Etorkizuneko joerez eta eszenatokiez hitz egin dute Iraurgi Berritzen sarearen topaketan

Andoni Elduaien 2025ko ots. 1a, 09:00

Parte hartzaileek taldeko argazkia atera zuten Loiolako Gogartetxearen atarian. (Iraurgi Berritzen)

Atzo goizean egin zuten garapen agentziaren sarearen topaketa Loiolako Gogartetxean. Azkoitiko Udaleko hainbat ordezkarik parte hartu zuten saioan, tartean Ana Azkoitia herriko alkateak eta Iraurgi Berritzenen presidenteak. Etorkizuneko joerak izan zituzten aztergai saioan parte hartu zutenek, eta hala, etorkizuneko balizko eszenatokiak irudikatu ahal izan zituzten.

Iraurgi Berritzen Sarearen 22. Topaketa egin zuten bailarako erakunde eta arlo ezberdinetako eragileek atzo, ostirala, Loiolako Gogartetxean. Etorkizuneko joerez eta eszenatokiez hitz egin zuten atzo egindako saioan. Ana Azkoitia Azkoitiko alkateak Iraurgi Berritzen garapen agentziaren presidenteak ireki zuen jardunaldia. "Munduko mapan Urola Erdia ikusezina da, baina testuinguru sozioekonomikoan eragin zuzen-zuzena du munduan une honetan gertatzen ari denak. Zer esan nahi dut? Prestatuta egon behar dugula; garai berrietara egokitzen saiatu behar dugula; ditugun baliabideak eta potentziala optimizatzen asmatu behar dugula. Indarrak batzen", adierazi zuen Azkoitiak.

Lankidetza publiko-pribatua aldarrikatu zuen hark, gainera, modu hori aurrera egiteko modurik onena dela adieraztearekin batera. "Beti babestu izan dugun formula badakigu zen den: lankidetza publiko-pribatua. Bene-benetan sinesten dut lankidetza eredu horretan, eta ikusi besterik ez dago gaurko argazkia. Batuta gehiago gara, eta gainera, badugu heldulekua: 'Urola Erdia. Elkarrekin Eraldatzen 2022-2027' bailarako plan estrategikoa", azaldu du Iraurgi Berritzeneko lehendakariak.

Plan estrategiko horren hedatze maila azaldu zuen segidan Begoña Beobide garapen agentziaren zuzendariak. Gainera, Prospektiker etorkizuneko prospektiba taldearen eskutik, etorkizuneko joerak izan zituzten aztergai, etorkizuneko balizko eszenatokiak irudikatzeko. Eskualdeak etorkizunean 11 eremu ezberdinetan izango dituen joerak eta horien inpaktua azaldu zituzten zenbait adituk. Besteak beste,  biztanleriaz, atzerriko biztanleriaz, aktibitate ekonomikoen nondik norakoez, jaiotzez zein heriotzez, gizartearen zahartzeak zerbitzuetan edo ekonomian dakartzan ondorioez, teknologia berriez, enpleguaz eta etxebizitzaz aritu ziren. Atzoko saioan parte hartu zutenek lan dinamikak ere egin zituzten bestelako zenbait gai lantzeko, hala nola, mugikortasuna, industriaren garapena, hezkuntza sistema eta enplegu duina.

Topaketan parte hartu zuten ordezkariak, taldeka lanean. (Iraurgi Berritzen)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide