Azkoitiko Sare Herritarrak urteko lehen elkarretaratzea egin zuen atzo, ostirala, herriko plazan bilduta. Dozenaka lagun elkartu ziren euskal presoak, iheslariak eta deportatuak etxeratzea eskatzeko egindako mobilizazioan. 2024. urtea herrialdeetako nahiz herrietako mobilizazioak eginda amaitu zuten, eta urte berria hilaren 11n Bilboko kaleak hartuta hasi. Atzo, 2025. urteko aurreneko elkarretaratzea egin zuten Azkoitian.
Iazko urtean "euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidean aurrerapauso handiak" eman zituztela nabarmendu zuten elkarretaratzean, baina, era berean, aurten "bide berean sakondu" eta "behin betiko gatazkaren ondorioen konponbidea bururaino gauza zedin eskatzen" jarraituko dutela gaineratu zuten. "Urtarrilaren 11n diskurtso berarekin jo genuen Bilbora, La Casillara, Autonomiara, Zabalburura… Milaka eta milaka euskal herritarrek Bilboko kaleak bete genituen behin betiko bakea, konponbidea eta elkarbizitza eskatzeko, behin betiko biolentzia ezberdinen biktimek merezi duten egia eta aitortza jaso dezaten eskatzeko, behin betiko euskal presoek, iheslariek eta deportatuek etxerako bidea urratu dezaten eskatzeko. Finean, urteetan zehar euskal gizartea kolpatu zuen gatazkaren ondorioak behin betiko amai daitezen eskatzeko", adierazi zuten.
Herritarrek "horrenbeste urtetan euskal presoen etxeratzea eskatzeko egindako lana" ere eskertu zuten atzo. "Behin betiko etxera abestu dugu urte hasieran leku ezberdinetan, Oiartzungo [Gipuzkoa] bertso saioan edo Etxarriko [Nafarroa] Zama doinuz arindu zen, adibidez. Hamar urteren ondoren, Zama doinuz arinduk bere bidea amaituko duela esan zuen Etxarriko frontoian; hamar urteko lanaren ondoren azken kantuaren zain geratzen garela esan genuen han. Mila esker, nola ez, horrenbeste urtetan euskal presoen etxeratzea doinuz arindu duzuenoi, horrenbeste urtetan isilpeko lanean aritu zaretenoi".
Kontzentrazioa amaitzeko, taldeak argi utzi nahi izan zuen "behin betiko konponbidearen alde lanean" jarraituko dutela, "euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen alde", eta horretan jarraitzeko eskatu zuten. "Hori eskatzen diogu euskal gizarteari, hori eskatzen diegu sindikatuei, alderdiei, eragile sozial eta politikoei. Baita estamentu politikoei eta judizialei ere; horiei ere salbuespen legeak amaitzearen alde lanean jarrai dezatela eskatzen diegu, salbuespena amaitzeko eman diren lege aldaketak aplikatzen hastearekin batera".