Hiruma proiektuaren marka turistikoa aurkeztu dute Fitur azokan

Ane Olaizola 2025ko urt. 24a, 09:09

Azpeitiko eta Azkoitiko udaletako ordezkariak eta Iraurgi Berritzeneko teknikariak atzo, Fiturren, Hirumaren aurkezpenean. (Azpeitiko Udala)

Iraurgi Berritzenek Urola Garaia eta Debagoienarekin batera sortu duen marka turistiko berria da Hiruma. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako "erreferentziazko helmuga" izan nahi du proiektuak, "hiru arima" elkartuz. Atzo egin zuten proiektuaren aurkezpena, eta bertan parte hartu zuen Azkoitiko alkate zein Iraurgi Berritzeneko lehendakari den Ana Azkoitiak. 

Fitur nazioarteko turismo azokan aurkeztu du Iraurgi Berritzenek Urola Garaia eta Debagoienarekin landu duen marka turistiko berria:  Hiruma. Atzo egin zuten proiektuaren aurkezpena Madrilgo azoka horretan, eta bertan parte hartu zuen Ana Azkoitiak, Azkoitiko Udalaren eta Iraurgi Berritzenen izenean. Hiru eskualdeetako udal ordezkariek bidelagun izan zituzten Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismoko Foru Diputatu Azahara Dominguez eta Euskadiko Turismo eta Ostalaritzako zuzendari Clara Navas.

Hiru eskualdek bat egin dute aurkeztu berri duten marka turistikoa sortzeko, guztiek dituzten baliabide turistikoak balioan jarriz izendapen bakar baten azpian. "Zergatik? Banaka indarra galtzen dugulako bisitariak erakartzeko aukera izan dezakegun Euskaditik kanpoko merkatuetan", azaldu du Azkoitiak. Hain zuzen, marka berriak barne hartzen ditu, besteak beste, Loiolako Santutegia, Arantzazuko Santutegia eta Antioko baseliza. Era berean, mendi ibilbidea zein mendiak ere balioan jarri nahi dituzte, baita hiru eskualdeetako gainerako "espazio erakargarri eta turistikoak" ere. 

Hain zuzen, Hirumak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako "erreferentziazko helmuga" izan nahi du, "hiru arima" elkartuz: "euskal ondarearen arima,  Euskadiko naturaren arima eta tokiko produktuaren eta azoken arima". Era berean, Hirumak "esperientzia jasangarria, benetakoa, eta kalitatezkoa" eskainiko die bisitariei, eta horrek tokiko garapena zein ekonomia indartuko dituela azpimarratu dute. 

Urola Erdiaren, Urola Garaiaren eta Debagoienaren lankidetza harremanak ez dira guarkoak. Izan ere, horien arteko hartu-emana 1997an hasi zen Hiru Tenpluen Ibilbidea proiektuarekin, eta orduko hartan, erlijioarekin lotutako "hiru ondare ikonoen aldeko apustua egin zuten". 2006an, berriz, beste jauzi bat eman eta Inaziotar Lurraldea marka sortu zuten. Hiru eskualdeen arteko lankidetza 1997an hasi zen, Hiru Tenpluen Ibilbidearen proiektuarekin." Hala ere, proiektuak marka birplanteatzea eskatzen zuela ikusi genuen, eta hausnarketa sakon baten eta parte-hartze prozesu zabal eta zorrotz baten ondoren, Hiruma marka sortu da, Fiturren aurkeztu dena", azaldu du Azkoitiko alkate eta Iraurgi Berritzeneko lehendakariak. 

Ordea, Hiruma ez da Azkoitiari eta Urola Erdia bailari lotuta Fiturren aurkeztu duten berrikuntza bakarra. Izan ere, Urola Grand Tour proposamen turistikoa ere eraman dute azokara. "Euskadi Basque Country Grand Tour produktuari lotuta jorratutako proposamen turistikoa da Urolakoa, eta bere funtsa eskualdeko txoko desberdinak errepidez egiten den bidaia baten bidez ezagutzera ematea da, geldiuneak eginez", esan du Azkoitiko Udalak. 

Oteiza eskultorearekin

Alkateak Juan Bautista Mendizabal Turismo zinegotziarekin batera egin du Fitur azokara bisita, eta hain zuzen, hara egindako bidaian tarte bat izan dute Antonio Oteiza eskultorea agurtzeko. Artistak Azkoitiko herriari bere eskultura bat eman dio, eta udalak jakitera eman duenez, une honetan brontzean eraikitzen ari dira herrian jarri ahal izateko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide