, jasotako arropa erosgai eta ikusgai jartzeko modua errazten du postuak", adierazi du.

Bigarren eskuko arroparen postuan Mixa Fortova eta bi herritar gaur Azkoitian. (Nerea Uranga)

Bada herritar asko arropa Interneteko aplikazioen bidez saldu ohi duena. Fortovaren ustez, baina, bigarren eskuko arropa era horretan saltzeak jende asko "nekatu" egiten du. "Aplikazio bidez arropa saltzeak denbora asko kentzen du: aplikazioan kontua ireki behar da, saldu nahi duzun arropa horri argazkia atera behar diozu, sarean eskegi behar duzu, hori nahi duenen bat azaltzen denean kasu egin diozu, paketea egin, saldutakoan, bidali... Denbora guzti horrek ere kostu bat du, azkenean irabazten den diru apurra zertan gelditzen da".

Bigarren eskuko denda bat zabaltzeko denborarik eta baliabiderik ez baditu ere Fortovak, "baldintza egokiak" ditu Azkoitiko eta Zestoako azoketan postua jartzeko. Horiek baliatuta hasi da azoketan bigarren eskuko postua jartzen. "Segurua badut, baita mahaia eta karpa ere. Beraz, proiektua martxan jarri dut". Azkoitiko azokan postua jarri duen bigarren aldian, behintzat, joan zaizkio herritarrak duen arropa ikustera, baita arropa eramatera ere.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide