Errekauek zerbitzua eta Nire Azkoitia plataforma ezagutzeko saio praktikoak antolatu ditu udalak

Andoni Elduaien 2025ko ots. 11a, 10:23

Pertsona bat mugikorra eskuetan duela. (Pixabay)

Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako profesionalei zuzendutako formakuntza saioak antolatu ditu udalak. Saio horien helburua da laster martxan jarriko dituzte Errekauek zerbitzua eta Nire Azkoitia plataforma digitala nola erabiltzen diren ezagutaraztea. Saioetan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez.

Herrixen merkatari elkartearen, Iraurgi Berritzen garapen agentziaren, Urkome landa garapen agentziaren eta Dendartean Gipuzkoako merkataritza elkartearen laguntzarekin, Azkoitiko Udalak Errekauek zerbitzua eta Nire Azkoitia plataforma digitala ezagutzeko saio praktikoak antolatu ditu. Formakuntza saio horiek merkatariei, ostalariei, zerbitzu enpresei eta azokako ekoizleei zuzendutakoak izango dira, eta Elkargunean egingo dituzte.

Guztira, bost saio egingo dituzte, horietatik lau datorren astean: astelehenean (15:00), asteartean (18:00), asteazkenean (16:00), ostegunean (13:30) eta hilaren 27an (15:00) egingo dituzte saioak. Hitzordu horietan azalduko dituzte bi zerbitzuen gaineko xehetasun guztiak, eta parte hartzaileek horiek nola erabiltzen diren ikasteko aukera izango dute bertatik bertara.

Saioetan parte hartzeko, baina, merkatariek, ostalariek, zerbitzu enpresek eta azokako ekoizleek izena eman beharko dute aurrez, honako formulario hau beteta. Hain justu, establezimenduaren izena, kontakturako telefonoa nahiz helbide elektronikoa eta bost saio horietako zeinetan parte hartuko duten zehaztu beharko dute parte hartzaileek.

Merkataritza gaurkotuz

Udalak "urratsak ematen" jarraitu nahi du "bertako merkataritzaren modernizazioan", eta horren harira, "laster" jarriko dituzte martxan bi tresnak. Batetik, Errekauek zerbitzua jarriko dute martxan, bezeroek erosketak herriko saltokietan WhatsApp bidez egin ahal izatea ahalbidetuko duen zerbitzua. Gero, gainera, erosketa horiek etxean edota horretarako egokituko dituzten kontsignetan jasotzeko aukera eskainiko dute. Bestetik, Nire Azkoitia plataforma digitala jarriko dute abian, "sare sozial itxurako plataforma", eta bertan "herritarrentzat interesgarria den informazio guztia" bilduko dute. Halaber, bezeroek establezimenduekin "zuzeneko harremana" izatea ere ahalbidetuko du.

Herriko establezimenduen "lehiakortasuna hobetzeko" diseinatu ditu udalak bi zerbitzuak, eta udalak sustatu ditu. "Helburua da merkatarien eta bezeroen arteko harremana erraztea, horiek kontsumo joera berrietara egokituz", azaldu du erakundeak.

Udalaren arabera, "beste urrats bat" izango da eraldaketa digitalera bidean. "Bi tresnak martxan jarrita, Azkoitiak aurrera egin nahi du merkataritza txikia digitalizatzeko prozesuan, sektorea kontsumitzaileen beharretara egokituz. Izan ere, ekimen horien helburua ez da soilik herriko merkataritza lehiakortasuna hobetzea, baizik eta negozioen nahiz herritarren arteko lotura indartzea, tokiko kontsumoa sustatuz".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide