Piztu itxaropena lelopean, aurten ere Sahararen aldeko euskal karabana abian jarriko dute Euskal Herriko eragileek, Tindufeko kanpamenduetan bizi diren milaka errefuxiatuei laguntza emateko asmoz. Horren harira, elikagaiak eta materiala biltzen hasiko dira aste honetan eskualdeko zenbait herritan.
Xabier Munibe ikastetxean otsaileko lehenengo astean jasoko dute materiala. Eta aurten, lehen aldiz, Floreaga ikastetxean ere egingo dute bilketa. Bilketa hauek kudeatzeaz ere Zestoako Wadna elkartea arduratuko da. Otsailaren 1ean, aldiz, Eroskin izango dira bolondresak elikagaiak eta materiala biltzen, goizeko 10:00etatik 21:00tara bitartean.
Egunerokoan oso beharrezkoak diren produktuak bilduko dituzte; besteak beste, arroza, dilistak, babarrunak, pasta, hegaluze-latak, sardinak, azukrea, medikamentuak eta konpresak.
Saharako 300 haur ekartzea da Oporrak Bakeanen erronka
Esperantzari leiho bat lelopean abiatu dute aurtengo Oporrak Bakean programa. Egitasmo honi esker, Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpalekuetan dauden haur sahararrek udako oporraldia Euskal Herrian igarotzeko aukera izango dute. Pasa den larunbatean aurkeztu zuten aurtengo edizioa, Donostiako Aiete jauregian.
Aurkezpenean izan ziren Xabier Euzkitze eta Aner Peritz zarauztarrak, egitasmoarekin bat eginez. Geroago partekatu zuen Peritzek sare sozialetan hurrengo mezua: "Saharar herriak ez du behar Euskal Herrian uda on bat igarotzea, ezta esperantza ere. Behar ditu autodeterminazioa, deskolonizazioa eta askatasuna. Baina, hori oparitu artean, eman diezaiegun bi hilabete eta esperantza bat".
Oporrak Bakean egitasmoaren helburu nagusiak dira, besteak beste, haurrak basamortuko udako baldintza gogorretatik aldentzea, umeen osasuna hobetzea elikadura orekatuaren bitartez eta beste errealitate bat bizitzeko aukera eskaintzea.
Egitasmoaren erronka da 300 haur saharar Euskal Herrira ekartzea. Izan ere, 2022an 153 haur sahararrek igaro zuten uda Euskal Herrian; 2023an, berriz, 183 haurrek; eta iaz, 188. Harrera familia izateko interesa edo informazioa eskuratu nahi dutenek Oporrak Bakean egitasmoaren atari digitala bisitatu dezakete.