Biozientzian doktoretza amaitu berri du Laura Sudupek (Azkoitia, 1992). Saudi Arabiako King Abdullah Zientzia eta Teknologia Unibertsitatean egin da doktore, hiru urteko egonaldia han egin ostean. Doktoretza amaitu eta Gabon garaia Azkoitian igarota, Pragara iritsi berria da Sudupe, farmazia enpresa batean bere lan ibilbide berriari hasiera ematera.
Biozientzian doktore egin berri zara Saudi Arabiako King Abdullah Zientzia eta Teknologia Unibertsitatean. Baina nolatan iritsi zinen hara?
COVID 19-aren garaian Bioinformatikan eta Bioestatistikan masterra egiten hasi nintzen urruneko modalitatean, etxetik. Batekin eta bestearekin harremanetan jarri nintzen berehala, masterreko praktikak nonbaiten egin ahal izateko. Besteak beste, Iruñeko Navarrabiomed ikerkuntza biomedikoko zentroarekin hitz egiteko aukera izan nuen. Han esan zidaten izena eman nuen lanpostua ez zela nik nahi nuenerako egokia, baina hitz egin nuen gizonak azaldu zidan bera Saudi Arabiara zihoala lan ibilbide berri bat hastera, eta nik ere izango nituela aukerak han. Hilabete eta erdiz Saudi Arabiara joateko aukera suertatu zitzaidan, eta dena ordainduta zegoenez, joatea erabaki nuen. Liluratuta geratu nintzen herrialdearekin. Azkenean, hiru urte igaro ditut han, eta Biozientzian doktore izatera iritsi naiz.
Zein izan da zure egunerokoa Saudi Arabian?
Biozientzian zen doktoretza, baina nik Bioinformatikan jarri nuen bereziki arreta, eta ordenagailuz egiten nuen lan. Egunerokotasunean, goizean bulegora joaten nintzen, unibertsitateko campusera, eta han nire taldekideekin egon eta proiektuan egiten nuen lan. Esan beharra daukat King Abdullah Zientzia eta Teknologia Unibertsitatea oso leku modernoa dela, punta-puntakoa. Behin bazkaldu eta ondorengo kafea hartuta, gimnasiora joan edo kirolen bat egiten genuen. Asteburuetan, berriz, urpekaritza praktikatzera joaten ginen, unibertsitatea Itsaso Gorriaren ondoan zegoelako.
Hori guztia norekin egiten zenuen?
Unibertsitatean Saudi Arabiako jendea bazegoen, baina atzerriko jende asko ere bai. Hori dela eta, han jendea oso irekia zen, eta erraza zen lagunak egitea, edozein plan elkarrekin egiteko. Azkenean denok elkar ezagutu genuen, ez zelako oso leku handia, eta harreman estua egin genuen, bai Saudi Arabiakoekin, baita australiarrekin, txinatarrekin, hegoamerikarrekin... ere.
Eta euskal herritarren batekin topo egin al zenuen?
Ni izan nintzen Saudi Arabiara joaten aurrena, baina taldera beste hiru euskal herritar batu zitzaizkigun gero, Gasteizko bat eta Iruñeko bi.
Etxetik hain urrun egonda, inguruko jendea gertu izateak ere lagunduko zizun.
Noski baietz. Oso pertsona irekia naiz, eta ez daukat inongo arazorik jendearekin sozializatzeko, baina kultura zein hizkuntza aldetik norbere antzekoa den jendea inguruan izateak beti laguntzen du, are gehiago atzerrian. Ederra izan da euskal herritarrak ere gertu sentitzea.
Saudi Arabiak herrialde zorrotza izatearen ospea du. Zer-nolako ezberdintasunak antzeman dituzu Saudi Arabiaren eta Euskal Herriaren artean?
Gu ohituta gaudenaren aldean oso herrialde zorrotza da. Ez da estatu demokratiko bat, monarkia absolutua baizik, eta gizarte islamiar bateko legeak dituzte. Hala ere, Saudi Arabia ez da nik pentsatzen nuen bezain herrialde zorrotza; izan ere, galtza luzeekin eta kamiseta estaliekin ibili behar banuen ere, ez nuen ilea estali beharrik, gizonekin ibili eta hitz egin nezakeen... Alde horretatik jendeak Euskal Herrian bezalaxe tratatu nau.
"Saudi Arabia ez nik pentsatzen nuen bezain herrialde zorrotza"
Emakumea izanda, izan al duzu inolako arazorik edo kezkarik han?
Herrialde itxia den arren, bertako jendeak badu sare sozialetarako sarbidea, eta plataformetan ere guk ikusten ditugun telesail eta film berberak ikusten dituzte. Urteak igaro ahala beraien pentsatzeko modua ireki egin da, eta gurekin alderatuta, ez dira modu ezberdin batean hazi eta hezi. Agian, adineko pertsonak zorrotzagoak dira, badute emakumeak zein gizonak ezberdindu beharreko pentsaera hori, baina gazte jendea gure oso antzekoa da, egunerokotasunean oso gertukoa. Esaterako, nire lankide asko arabiarrak ziren, gizonak zein emakumeak, eta Euskal Herrian lankideekin izan nezakeen harreman bera neukan haiekin ere, sexu bereizketarik gabekoa. Egia esan, ezberdintasunak nabarmenagoak izango zirela pentsatzen nuen, baina ez zen hala izan.
Saudi Arabiako gazte asko, gainera, kanpora joaten dira ikastera, Ameriketako Estatu Batuetara edota Europara. Nirekin lan egiten zuten guztiak kanpoan asko ibilitakoak ziren. 32 urte inguruko jendeaz ari naiz, nire adineko gazteez, eta ez zen bereizketarik edo hesirik nabari gure artean.
Gainera, Saudi Arabian, emakumeen presentzia indartzeko lanean dabiltza azken urteetan, eta gure unibertsitatean, esaterako, ikasleen erdia baino gehiago emakumeak ziren. Aurrerapauso bat da.
Han egin duzun egonaldiak zer erakutsi dizu?
Batetik, ibilbide profesional bat garatzeko aukera eskaini dit Saudi Arabian egindako egonaldiak, eta profesionalki sekulako jakinduria eman dit. Bestetik –eta niretzat oso garrantzitsua izan da–, Saudi Arabiarekiko nuen pentsaera aldatzen lagundu dit. Saudi Arabia aipatu eta gutako gehienoi gauza bera datorkigu burura: herrialde itxia, zorrotza eta arriskutsua dela, gero hala ez denean. Azkenean irudi bat eginda joan ohi gara herrialde batera, eta konturatu naiz atzerriko herrialderen batera iritsi arte ez dagoela jakiterik hura nolakoa den. Gauzak kontatu egiten dizkigute, telebistan zein sareetan ikusten ditugu, eta horrekin nahikoa izaten dugu pentsatzeko herrialde bat ezagutzen dugula, dena dakigula, baina egiaz bertan egon arte ez dago jakiterik zer aurkituko dugun eta nolako jendearekin egingo dugun topo.
"Norbere antzekoa den jendea inguruan izateak beti laguntzen du, are gehiago atzerrian"
Kontatu nahiko zenukeen bitxikeriarik bizitzea tokatu al zitzaizun Saudi Arabian?
Bitxikeria moduan kontatu nahi nuke muay thai borroka kirola praktikatzen dudala, eta Saudi Arabian, bertako federazioarekin borroka egiteko aukera izan genuela nire bikotekideak eta biok. Azkoitian ere aritzen nintzen horretan, eta ederra izan da kanpoan egon naizen denboran ere kirol hori praktikatzeko aukera izatea.
Bestetik, ez nuke aipatu gabe utzi nahi pare bat lagun saudiarabiar izan zirela Euskal Herrian egun batzuk igarotzen, eta nahiko harrituta geratu zirela lekuarekin, paisaiarekin, baina batez ere, euskal herritarrokin. Euskaldunok indartsuak eta izaera handikoak garela zioten, eta, oro har, oso altu hitz egiten dugula, denentzako.
Kontatzerik izango al zenuke apur bat zure ikasle ibilbidea? Asko ibili al zara atzerrian?
Ikasketa ia guztiak Euskal Herrian osatu ditut; Donostian egin nuen Kimika gradua, eta masterra ere etxetik, urruneko modalitatean. Doktoretza izan da atzerrian egin dudan gauza bakarra, eta haren ondorioz, Saudi Arabia eta Japonia ezagutzeko aukera izan dut. Orain, berriz, Pragara etorri naiz.
Japonia aipatu duzu. Hango egonaldia ere doktoretzaren parte izan al zen?
Japoniako Okinawa irlan egon nintzen –askori Karate Kid filmagatik egingo zaie ezaguna– doktoretza egiten ari nintzela. Saudi Arabiatik Japoniara joan nintzen, eta handik atzera Arabiara itzuli. Saudi Arabiakoaren antzeko egunerokotasuna izan nuen han ere. Ordenagailuz egiten nuen lan, eta auto bat alokatu genuenez, turismo apur bat egiteko ere aprobetxatu genuen egonaldia.
Doktoretza amaitu eta Azkoitian izan zara egun batzuez, baina Pragara joan zara orain. Zer egingo duzu han?
Lanera etorri naiz. Doktoretza amaituta eta Sudupe doktorea izatea lortuta, enpresa mundura jauzi egitea erabaki dut. Gogoa nuen nire burua enpresa batean lanean ikusteko. Farmazia enpresa batentzat hasi naiz lanean, Pragan.
"Apenas dago ordenagailu bidez bioinformatikari moduan lan egiteko aukerarik"
Zergatik Praga? Hemen ez al dago arlo horretan lan egiteko aukerarik?
Tamalez, Biozientzia arloan lan egiteko aukera gutxi dago Euskal Herrian. Masterra egiten hasi nintzenetik oraintsu arte astero begiratu dut zer aukera dagoen, bai Euskal Herrian, baita Espainian ere. Azken horretan nabari dut farmazia eta bioteknologia enpresetan lan egiteko aukera zabaltzen ari dela, batez ere Madrilen eta Bartzelonan, baina apenas dago urruneko hibrido lanposturik, hau da, ordenagailu bidez bioinformatikari moduan lan egiteko aukerarik.
Zer moduz hasi duzu zure lan ibilbide berria?
Egia esan, oso ongi. Enpresa interesgarria da, eta punta-puntakoa izateko itxura dauka. Gustura hasi naiz lanean. Praga bera ere oso polita iruditu zait, aurretik izan gabea nintzen, eta momentuz oso pozik nago hemen.
Bakarrik joan zara ala norbaitek lagundu dizu?
Bai Saudi Arabiara, bai Japoniara, baita Pragara ere bikotekideak lagundu dit. Ibilbide guztia bakarrik egin beharrean gertuko norbaitekin egiteak ikaragarri laguntzen du, eta leku eta kultura berriak berarekin batera deskubritzeak ere puntuak gehitzen dizkio esperientziari. Askoz hobea ari da izaten berari esker.
Etorkizuna non ikusten duzu? Gustatuko al litzaizuke Azkoitira itzultzea?
Denbora igaro ahala gero eta gehiago sumatzen ditut faltan Euskal Herriko kultura, janaria eta familia. Gustatuko litzaidake horra itzultzea, baina ikusteko dago etorkizunak zer ekarriko didan.