HAPOa idazteko prozesua abian dute Azkoitian

Ane Olaizola 2025ko ots. 5a, 09:22

Azkoitiaren ikuspegi orokorra. (Filmsuri)

Udalerriak etorkizunean izango duen hiri antolamendua zehaztuko du udalak datozen urteetan. Konplexua izango da, planak gehiengo osoa behar duelako.

Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) idazteko prozesua abian du Azkoitiko Udalak joan den abenduaren amaieratik, iazko urtea amaitzerako eman baitzion udalbatzak udalerri osoaren antolamendu integralerako oinarrizko tresna nagusia izango den plana sortzeko bideari hasiera. Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruaren eta Hirigintzaren Legearen arabera, udalerri guztiek eduki behar dute Hiri Antolamenduko Plan Orokor bat indarrean, eta horregatik hasi du udalak datozen urteetan luzatuko den lanketa. HAPOaren bidez, Azkoitiko lurzoruen eta eraikinen erabilerak arautuko dituzte, eta han zehaztuko dute lursail bakoitzean zer eraiki edota zer jarduera egin daitekeen, honako hiru kalifikazio hauen bidez: lurzoru urbanoa, urbaniza daitekeena eta eremu ez urbanoa; hau da, landa eremuari dagokiona.

Gaur-gaurkoz, Azkoitiak 2007. urtean onartutako arau subsidiarioak ditu indarrean, zeinak arau horiek barnebiltzen duten udalerriaren lurzoruaren antolamendua. Lurzoruaren eta Hirigintzaren Legea bete ahal izateko, HAPOak ordezkatuko ditu arau subsidiarioak, eta bide horretan, erakundeak bi aukera dituela azaldu du Ana Azkoitia alkateak: HAPOa "tramitetzat" hartuta, arau subisidiarioetan jasotakoa bere horretan plan orokorrean txertatzea ala hasitako prozesua udalerriaren hirigintzari dagozkion erabakiak hartzeko aprobetxatu eta "plan berria" osatzea. Udalbatza osatzen duten alderdi guztien interesen araberakoa izango da hori.

Konplexua izango da HAPOa sortzeko prozesua, dokumentuak argi berdea izan dezan beharrezkoa baitu Azkoitiko Udalaren gehiengo osoaren oniritzia. Hain zuzen ere, EAJren udal gobernua gutxiengoan izanik eta udaleko gaur egungo indar banaketa kontuan izanda, funtsezkoa izango da alderdiak ados jartzea HAPOa aurrera eraman ahal izateko, eta horretan egin du azpimarra alkateak: "Udalerriari dagozkion aldaketak egin nahi baditugu, guztion adostasuna beharrezkoa izango da. Horretarako, denok utzi beharko dugu zerbait bidean, bestela plan orokorrik gabe jarraituko dugu". Hain zuzen, HAPOa onartzen ez den bitartean arau subsidiarioak egongo dira indarrean, baina udalak ezin izango die horiei aldaketarik egin. Azkoitiaren arabera, "oso luzea" izango da prozesua, eta alderdi guztiek "arduraz" hartu beharrekoa.

Landa lurra eta LPSa

Enpresa bat kontratatu du udalak HAPOa egiteko, eta hura herriaren diagnosia osatzen ari da dagoeneko. Diagnosiaren gainean hasiko dira alderdiak proposamenak egiten, ondoren lanaren hasierako dokumentua onartu ahal izateko. Oraindik prozesua "hastapenean" dagoela kontuan hartuta, Azkoitia zuhur azaldu da HAPOak hartu beharko lukeen norabideaz. Haren arabera, "asko" dago hitz egiteko, aldaketa bakoitzak ondorio zehatzak eragin ditzakeelako, baina aurreratu du, besteak beste, lur ez urbanizagarrien inguruan hainbat erabaki hartu beharko dituztela. Izan ere, 2021ean EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordeak atzera bota zituen Azkoitiko Udalak aurreko urtean onartutako arau subsidiarioetako aldaketak. Larke 360 eraikuntza enpresak Azkaraten egin nahi zuen eraikuntza eta eraispen hondakinak sailkatzeko instalazioaren lur eremua ez urbanizagarri izendatu zuen erakundeak orduan, baina Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak erabilera matrizera mugatzea eskatzen duenez, atzera bota zuen aldaketa. Orain, beraz, udalak ezinbestekoa izango du eremu ez urbanizagarriari dagokion atala Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza Sektorialera (LPS) egokitzea.

Horrez gain, udalerrian dagoen industria lur osoa hartuta dagoela azaldu du alkateak, eta "komenigarria" deritzo hark lur hori nonbaiten kokatzea: "Ez badugu industria lurrik jartzen, jakitun izan behar dugu herrira enpresarik ez dela etorriko, ez dagoelako lurrik libre".

Etorkizunean begirada

Udalbatzak aho batez onartu zuen HAPOari hasierako onespena ematea eta prozesu horretan herritarrek parte hartzeko programa ezartzea. Dena den, Azkoitiko EH Bildu kritiko agertu da egungo agertokiaz, haren arabera, 2007an onartu zena "zaharkituta" dagoen herri eredua baita, "etorkizuneko herriaren beharrei" erantzuten ez diena. Ekipamenduei dagokienez, herriaren bilakaera etxebizitzen eraikuntzara bideratuta egon dela azaldu du koalizioak,"inongo garapen plangintzarik gabe» eta «interes konkretu" batzuen mesedetara. "Arau subsidiarioetan 14.786 biztanletara iristeko aurreikuspena egin zen, 1.859 etxebizitza gehiago eraikitzea zen asmoa; %60 libreak eta %40 babes ofizialekoak. Errealitatea bestelakoa da: 22 urte hauetan, 744 etxebizitza inguru eraiki dira, eta 11.936 biztanlera iritsi gara".

Bi hamarkadetan herriak "eraldaketa ekonomiko eta sozial" handia izan duela azpimarratu du koalizioak, eta ezinbestekotzat jo du plana "gaur egungo errealitatera" egokitzea. EH Bilduk urgentziazkotzat jo du lanketa, eta "aukera paregabea" deritzo "herri eredu berria" sortzeko.

Antzeko ikuspegia azaldu du Azkoitia Bai plataformak ere, haren arabera duela bi hamarkadetako gizarteak eta egungoak ez dutelako "zerikusirik": "Asko kaltetu dugu ingurumena, etorri berrien kopurua igotzen doa, baita 65 urtetik gorakoena ere. Gazteek etxebizitzarekin duten arazoa ere areagotzen ari da".

Horiek dira plataformak hirigintzaren alorrean dituen lehentasun batzuk, eta industrian "eraldaketa sakona" egitea ere proposatu du: "Duela hogei urteko industria, egungoa eta hurrengo urteetakoa ez da berbera izango, eta erabakiek etorkizuneko industriara bideratuta egon behar dute, industriaren eta ingurumenaren arteko oreka bermatuz".

Azkoitiko PSE-EEk ere udalerriaren etorkizunean erreparatu nahi du HAPOa idazteko. "Egungo errealitatearekin bat datorren tresna baten beharra defendatu behar da, etorkizuneko hirigintza antolatzeko, etxebizitza publikoa sustatzeko eta etxebizitzaren prezioen egungo igoera geldiarazteko". Hain zuzen, alderdiaren helburuen artean daude berdeguneak babestea, babes ofizialeko etxebizitzak egitea eta gazteei etxebizitza "eskuragarriak" ahalbidetzea, "egoera ahulenean dauden eremuak" indartzea, lurzoruak deskutsatzea, uholde arrisku handiko eremuetan eraikitzea saihestea eta energia berriztagarrien eta hondakinen kudeaketaren aldeko apustua egitea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide