Ingurumen Mahaiak antolatuta, Leber enpresako kide eta mugikortasun jasangarria sustatzeko planak garatzen aditua den Iosu Ramirezek Inertziak, moda antzuak eta politika eraldatzaileak hitzaldia eman zuen atzo arratsaldean Elkarguneko Oteiza aretoan. Hain zuzen ere, Azkoitiko Udala Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana garatzen ari da Leber enpresaren laguntzarekin –uneotan diagnosi fasean da plan hori, eta aurki hasiko dira ekintza plana ontzen–, eta horregatik gonbidatu zuten Ramirez Azkoitira. Aretoan terraplanistarik bazen galdetuz hasi zuen hitzaldia, entzuleen harridurarako, baina berehala azaldu zuen galdera hori egitearen zergatia: "Jarri dituzuen aurpegiengatik, ondoriozta nekaze ezetz, baina mugikortasun jasangarriaren gaian, hala bagina bezala jokatzen dugu, mundua laua balitz bezala jokatzen dugu, eta daramagun martxari eusteko, gutxienez, bi mundu eta erdi beharko genituzke". Gaur egungo bizitzeko modua jasangarria ez dela esan zuen, eta gaur egungo mugitzeko modua ere halaxe dela esan zuen.
Mugikortasuna politika dela defendatu zuen Ramirezek, modu kolektiboan landu beharrekoa gainera, norberaren interesen gainetik interes kolektiboak jarrita, eta erantzukizun guztia herritarrengan jartzea akatsa dela ziurtatu zuen, arduraren parte bat herritarrek baduten arren, aurrez hartutako hainbat erabakik herritarren ondorengo jokabideak erabat baldintzatzen dituztelako. "Arduraren parterik handiena administrazioak du, eta hark erabakitako hirigintza politikek erabat baldintzatzen dituzte ondoren herritarrek mugitzeko garaian hartzen dituzten erabakiak".
Hori azaltzeko, hortzetako orearen tuboaren adibidea erabili zuen adituak. "Behin zapaldu eta pasta kanpora ateratzen denean, ez dago atzera berriz tuboaren barrura sartzerik, eta nolabait azaltzearren, horrelako zerbait egiteko eskatzen digute hiri mugikortasun planak lantzerakoan". Honela jarraitu zuen: "Gaur egun enpresak herriguneetatik eta hiriguneetatik kanpora ateratzekoa da joera, baina horietara joateko erraztasunik ez dute jartzen gero. Hortaz, jendeak autoa hartzen du lanera joateko, autoa hartzen du gune horietara joateko, eta kasu horietan jendeari ezin diozu esan autorik ez erabiltzeko, lanera joan beharra daukalako». Kutsadura eta zarata handia eragiten duten industria enpresak herriguneetatik ateratzea ontzat jo zuen Ramizek, «baina zer zentzu dauka bulego eraikin bat herrigunetik urruntzeak?", galdetu zuen.
Zenbait mito ere gezurtatu zituen. "Auto hibridoak eta elektrikoak erostera bultzatu nahi gaituzte gutxiago kutsatzen dutela argudiatuta. Egia da hibridoek eta elektrikoek gasolina eta gasolioa erretzen duten autoek baino karbono dioxido gutxiago isurtzen dutela airera, ados, baina era horretako ibilgailuek elektrizitatea behar dute ibiltzeko, eta hori sortzerakoan karbono dioxido ugari isurtzen da airera". Azaldu zuen karbono dioxido partikulek berotegi efektua eragiten dutela, baina ez direla zuzenki kaltegarriak gizakien osasunarentzat. "Mikropartikulak bai, horiek berehalako kaltea eragiten dute osasunean. Eta nola sortzen dira mikropartikula horiek? Neumatikoen, balazten eta asfaltoaren marruskaduratik edo gastatzetik; beraz, berdin-berdin dio gasolina edo gasolioa erre edo elektrizitatearekin ibili".
Garraio publikoaren erabilera sustatzeko neurriak hartzea eta zerbitzuak hobetzea beharrezkotzat jo zituen Leber enpresako kideak. "Hori dena egin beharrekoa da, baina autoaren erabilera murrizteko neurriak hartzen ez baditugu, autoaren erabilera nolabait zigortzen ez badugu, alfer-alferrik ari gara". Izan ere, hark emandako datuen arabera, azken 30 urteotan garraio publikoaren erabilera asko handitu den arren, autoaren erabilera are gehiago handitu da. «Horrek erakusten du zerbait gaizki egiten ari garela». Horrenbestez, hiri mugikortasun planak lantzeko garaian espazio publikoa herritarrek berreskuratzeko neurriak eta ibilgailu pribatuen erabilera zigortzekoak ezinbesteko jo zituen.