Itzuli egingo da Itoiz. Zinema aretoetara, eta pantailetan kanta bakar bat jotzeko, baina itzuli. Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andraka zuzendariek azaroan estreinatu zuten Itoiz. Udako sesioak filma, Bilboko Zinebi jaialdian, eta Gijongo (Espainia) Ficx jaialditik ere pasatu ondoren, lana ostiralean helduko da zinema areto komertzialetara.
Taldearen esentziaren bila egindako bidaia "katartiko" bat proposatzen du filmak, zuzendarien hitzetan. Juan Carlos Perez taldeko konpositore eta abeslariaren oroitzapenak zein iritziak bildu dituzte horretarako. Sortzaileak 14 urte inguru zituela grabatutako kasete bat eta orain artean argitaratu gabe egondako Ezekiel diskorako lehen grabazio batzuk biltzen dituen zinta bat ere entzun daitezke filmean, eta, justu azkenean, kreditu labur batzuen ondoren dator azken sorpresa. Izan ere, ikusleak aukera izango du Itoizko musikariak Alkolea diskoko Lanbrora kanta elkarrekin jotzen ikusteko taldea desegin eta 30 urte geroago.
Itzulera minutu labur horietaz ez ezik, filmaz eta orokorrean taldearen nondik norakoaz hitz egin du Berria egunkariko Iñigo Astiz kazetariak, lehen akordetik hasi eta azken akorderaino, taldearen ibilbide oso-osoa ezagutzen duten bi kideekin: Juan Carlos Perez (Mutriku, Gipuzkoa, 1958) eta Jose Garate Foisis (Ondarroa, Bizkaia, 1958) musikariekin, hain zuzen ere.
Itzuliko zarete, orduan?
[Pazientzia biltzeko hasperen moduko bat egin du Juan Carlos Perezek. Lau segundoko isiltasuna].
Broma da.
Juan Carlos Perez: Ez, ez [irribarrez], ez da broma, e! Egia da.
Film bukaeran Lanbrora kanta jotzen duzue elkarrekin.
Perez: Jo dugu, bai, eta zuzen-zuzeneko puru-puruan eta editatu gabe, gainera. Duoan kantatzeko ahotsak sartuko genituela esan genuen [Garateri begira], eta ahotsak, azkenean, ez ditugu egin. Pelikula jada eginda zegoen, eta esfortzu hori egitea erabaki genuen. Kanta hori aukeratu genuen. Aste barruan bakoitzak bere kontu prestatu zuen, eta gehiago entseatu gabe joan ginen. Esan nien uzteko sei edo zazpi buelta, eta funtzionatzen bazuen utziko genuela. Baina hor dago, atera zen bezala.
Eta pozik geratu zarete pelikularekin ere?
Jose Garate: Bertan islatuta ikusi dut neure burua, eta egia da taldearen hasierak gutxi gorabehera horrelakoak izan zirela. Ez, ez, gutxi gorabehera ez, horrelakoak izan ziren: zinta bat grabatzen hasi ginen bere etxean [Perezi keinu eginez], eta gero taldea sortu genuen. Artifizio gehiagorik gabe, sinple-sinple, horrelaxe irten zen. Pelikulak pixka bat hunkituta laga nau.