Azkoitiko Isilune Zirkuluak urteko aurreneko elkarretaratzea egin zuen atzo, osteguna, herriko plazan. Dozenaka lagunek egin zuten bat deialdiarekin, atzo "etxebizitza lehen mailako arazoa" bihurtu dela salatzeko. "Etxebizitza eskubide bat da, ez espekulatzeko ondasun bat", aldarrikatu zuten.
Nolanahi ere, plazan bildu zirenek adierazi zuten aurrez egindako baieztapena ez datorrela bat soilik inguruan antzematen denarekin; zenbait datu eman zituzten baieztapenak arrazoitzeko. "Caritas Euskadik esan duenez, etxebizitza eskuratzeko zailtasuna da bazterketa arriskuan dauden pertsonen arazo nagusia. Gainera, hori da kaleko jendearen sentimendua ere: etxebizitzaren arazoa gaur egun lehen tokian dago arazoen artean".
Etxebizitzaren arazoa gazteen artean "oso ondorio larriak sortzen" ari dela azpimarratu zuten, besteak beste, pobrezia belaunaldiz belaunaldi transmitituz eta bizi proiektu bat garatzeko atzerapena edo ukazioa eraginez. Horri lotuta, hainbat datu eman zituzten Isilune Zirkulukoek plazan. "INEren, Foessaren eta Caritasen arabera, artatutako lau etxe unitatetik batek etxebizitza arazoak ditu. Gipuzkoako Caritasek artatutako etxerik gabeko hamar pertsonatik seik ez du erroldatzerik; hala, marjinazio pisuetan pilaketa handia dago, gelak partekatzen dituzte, eta batzuetan, familia oso batek elkarrekin bizi behar izaten du".
Bestalde, nabarmendu zuten etxebizitzaren arazoak "hiru aldiz gehiago" eragiten diela atzerritarrei, bereziki, Afrikatik hona etorritako herritarrei. "Erroldatu ahal izateko zailtasunaren aurrean, kolektibo zaurgarri horrek sarritan jasaten ditu esplotazio egoerak, eta gehiegizko prezioak ordaindu behar izaten ditu iruzurrezko errolda batengatik". Gainera, "diru sarreren %70 alokairua ordaintzeko" erabili behar izaten dutela gaineratu zuten. "Ez da harritzekoa errenta txikiena duten familien %20k kalte emozional larriak eta buru osasuneko arazoak izatea; horri guztiari honako hauek ere gehitu behar zaizkio: atzerritarrei buruzko legeak ezarritako oztopoak, alokairuen gehiegizko espekulazioa, migratzaileek alokatzeko orduan duten diskriminazioa, eta alokairuak edota hipotekak ez ordaintzeagatik jazotzen diren etxegabetzeak".
Plazan bat egin zuten herritarrek gai horrekiko "agintariek erakusten duten interes eza" salatu zuten, etxebizitzaren gaiari "behar besteko lehentasuna ematen ez diotelako eta horren inguruan plangintza egokirik ez dagoelako". Etxebizitzaren arazoa planifikatzeko eta kudeatzeko modua berrikustea eskatu zuten, "bereziki gazteei zein familia zaurgarrienei" dagokiena, baita etxebizitza hutsen eta gehiegizko alokairuen gaia lantzea ere. "Erroldatzea erraztea eta abusuzko alokairuak jazartzea" ere eskatu zuten, batik bat pertsona zaurgarrienei dagokiena.