Sexu erasoetatik babesteko protokoloa eratu du ISBk

Ane Olaizola 2025ko ots. 7a, 09:22

Domusa Teknik ISB taldea, artxiboko irudi batean. (Mikel Amenabar)

Sexu jazarpenak edo erasoak antzemanez gero, kluba osatzen duen kolektibo bakoitzak jarraitu behar dituen pausoak zehaztu ditu lehenengoz saskibaloi klubak.

Iraurgi saskibaloi klubak haur eta nerabeak zaintzeko, sexu jazarpena eragozteko eta sexu erasoetatik babesteko protokoloa indarrean du urtearen hasieratik. Azkoiti-Azpeitiko taldeak azaldu duenez, klubeko kide guztiek kirola modu osasuntsu eta seguruan praktikatzeko kontzientzia izan behar dute, eta horregatik, protokoloa landu dute azken hilabeteetan.

Maitane Gurrutxaga zuzendaritzako kideak jakinarazi duenez, klubak, "zorionez", orain arte ez du gisa horretako protokolo baten "beharrik" izan, baina jakitun da kasuak gerta daitezkeela, eta egoerari aurre hartu nahi izan diote. Hain zuzen, iaz emakume batek salatu zuen Gernika Lointek saskibaloi taldeko entrenatzaile Mario Lopezek bortxatu zuela hura adin txikikoa zenean, eta gertaera hori izan zen Azkoitiko eta Azpeitiko saskibaloi kluba protokoloa egiten hastera bultzatu zuena: "Gure klubean hainbeste kide izanda eta hainbeste adin txikiko pertsonarekin harremanetan egonda, badaezpada ere protokolo bat izan behar genuela erabaki genuen".

Zuzendaritzaren helburua da kluba osatzen duten kolektibo guztiak kontzientziatzea, hala nola zuzendaritzako kideak, jokalariak, entrenatzaileak eta gurasoak. Era berean, jazarpen egoerak hautemanez gero, haiek eman beharreko pausoak eta jarraitu beharreko bideak zehaztu dituzte.

Pauso zehatzak

Gipuzkoako eta Espainiako saskibaloi federazioen protokoloekin osatu du ISBk berea, eta Azpeitiko Emakumeen Txokoak kontrastatu du. Era berean, klubean erabakiak hartzen dituzten kideei ere zuzenean eragiten die bide orriak. Hain zuzen, Gernikako (Bizkaia) saskibaloi taldekoa bezala, Iraurgiko zuzendaritza ere boluntarioz osatuta dago, eta sexu jazarpen edo eraso baten aurrean haiek izan dezaketen ardura aintzat hartuta, boluntarioentzako ere beharrezko bide orria izango da protokoloa. "Boluntario dabilen kideak bere baitan ardurak hartzea saihestuko du protokoloak; horren ordez, klubak aurrez zehaztutako pausoak jarraitu beharko ditu hark", esan du klubaren koordinatzaile Ibon Guridik.

ISBko kolektibo bakoitzak hari dagokion protokoloaren laburpena jaso du, kexak zein salaketak aurkezteko zer pauso eman behar dituen jakin dezan. Dena den, norbaitek protokolo osoa eskuratu nahi badu, klub@isb.eus helbide elektronikora idatzi, 688 65 71 19 telefono zenbakira deitu edo klubak Azpeitiko kiroldegian duen bulegora jo dezake.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide