Hakobak Intsausti jauregian egin du bilera

Andoni Elduaien 2025ko ots. 13a, 09:33

Erakundeetako ordezkariak atzo, Intsausti jauregian. (Irekia)

Kultur arloko proiektuak eta politikak koordinatzea zein partekatzea izan zen bilera egiteko arrazoia. Jaurlaritzako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundietako, hiru herrialde horietako hiriburuetako udaletako eta Eudeleko ordezkariak izan ziren atzo Intsaustin, baita Azkoitiko Udaleko ordezkariak ere.

Hakoba Herri Aginteen Koordinaziorako Batzarrak Azkoitiko Intsausti jauregian egin zuen bilera atzo, asteazkena. Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura zein Hizkuntza Politikako sailburua buru, Jaurlaritzako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundietako eta Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udaletako zein Eudeleko kultur arloko ordezkariak elkartu ziren jauregian. Ana Azkoitia herriko alkateak ere batzarrean parte hartu zuen, hark egin zien-eta harrera parte hartzaile guztiei.

Hakoba administrazio publikoak koordinatzeko foroa da, eta halako bilkuretan koordinatzen eta partekatzen dituzte kultur arloko proiektuak eta politikak. Nolanahi ere, atzo Intsaustin egindako bilera ohiz kanpokoa izan zen; atzo, jauregia bisitatu zuten ordezkariek, eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen egoitza ikusteko eta Antonio Oteiza nahiz Jose Manuel Alberdi Elorza Burruntzali artistek Azkoitiko herriari emandako artelanez gozatzeko aukera izan zuten guztiek.

Eusko Jaurlaritzak kultur arlorako dituen jarduera ildo nagusiak azaldu zituen Bengoetxeak batzarrean. Haren esanetan, Jaurlaritzak Kulturaren Legea sustatuko du, "aniztasuna zentzu zabalean aintzat hartuko duen sistema sendo baterako sarbidea" izan dezaten herritarrek. Bileran adierazi zuen, halaber, herrialdeko erakunde publiko guztiak "beharrezkoak" direla legea "eraginkorra" izan dadin.

Hori hala, ekarpenak jasotzeko konpromisoa hartu zuen Bengoetxeak, "eztabaida aberasteko eta proiektua hobetzeko" asmoz. "Legea zerbitzu publikoak indartzeko tresna izango da. Kultura demokraziari nahiz komunitate sentimenduari eusteko funtsezko elementua den heinean, herrialde gisa hazteko proiektua ere izango da", azaldu zuen. Lehendakariordeak, bestalde, artisten eta sortzaileen kolektiboari "errekonozimendua eta laguntza emateko konpromisoa" hartu zuen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide