Urola Erdiak Hiruma proiektua aurkeztuko du datorren astean Madrilen, Fitur azokan

Aitziber Arzallus 2025ko urt. 14a, 11:12

Gaur aurkeztu dituzte Gipuzkoak Fiturrera eramango dituen bost proiektuak. (Utzitakoa)

Urola Erdiak, Debagoienarekin eta Urola Garaiarekin elkarlanean, Hiruma proiektua aurkeztuko du datorren astean Madrilen egingo duten Fitur nazioarteko turismo azokan. Horrez gain, Gipuzkoak beste lau proiektu ere eramango ditu Madrilgo azokara, eta gaur aurkeztu dituzte horiek guztiak. Aurkezpenean izan da Ana Azkoitia Azkoitiko alkatea eta Iraurgi Berritzenen lehendakaria. 

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Azahara Dominguezek, datorren asteko Fitur nazioarteko turismo azokan Gipuzkoak aurkeztuko dituen bost atrakzio turistiko ezagutarazi ditu gaur, eskualdetako berrikuntza eta garapen agentzietako ordezkariekin batera. Aurkezpenean izan da Ana Azkoitiko alkatea eta Iraurgi Berritzenen lehendakaria.

Urola Erdiak, Debagoienarekin eta Urola Garaiarekin elkarlanean, Hiruma proiektua eramango du Madrilera. "Hiruma, Euskadiren ariman zeharreko bidaia, eskualdeaz gaindiko proiektua" dela azaldu du Azkoitiko Udalak. "Hiru helmugetako turismoa batera proiektatzeko marka turistikoa da, eta helburua da Euskadiko barnealdeko helmuga erreferente bihurtzea".

Foru Aldundiko arduradunak adierazi duenez, proiektu horiek guztiak, Hiruma barne,  "ezin hobeto" egokitzen dira Gipuzkoan aspaldidanik bultzatzen ari diren desestazionalizazio eta deslokalizazio estrategiara. "Baina ez hori bakarrik, ezarri nahi dugun eta Fiturren aurkeztuko dugun turismo eredu berriari ere ezin hobeto erantzuten diote: jasangarria izateaz gain, birsortzailea ere izango den turismoa, bisitatzen gaituztenek Gipuzkoa zaintzen laguntzeaz gain, gure lurraldean eta tokiko komunitatean eragin positiboa izan dezaten".

Dominguezen hitzetan, "une erabakigarri batean" dago Gipuzkoa, "lurraldean nahi den turismo mota definitzeko, eta Fitur lehen mailako erakusleihoa da, ez bakarrik Gipuzkoa helmuga turistiko gisa sustatzeko, baizik eta interesatzen zaigun turista profila erakartzeko, bisitatzeko ez ezik, elkar ezagutzeko, kultura, tradizioak eta esentzia ezagutarazteko". Ingurunea eta gipuzkoarrak errespetatzeko kezka duen turista erakarri nahi dutela adierazi du diputatuak, eta gogorarazi du turismo industria Gipuzkoako BPGaren %8,4 dela, eta, beraz, "enpleguaren eta aberastasunaren iturri garrantzitsua".

Aldundiaren ordezkariaren arabera, aberastasun hori lurralde osoan modu orekatuan banatzeko lan egin beharra dago, gero eta familia gehiagok izan dezaten industria horren onura. "Horregatik, "bisitariak gure lurraldean barneratzeko proiektuak aurkezten saiatzen gara", gaineratu du.

Hiruma proiektuarekin batera Gipuzkoako beste lau egitasmo aurkeztuko dituzte: Oiassoko termak eta Irungo Irugurutzetako labeak, Geoparkeko Bira ibilbidea, Urola Kostako turismo marka berria, eta Zumarragako Hauspoa eta tunela proiektua.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide