Scalextriceko pisten eta autoen artisaua

Andoni Elduaien 2025ko ots. 5a, 13:00

Scalextricerako pistak eta autoak egiten ditu Xabier Arrietak teknologia eta eskulana uztartuta. Pare bat pista ditu eginda azkoitiarrak, baita marka ezberdinetako 30-40 auto ere. Halako gauzak egitea "gustuko" du hark.

Scalextricerako zaletasuna puri-purian egon zen 60ko eta 70eko hamarkadetan. Autoak mahai gainean jarri eta guztietan azkarrena nor zen ebazten zuen jolasak zirrara berezia sortu zuen kaleratu eta aurreneko urteetan, baina egun apalduta dago orduko olatu aparra. Xabier Arrietak (Azkoitia, 1964) oraindik bizirik eusten dio joerari. Gainera, harago jo du azken urteetan. Arrietak Scalextriceko pista erraldoi bat du sortuta, baita han ibiltzeko dozenaka auto ere.

"Betidanik, umetatik" izan ditu gordeta Arrietak Scalextriceko zenbait pieza etxean. Gerora, ordea, haurtzaroko oroitzapen haiek gogora ekartzea erabaki zuen, material hura guztia aterata. Pieza horiekin zerbait egiteko gogoa piztu zen bere baitan, eta eginkizun horri ekin zion pandemia iritsi baino "hiru bat negu" lehenago. Emaitza, Scalextricerako pista erraldoi bat. Garajean du hura muntatuta, hormara batzeko soken bidezko sistema eta guzti, hark dioenez, "bestela autoa-eta ez zaizkio sartzen". Bereziki, neguan aritzen zen lan horiek egiten Arrieta; "udaberrian eta udan, berriz, hurbildu ere ez". Ez da azkoitiarrak sortutako aurreneko pista, aurrez ere egindakoa baita besteren bat. Azkeneko lana, baina, pandemia garaian amaitu zuen. "Lanera joateko baimena eman zidaten, baina tranpa txikiak egin, eta garajera etortzen nintzen pista egitera", azaldu du Arrietak. 

Harentzat ez zen eginkizun erraza izan pista egitea. "Denbora hartu behar da", dio. "Youtubeko bideo tutorial ugari ikusi behar izan nituen lanketari ekiteko. Esaterako, bideo horiei erreparatuta ikasi nuen pistaren bueltako belarra edota harriak sortzen". Pistaren xehetasun guztiak ditu zainduta; besteak beste, aparkalekuak, gasolindegia, zubiak, tunelak eta jendearentzako txosna ditu eginda. 

"Youtubeko bideo tutorial ugari ikusi behar izan nituen lanketari ekiteko"

Gainera, "berezia" da azkoitiarrak egindako pista. Oro har, ohikoena bi edo lau erreiko Scalextriceko pista bat sortzea bada ere, bereak hiru ditu. Eta erdi nahigabean-edo atera zaio ondorengo mezua, inori erronka jokatzeko gogoa piztu bazaio ere: "Erdi-erdikoa dut nik gustukoena". Pista osoa polietilenozko aparrarekin egin zuen Arrietak. "Material horrekin egin izana ere bada pista honen berezitasunetako bat. Materiala gogortu egin behar izan nuen, pistari sendotasuna emateko. Normalean, egurrezkoak izaten dira, horiek dira-eta azkarrenak eta zuzenenak", nabarmendu du.

Bere erara, aitzindari

Arrietaren istorioak baditu lotura eta puntu kuriosoak; izan ere, azken pista ontzeari ekin aurretik autoak egiten hasi zen hura. 2008. urtera egin du atzera Arrietak. "Epsilon auto bat egiten hasi nintzen nire kabuz. Amaitu nuenean, auto hura Epsilon Euskadi taldekoek ikusi zuten. Haiekin harremana sortu nuenez, lan hau serio hartzen hasi nintzen. 3D inprimagailu bat zer zen ere orduan ezagutu nuen, Epsilonen egoitzan bai baitzuten halako bat. Hala hasi nintzen autoak egiten. Gainera, lortu genuen Interneten jendea tentatzea, aurrenekoetakoak izan ginen-eta inprimagailua erabiliz Scalextricerako autoen karrozeria egiten".

Epsilonekin izan zuen harremanak aitzindari egin zuen Arrieta, aitortzen baitu "egundoko harrera ona" izan zuela bere lanak; pentsa, Madrilen ere izan zuen oihartzuna. "Behin, Madrildik Avant Slot markarekin lan egiten zuen jendea etorri zen Epsilonen Azkoitiko egoitza bisitatzera, eta egonaldi hartan nire lanarekin interesatu ziren. Hala sortu zitzaidan Epsilonen auto gehiago egiteko aukera". Hark dioenez, Epsilonek bere egoitza Azkoitian izatea "sekulako pagotxa" izan zen bera bezalako motorzaleentzat.

Lanbidez hortzetako mekanikaria da Arrieta, eta horrek laguntzen dio autoak egiteko prozesuan, pieza txikiak lotu behar izaten ditu-eta elkarrekin. Orain, 3D inprimagailuarekin lan egiten du hark erabat, eta guztira, 30-40 auto izango ditu eginda, hala nola Epsilonak, Porscheak, Hot Rodak, Jaguarrak, Seat 600ak eta Citroen Dyaneak. Jakitun da, baina, autoak inprimagailuarekin onduta astunagoak direla. "Autoak barrutik arintzen saiatzen naiz. Horretarako, silikonazko moldeak sortzen ditut, eta hala, nahi ditudan beste kopia egiten ditut. Bide batez, lana azkarrago egitea lortzen dut, baita pieza meheagoak ere. Hala, autoak pista gainean azkarrago ibiltzen dira". Motorrak duen garrantzia ere azpimarratu du egileak, berak auto astunei "motor handiagoa" jartzen diela aitortuz.

"Pena izango da, baina ziurrenik zaborretan amaituko du pistak"

Prozesuaren azkenerako uzten du autoak pintatzea eta muntaketa osoa egitea. "Dendan erositako autoak azkarrak dira nireekin konparatuta", egin du alderaketa, bereak "traketsak" direla esatearekin batera. Horri lotuta, nabarmendu du "asko findu" behar izaten dituela kotxeak, "goitik behera gainbegiratu" behar izaten direla horiek. Auto egin berriak pistaren gainean jarritakoan ohartzen da hura zenbait gauzarekin, orduan ematen ditu-eta kotxeak seinale denak. "Ikusi behar da non huts egiten duen. Gauza asko eduki behar izaten dira kontuan". 

Sortuz entretenitu

Arrietak nahi du Scalextricarekin entretenitzen segitzea, baina hark, bereziki, sortzen jarraitu nahi du. "Gauzak egitea gustatzen zait. Kontua entretenitzea da, eta horretarako, batzuk baratzera eta besteak motoan ibiltzera joaten dira. Ni baratzera eta motoan ibiltzera joaten naiz, baita Scalextricerako lanak egitera ere. Bakoitzak bere afizioak ditu, eta ni nireei eusten saiatzen naiz", esan du barrez. 

Oraingoz, ez daki zer egingo duen garajean duen pistarekin, baina etorkizun iluna ikusten dio hari. "Pena izango da, baina ziurrenik zaborretan amaituko du; ikusten diot arrisku hori". Hala eta guztiz ere, autoak ontzen segituko du Arrietak, bai baititu beste bi proiektu esku artean. "Bi auto ditut hasita: bat, 2008ko Le Mans zirkuituko Pescaroloa, eta bestea Muscle car deitzen zaion Camaroa".

"Mugimendu gutxi" ikusten du Scalextricaren bueltan. Ordea, Arrietak autoak egiten edo bestelako proiektuak sortzen segituko du. Azken mezu bat ere eman nahi izan du hark: "Inork etxean Scalextriceko pistaren bat badu, mesedez, ez bota; ekarri niri konpontzera".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide