Aldizkaria irekitzen dutenean, zera esango dute irakurleek: "Hemen dira berriz betikoak'". Ez zaio arrazoirik falta Nerea Machadori (Azpeitia, 1975), han eta hemen ibiltzeagatik hamaika aldiz agertu baita komunikabideetan. Machado bezala, aski ezagunak dira herrian Ibon Errazu (Azkoitia, 1979), Jexux Arrizabalaga (Azkoitia, 1957), Jose Antonio Zulaika (Azkoitia, 1960) eta Aitor Beneitez (Azkoitia, 1985) ere, bakoitzak bere arloan egindako lanagatik aurpegi ezagun bilakatzeraino. Guztiek dute zerbait komunean: bizitzaren zati handi bat boluntario lanetan eman dute, eta horretan jarraitzen dute; zenbaitek, halabeharrez ere bai egun. Izan ere, boluntarioak falta direla eta erreleboak huts egiten duela esaten denean, Azkoitia ez da salbuespena.
Herriko edozein talderen eta eragileren oinarri dira boluntarioak, izan kulturgintzan, gizarte arloan, kirolean, euskalgintzan, hezkuntzan zein politikagintzan; funtsezkoa izan ohi da horien konpromisoa jarduna garatzerakoan. Azkoitian ere boluntariotzak berebiziko pisua du, eta herrigintzaren lagin txiki bat besterik ez da Gukak erreportajea osatzeko elkartu duen taldea. Bostek daramate gutxienez hamarkada bat herriko elkarteetan eta taldeetan musu truk lanean, eta zenbait, jardun bat baino gehiagotan ere ari dira. Errazu da horietako bat: Trikigiro kultur elkarteko kidetako bat da, eta horrez gain, Azkoitiko Gurutze Gorriko arduraduna ere bai. 15 urte zituenetik da gobernuz kanpoko erakunde horretako boluntario; hiru hamarkada, beraz.
Arrizabalagak ere esparru bat baino gehiago jorratu du bere ibilbidean. Atletismoan hasi zuen jarduna duela lau hamarkada baino gehiago, eta azken urteetan, Errege Magoen kabalkada zein Aste Santuko prozesioa antolatzen dituen Sustatuz elkarteko kidea da. Hark ondoan du Machado. Azkoitiko bizilagunak "berezkoa" du boluntarioki jardutea, eta, gaztea zenetik, batez ere gizarte arloan urratu du bidea, hala nola Parrokian, Sustatuzen eta Itsas Salbamendu Humanitarioan. Arrizabalagaren oinordekoa izan zen Zulaikak, berriz, duela 35 urte jaso zuen erreleboa, eta erreferente bihurtu da atletismoan; Xeye edota Ttipi-Ttapa taldeetan aritzen da hura. Kirolari lotuta egin du ibilbidea Beneitezek ere, eta azken urteetan, Azkoitri triatloi taldearen ardura izan du.
Boluntarioek maiz "arrantzuan" ibili behar izaten dute norbait taldera erakartzeko
Interesatzen zitzaien jarduerak merezi zuela sinetsita eta egonezin horretatik abiatuta egin zuten guztiek elkarte zein erakunde horietara batzeko hautua, eta bakoitzaren ibilbide profesionaletik at, denbora librea sakrifikatuz berretsi dute horiekiko konpromisoa. Urteek aurrera egin ahala, baina, jabetu dira herrian boluntariotzak behera egin duela. "Errege Magoen desfileak herritar ugari erakartzen ditu, baina soilik ikusteko. Kabalkada antolatzeko prest dagoen gero eta jende gutxiago dago, baina baita han parte hartzeko ere: 60 umerentzako lekua zehaztu izan dugu betidanik, eta lehen kopuru hori beti gainditzen genuen; aurten, ordea, ez gara iritsi 48 haur izatera", esan du Machadok. Lasterketatan behar izaten diren boluntarioez jardun du, bestalde, Zulaikak: "Probetan jende asko behar izaten da, eta halakoetan, deialdiak egiten dira boluntarioak lortzeko, baina oso jende gutxi batzen da: ezagunak, ezagunen ezagunak eta beste kirol talde batzuetako kideak".
Bost lagunek azaldu dutenez, bi boluntario mota daude edozein talderen jardunean: bata da taldearen beraren gidaritza aurrera emango duena, eta bestea, unean-unean lagunduko duena. Horien arabera, bi kasuetan antzematen da arazoa. Errazuk Trikigirok antolatzen duen Trikiti Egunaren antolaketa jarri du adibidetzat: "Aurreko urteetako egitaraua kopiatzea besterik ez du eskatzen Trikiti Eguna antolatzeak. Egun, bazkariaz catering enpresa bat arduratzen da, eta beraz, guk hori ere ez dugu egin beharrik izaten. Baina jendea ez dago prest otordurako mahaiak jartzen laguntzeko ere". Beneitezek, berriz, bere taldearen egoeraren berri eman du: "Duela bi urte erabaki nuen taldearen ardura uztea, baina ez zen erreleborik egon, eta urte hartan, ez zen duatloirik antolatu herrian. Iaz, berriz, Ebrok [Haritz Uranga] hartu zuen taldearen gidaritza. Lan asko egin behar da, eta oraindik jarduten dut laguntzen. Talde eragile bat daukagu gure jarduna aurrera eramateko, eta kideei urtero egiten diet deialdia, inork talde dinamikan sartu nahi al duen galdezka. Pertsona bat edo bi puntualki laguntzeko prest agertzen dira, baina pare bat urte igarotakoan, utzi egiten dute. Nahiko nuke dinamika horretara ni sartu nintzen gogo berarekin batuko balitz besteren bat".
Horien arabera, "gero eta okerragoa" da boluntario taldeen egoera, eta maiz "arrantzuan" ibili behar izaten dute norbait erakartzeko. Hain zuzen, herritarrengana laguntza eske "banan-banan" joatea da boluntarioentzako gauzarik zailena: "Horrela ibili beste irtenbiderik ez dugu, baina norbera oso gaizki sentitzen da hori egiten", dio Errazuk. Ados daude guztiak.
Ardurarik nahi ez
Egoera orokorra dela azaldu dute denek, haien arabera, hutsune bera dagoelako guraso elkarteetan, kirol klubetan, soziedadeetan, odol emaileetan eta beste zenbait arlotan. Hain zuzen, testuinguru hori gizartearen isla dela uste dute guztiek. "Gizarte indibidualista batean bizi gara, bestearengan pentsatzen ez duena", dio Beneitezek. Ardurak hartu nahi dituen gero eta jende gutxiago dagoela uste dute, eta lehen auzolana zein talde sena presenteago zeudela azaldu dute. "Gaur egungo egoerak argi erakusten du herri ereduak aldaketa eskatzen duela, baina horretarako, herritarrek lehengo eredura itzul daitekeela jakin behar dute", dio Machadok.
Boluntarioen arabera, administrazioak gero eta eskakizun gehiago jartzen dizkiete
Era berean, azaldu dute burokraziak ere ez duela askorik laguntzen lan boluntarioa aurrera eramaterakoan, administrazioak gero eta eskakizun gehiago egiten dituelako eta horrek kate luzea sortzen duelako: "Duela urte batzuk, Ikaskirolen nahi zuen oro izan zitekeen monitore, baina egun, gero eta zailagoa da, horiek aurrez hainbat ikastaro eginda izan behar dituztelako", dio Arrizabalagak. Errazuk ere azpimarratu du exijentzia maila altua galdegiten dietela boluntarioei, eta Gurutze Gorria jarri du adibidetzat. Izan ere, hainbat titulu behar dituzte Gurutze Gorriari dagozkion lanetarako, eta horregatik, "oso zaila" izaten da boluntarioak topatzea. "Orain dela gutxi sinatu dut hamabi ordutan lan egingo duten 40 boluntariorekin joango naizela Ehunmiliak probara, baina egia esan, ez dakit nola inguratuko ditudan. Lasterketetan, udaltzainek eta ertzainek ez bezala, Gurutze Gorriko boluntariook bi mila orduko formazio bat egina behar izaten dugu anbulantziara sartu ahal izateko". Hain zuzen, eskakizun maila horrengatik Gurutze Gorriko kideek "asko sufritzen" dutela azaldu du hark, eta bereziki Gipuzkoako egoera "oso txarra" dela gaineratu: "Une honetan, Gipuzkoako Gurutze Gorrian bost presidente falta dira".
Horri lotuta, zera bota du Arrizabalagak: "Ibon ez dagoen egunean, zer gertatuko da?". Eta Errazuk zera erantzun: "Inor ez da egongo. Nigatik izan balitz, aspaldi utziko nukeen Gurutze Gorria, baina badakit uzten badut Azkoitia Gurutze Gorririk gabe geratuko dela, eta 30 urte eta gero, zaila da halako erabaki bat hartzea".
Errotazioak nahitaezkoa eta naturala izan beharko lukeela uste dute guztiek, eta azpimarratu dute, herritarrek, dagokien arloan, jaso duten moduan emateko prest egon beharko luketela. Ordea, zenbaitetan ezinezkoa da hori, eta hori horrela izanik, kolokan egon daiteke taldearen jardunaren jarraipena. Sustatuzek ondo baino hobeto daki hori: gaur-gaurkoz, ez ditu pauso guztiak ateratzen Aste Santuan, horiek eramateko jenderik ez dagoelako, eta talde horretako kideek aurreikusten dute Ostiral Santuko prozesioetan beste zenbait aldaketa ere egin beharko dituztela urte batzuk barru.
Herritarrak egoeraren jabe al diren galdetuta, berriz, azaldu dute, oro har, jendeak uste duela "beti" egongo dela norbait talderen bat gidatzeko eta ekintzak antolatzeko. Hain zuzen, herritarrak lozorrotik atera eta mugi daitezen, muturreko egoerara iritsi behar izaten dela irizten diote boluntarioek: "Beharbada, ekintzaren bat bertan behera geratzen denean edo talderen baten jarduna geratzen denean, orduan hasiko da jendea mugitzen".
Eman eta jaso
Kezka eta urduritasun askoren iturri zaie maiz musu truk jarduten duten lana, baina aldi berean, "guztiz aberasgarria" ere badela azaldu dute. "Sinesten edo gustatzen zaigun jardueretan gabiltzanez, geuk antolatutako zerbait ondo atera dela ikusteak konpentsatu egiten du. Horrez gain, esperientzia pila bat jaso ditugu urte hauetan guztietan, eta jende asko ezagutzeko aukera ere eman digu jardunak". Maiz, gainera, boluntarioek herritarren "aurpegietan eta begiradetan" ikusten dute egindakoaren emaitza, eta modu horretan ere jasotzen dute zenbaitetan zuzenean hitzez azaltzen ez den aitortza.
Bide horretan, doan lan eginagatik, asko irabazten dutela azpimarratu dute guztiek, bakoitzari zerbait eragiten diolako barruan: "Ume askori irakatsi diot korrikan, eta horietako batzuen seme-alabak ditut egun ikasle. Guraso horien moduan, hazten direnean beren seme-alabak ere oroituko dira nirekin korrika ibilitako garaiaz, eta hori horrela izango dela jakitea polita da", esan du Zulaikak.
"Bizitzeko modu bat" da haientzat boluntariotza, hurkoari laguntzea "guztiz asegarria" delako. "Maiz, norbere burua zaintzeaz arduratzen gara, baina egindako lana besteentzat probetxugarria izan dela ikustea oso ederra da, eta jendeak hori probatuko balu...". Pausoa ematera animatu dituzte herritarrak, haiek, egunerokotasunean, tantaz-tanta, "besteei hegoak eman eta norberaren egoa" elika dezaten.