Agertxo Pirata proiektuaren bideoa emango dute Baztartxon

Andoni Elduaien 2025ko urt. 15a, 08:30

Ander Txakartegi, Helmugak proiektuaren sustatzailea. (Ander Zelaia)

Ander Txakartegik Ager Aldazabalen alde egin zuen erronkan oinarritutako ikus-entzunezkoa emango dute etzi, Baztartxon. Azkoitian izango da Txakartegi bera.

Agertxo pirata dokumentala eskainiko dute Azkoitiko Baztartxo antzokian etzi, 19:00etan hasita. Ordea, ez da bideo emanaldi hutsal bat izango, hitzorduak izango baitu solidaritatetik ere. Ander Txakartegi (Berriatua, Bizkaia, 1982) Helmugak egitasmoaren sustatzaileak 2020an jarri zuen martxan Agertxo Pirata proiektu solidarioa, minbizia duten haurren eta nerabeen gurasoen Bizkaiko Aspanovas elkarteari laguntzeko. Urte horretan bertan, Euskal Herriko zazpi hiriburuak eta kostaldea zeharkatu zituen bizikleta gainean, eta hain justu, erronka solidario hartako irudiak biltzen dituen ikus-entzunezkoa aurkeztuko du ostiralean. Sarrera irekia eta doakoa izango da.

"Bizitza guztian" ibili izan da bizikletan Txakartegi, baina hamar urte egin behar da atzera hark elkartasunetik edo eskuzabaltasunetik zenbat duen jakiteko. Marokon jokatu zen Titan Desert lasterketa mugarri bihurtu zen harentzat. "Etxean, batez ere osaba baten partetik, gertutik ezagutu izan dut elkartasuna zer den. Auto zaharrak edota arropak prestatu, eta Marokora edo Saharara eramaten ibiltzen zen hura, eta neuk ere, Marokora nindoala aintzat hartuta, proiektu solidario bat egin behar nuela pentsatu nuen". Hura izan zen berriatuarrak gerora egingo zituen hamaika keinuetan lehena; hiru metro kubiko arropa eta botiketan 6.000 euro bildu zituen hark. 

"Banuen Euskal Herriko kostaldea eta zazpi hiriburuak lotzeko gogoa"

Nolanahi ere, Marokotik "berotuta" itzuli zen Txakartegi, Euskal Herrian antzerako proiektu solidarioren bat egiteko gogoz. Orduan sortu zuen Helmugak proiektua, euskara, kirola, natura eta pertsona ardatz hartuko zituen egitasmoa. Aurrez atzerrian ibili bazen ere, 2020an Donibane Lohizune (Lapurdi) eta Roses (Katalunia) artean jokatzen den Transpyr lasterketarako prestatzen hasi zen. Orduan erabaki zuen laguntza hemen ematea. "Hori pentsatzeak eta Ager Aldazabalekin gogoratzeak bat egin zuten". 

Eman bai, jaso ere bai

Orduan hasi zen berriatuarra Agertxo Pirata proiektua sortzeko lehen urratsak egiten. Berriatuko Ager Aldazabal babestea eta hauspotzea zuen xede hark, 3 urte zituela leuzemia diagnostikatu zioten-eta hari. "Abenturazalea naiz, eta banuen bizikleta gainean Euskal Herriko kostaldea eta zazpi hiriburuak lotzeko gogoa. Track bat osatu nuen, eta 600 kilometroko ibilbidea atera zitzaidan". Txakartegik umearen gurasoengana jo zuen aurrena, bere asmoen berri ematera. "Esan nien erronka horretatik dirua ateratzen ahaleginduko nintzela, eta haiek Aspanovas elkarteari laguntzeko esan zidaten". 

Proiektua itxura hartzen hasi zen pixkanaka, baina oposizio batzuk tarteko, Txakartegik ezin izan zuen Transpyr lasterketan parte hartu; bai, ordea, Saudi Arabiako Titan Series lasterketan. 2020ko urtarrilean joan zen berriatuarra Saudi Arabiara, eta handik itzuli eta berehala, pandemiak gelditu zuen dena. "Ez zen inolaz ere erraza izan Agerren aldeko erronka prestatzea. Etxean geunden eta ez genekien kontuak nola egingo zuen aurrera, ezta egiteko gai izango nintzen ere". Txakartegik, baina, guztia eman zuen leuzemia zuen umearen alde, eta 32 ordutan bete zuen erronka. Ibilbidean, gainera, 12.000 euro bildu zituzten. "Gure asmoa zen, gutxienez, kilometroko euro bat biltzea, eta pentsa, 12.000 euro batu genituen".

Berriatuarrak dio bideo emanaldiarena "kasik kasualitatez" suertatu zela. "Erronka Berriatuko plazan amaitu nuen, eta herriaren erantzunarekin harrituta gelditu nintzen. Plazara Agerrekin batera sartu nintzen, eta han goraino zegoen plaza batekin egin genuen topo. Une hura grabatu egin behar genuela esan genuen, eta profesionala den lagun batek nahiz sare sozialak eramaten dituen beste batek lagundu zidaten horretan. Ia-ia nahi gabe atera zen bideoa, baina irudiz nahiz soinuz kalitate handikoa den ikus-entzunezkoa sortu dugu".  

"Ez zen inolaz ere erraza izan Agerren aldeko erronka prestatzea"

Dirua lortzeaz gain, pertsonalki sentimendu asko pilatu zituen berriatuarrak. Batetik, gustura dago egindakoaz, baina, bestetik, penatuta dago jendeak emandako zenbait erantzunekin. "Dena eman dit halako zerbait bizitzeak, baina, pena ere bai; izan ere, jendeak galdetu dit halako zerbait eginda zer irabazten dudan nik. Egun, irabaziak zerbait materiala izan behar du jendearentzat, baina niretzat ez, nik nahikoa dut besarkada edo begirada bat. Ager gaixotu zenean, niretzat nahikoa izan zen bere gurasoek ni hor nengoela jakitea; hori da maitasuna, elkartasuna eta babesa izatea".

Keinuz keinu dihardu

Orduz geroztik ere ez da gelditu berriatuarra, "urtero" egin ditu-eta erronkak gaixotasunen bat bizi duten familiei laguntzen dieten elkarteen alde. "Aspanovas, Aspanogi, Arnasa eta Bihotzez elkarteen aldeko egitasmo solidarioak eginez nabil; beti nabil berritasuna bilatzen". Iaz, esaterako, Helmugak erronka egin zuen Txakartegik, eta Azkoitian egin zuen geldialdietako bat. "Trikitilariek, bertsolariek eta abar hartu gintuzten, oso harrera beroa egin ziguten, eta sentitzen nuen Azkoitiarekin halako zor bat. Horregatik, bideo emanaldia Azkoitian aurkeztea pentsatu nuen". 

Erronkez gain, ordea, etzi Azkoitian aurkeztuko duen saioaren gisakoak egiten dabil herriz herri. Bideo emanaldian, besteak beste, bizikleta gainean egindako 600 kilometroak eta Saudi Arabian egindako egonaldiko irudiak erakutsiko dituzte. "Agertzen da egin dudan proiektua, baina une oro Agerren gurasoen bizipenak ikus daitezke; Agerri leuzemia diagnostikatu ziotenetik aurrera gurasoek prozesua nola bizi zuten erakusten du". Txakartegik adierazi duenez, gainera, dokumentalak proiektua nola amaitzen den erakusten du, baita poema baten bidez Ager nola agurtzen duten ere; izan ere, Aldazabal 2021ean hil zen.

"Agerren gurasoek prozesua nola bizi izan zuten erakusten du bideoak"

Aurkezpena, ordea, ez da bideo emanaldiarekin hasiko. 2023an, Frantziako Tourra Euskal Herrira etorri zenerako prestatutako Power Point bat erakutsiko du aurrena. "Aurkezpen horrekin hasiko dut ostiraleko saioa, gero Agertxo pirata bideoa erakutsiko dugu, eta, amaieran, 2020tik aurten arteko nire abenturen ibilbidea azalduko dut". 

Egindako guztia besteei helarazten segitzen du orain Txakartegik, eta etzi Azkoitian mezu bat zabaltzen ere ahaleginduko da. "Jendeak dokumental hau ikusi eta gero, zera lortu nahi nuke: norbere herrian edo inguruan ekintza solidarioren bat antolatzen denean, herritarrek haiei laguntzeko gogoa sentitzea. Horrek asebetetzen nau ni".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide