Proiektu berria jarri duzu martxan: Txatxaran podcasta. Nola aurkeztuko zenuke?
Bi lagunek edo ezagunek kafe baten bueltan solas egingo duten tonu informaleko podcasta izango da Txatxaran. Gaiak ez ditut erabat definituta, gai konkretu batek itxi egiten baitu dena. Gonbidatuetan oinarritutako podcasta nahi dut izatea, horien istorioek eta gaiek lekua edukiko dutena.
Zerk eraman zaitu halako bide bati ekitera?
Aspalditik egin nahi izan dut podcast saio bat. Korapiloak podcastaren etapa amaitu nuenean, banuen buru osasunaren gaia alde batera uzteko gogoa. Nolanahi ere, elkarrizketek sortzen duten tiki-taka asko gustatzen zait, eta banuen asmoa egunen batean nire kabuz zeozer egiteko. Udan kontua berrartzea erabaki nuen.
Atsegin dut elkarrizketa formatua, autoan, etxeko lanak egiterakoan edota gimnasioan konpainia izan daitekeela iruditzen zait eta. Elkarrizketak egin nahi nituen, eta horretarako euskarri onena podcastena zela erabaki nuen. Inolako mendekotasunik gabe garatu nahi nuen proiektua, nire kabuz, niretzat eta nik nahi nuenerako. Gainera, aurretik gauza batzuk kontrolatzen nituen, eta ezagutza gehiago behar nituen kontuak RTVEren ikastaro batean ikasi nituen. Ikastaroa oso nota onarekin gainditu nuen, eta podcasta abian jartzeko momentu egokia zela pentsatu nuen.
Korapiloak podcastean esperientzia pilatuko zenuen.
Oso urte betea izan zen, gauza onekin eta ez horren onekin. Nire burua elkarrizketatzaile moduan probatzeko aukera izan nuen, baita lan hori ondo egin dezakedala sinesteko ere. Sekulako eskola izan zen niretzat. Ordea, izan du bestaldetik ere. Erabiltzen genuen kontzeptua korapiloak askatzearena zen, baina korapiloak askatzen gindoazen eran, nirea gehiago estutzen hasi zen. Testigantza askok nire mina berpiztea eragin zuten, eta faktura emozional handia eraginda, utzi egin behar izan nuen.
Zeure bizipenak kontatzetik besteenak ezagutzera igaroko zara, beraz.
Giro lasai batean egingo ditut elkarrizketak, eta umoretik joko dut; behintzat, saiatuko naiz dramatizazioan gehiegi ez erortzen, nahiz eta batzuetan serio ere jarri behar den zenbait gairen aurrean. Ez dut nahi podcast sentsazionalista bat izatea. Kafe baten bueltan elkarrekin hitz egingo duten bi pertsona aurrez aurre jartzea da nahi dudana, eta horiek beren esperientziak elkarbanatzea.
Txatxaran izena jarri diozu. Zer arrazoi dago horren atzean?
Hitzak oso ondo definitzen du saioak izan nahi duena. Umetatik entzun izan dut txatxaran hitza. Asko gustatzen zait, gogoan baitut amonari entzun izana, ordu luzez inor hizketan ikusten zuenean. "Orain ere ari zarete txatxaran", zioen. Izen hori hautatu izanak, batetik, badu omenaldi puntutik, eta bestetik, erakutsi nahi dut zeinen txatxara gutxi egiten dugun egunerokoan. Kontzeptua berreskuratzea polita zela pentsatu nuen, eta bide batez, zuzena iruditu zitzaidan gertukoekin egoteko tarte bat hartzeak gugan zer eragin positibo duen aldarrikatzea.
Zer gai nahi dituzu jorratu? Eta zer arlotako pertsonak dituzu zerrendan?
Ainhoa Etxebarriarekin egin dut lehen saioa, eta sinbolikoki, oso garrantzitsua izan da harekin hastea; izan ere, Korapiloak-eko etapa harekin amaitu nuen, heriotzari buruz hizketan. Orain, modu batera esanda, podcastaren jaiotzan gaudenez, bera ekartzea nahi nuen.
Elkarrizketatu bakoitzak gai bat izango du oinarrian, baina elkarrizketaren korronteari ere segituko diot. Sei urte daramatzat telebistan lanean, eta aitortu behar dut telebistan ezagutu dudan jendea dela nire konfort eremua, hala nola aktoreak, aurkezleak eta kolaboratzaileak. Halere, inolako mugarik gabe aritu nahi nuke. Ez dut nahi istorioetara ixtea, iruditzen baitzait pertsona orok duela kontatzeko moduko istorioren bat. Gizarteko edozein gaik lekua edukiko duen podcasta izatea nahi dut Txatxaran.
Podcastari azala, marrazkia eta sintonia bat ere sortu dizkiozu.
Oso erraz esaten da autoekoizpeneko produktu bat dela, baina halakoetan jende gehiagoren laguntza ere behar izaten da. Podcasta sareratzeko behar da irudi bat, eta Instagramen kontua duen @erregetxo ilustratzaileari proposatu nion karikatura bat egitea. Segituan egin zidan irudia, eta oso gustuko dut; ez dakit zergatik, baina nire burua askoz hobeto ikusten dut marraztuta. Sintonia, berriz, Iker Laurobak egin du. Artista bat da, sormen gaitasun ikaragarria du. Nire Errege Eguneko oparia izan zen, orduan bidali zidan eta. Podcastari eman nahi diodan tonua oso ondo erakusten dute bai azalak eta bai sintoniak.
Nola egiten dituzu saioak?
Gonbidatuekin harremanetan jartzen ari naiz pixkanaka, egutegi bat dut eta eginda; ehun bat gonbidatuko zerrenda izango dut osatuta. Haiekin egun bat lotzen saiatzen naiz grabatzeko, eta aurretik gaiak nahiz galderak pentsatzen ditut, gero gonbidatuei proposatu ahal izateko. Grabazioa egindakoan, berriz, edizioko zatiari ekiten diot; audioa txukuntzen, soinua ahalik eta garbien jartzen, musikak zein trantsizioak sartzen... aritzen naiz. Guztia prest dudanean, berriz, elkarrizketa publikatzen dut.
Gaur egun, puri-purian daude podcastak. Zergatik dute halako arrakasta?
Batetik, oso merkeak dira egiteko; ekonomikoki niri ere ez dit eragin inolako gastu berezirik proiektu honek. Era berean, ederra da podcastak duen irisgarritasuna, eduki bat non eta noiz entzun erabakitzeko aukera izatea; beste puntu bat ematen dio horrek. Aspalditik dator podcasten loraldia, eta guztiz logikoa iruditzen zait bi arrazoi horiengatik.
Diozu ahotsak, inolako irudirik gabe, nolabaiteko terapia direla. Irrati-terapia deitu diozu horri. Zuk podcastak egitea erabaki duzu, eta ez bideo-podcastak.
Irrati-terapia-ren kontzeptua Iñaki Segurola zenari entzun nion aurrenekoz. Irratiak badu gauza bat oso magikoa, unean bertan kokatzen zaituena, orain eta hemen. Hain justu, hori da edozein terapiaren funts handienetakoa. Beharrezkoa, polita eta terapeutikoa da, horren deskonektatuta gauden garai hauetan, bi pertsona aurrez aurre jartzea eta orain nahiz hemen kokatzea.
Txatxaran bideo-podcasta ere izan zitekeen, baina hiru arrazoigatik ez dut hautatu hala egitea: bat, irudiarekin asko galtzen dudalako; bi, baliabide aldetik maneiatzeko zailagoa litzatekeelako; eta hiru, irratiko langile batek irudirik gabe egitea gomendatu zidalako, baldin eta irudiak nire podcastari ezer gehigarririk ez bazion eskainiko.
Nor nahiko zenuke egotea podcastaren bestaldean?
Ni bezain kuriosoa den jendea, konpainia atsegin baten bila dabilena, eta, oro har, hainbeste zarataren artean soinua entzun nahi duena. Saiatuko naiz ni soinu horrekin atsegina izaten, eta beste leku batetik bada ere, zarata gutxitzen.