Klik!

Zubiak, bide anitzak

Andoni Elduaien 2025ko ots. 16a, 09:10

Eliz atariko zubia. (Argazkiak: Andoni Elduaien)

Inguru baten bi alde batzeko sortutako bideak dira zubiak. Zubi hitzaren etimologia zur-bidea da, eta horrek adierazten du aurreneko zubi haiek nolakoak ziren. Egun, egurrezkorik ez, baina harrizko ugari daude Azkoitian. Herriko zenbait zubiren historia bildu du Gukak argazki erreportaje honetan.

Eliz atariko zubia

XVII. mendean eraikitakoa da eliz atariaren aurrean dagoen zubia. Garaiko herritarrek Zubi Berria izena eman zioten, hura eraiki baino lehen harpausoak bakarrik baitzeuden ibaiaren bi aldeak lotzeko; alegia, harrien gainetik igarota soilik gainditu zitekeen ibaia. 1878. urtean, berriz, oinezkoentzako moldatu zuen zubi hura Francisco Lafayettek. Arkitekto hura aditua zen, besteak beste, itsasargiak-eta eraikitzen, baina Azkoitian eliz atari aurreko zubia egokitu zuen. Duela ehun urte, berriz, zubia zabaltzeko lanak egin zituzten, bere jatorrizko itxura mantenduta.

San Martin eta Ibaiondo artekoa, zabalena

XX. mendean eraikitako zubia da San Martin eta Ibaiondo kaleak lotzen dituena. Artzubia izenez ere ezagutu izan da herrian, haren jatorrizko ezaugarrien seinale. Ordea, zubiak aldaketak izan ditu. Esanguratsuena da Parrokiaren eskariz egindakoa dela; izan ere, San Martin kalean biztanleak handitu eta Ibaiondo kalean errepidea egiten hasi zirenean, Parrokiari interesgarria iruditu zitzaion Artzubia luzatzea, prozesioak-eta herriari itzulia emanez egiteko. Zubia bihurgune eran luzatu zuten Ibaiondoko gasolindegiraino.

Isasaga dorreari lotutakoa

Antonio Eginokoak, Carlos V.a enperadorearen kontu eramaileak, eta Jordana Isasagakoak eraikiarazi zuten Isasaga dorrea XVI. mendean, eta ordukoa da dorretxera sartzeko nahiz handik irteteko egindako harrizko zubia ere. Egitura txikia eta baxua da, baina, era berean, morruak sendotasuna ematen dio. Jatorrizko zubiak, gainera, portale handi bat izan zuen sarreran, nahiz eta hura gerora eraitsi egin zuten. Halaber, armatutako jendearentzako patioa izan zuen dorretxeak, eta Peñafloridako konde titulua eraikin horretatik dator.

Ugarte Torre albokoa

Egun Izpiritu Deuna izeneko kalean dagoen harrizko zubiaren sorrera data ez da ziurra; XV. edo XVI. mendekoa da. Adituen esanetan, herrian egun zutik dagoen zubirik zaharrenetakoa izan daiteke duela urte gutxira arte Ugarte Torre baserriari atxikita egon dena. Baserri hura duela urte batzuk eraitsi bazuten ere, zubiak zutik dirau. Garai batean, Azkoitiak hainbat bide nagusi zituen, eta horietako batek lotzen zituen Guardia kalea, Intsausti jauregia eta Ugarte Torre baserria; bestela, ez zegoen inolako zirrikiturik gune horietara iristeko. Zubia eraikita, ordea, Azkoititik Azpeitia alderako irteera Ugarte Torre baserriaren albotik egitea ahalbidetu zuten.

Herri sarrerako zubia, Pilarekoa

XVIII. mendekoa da Julio Urkixo etorbide gaineko zubia, eta egitura horrek ere badu loturarik kristautasunarekin. Loiolako Santutegiko jesuitek arrosarioa errezatzen zuten tren geltokietan, eta aurreneko errezoa Etxezuri baserriaren alboko santutxoan egiten zuten. Garaiko zalduntxoek, Xabier Munibe buru, Pilareko Ama Birjinari eskaini zioten santutxo hori, eta hara iristeko eraiki zuten zubia.

Jausoroko lotunea

Jausoro jauregira nahiz haren osteko baserrietara iristeko eraiki zuten zubi hori, gerora burdinola jardueretarako erabili izan dena. Zubi horri lotuta, gainera, auzi ugari izan zituzten orduko herritarrek, hori adierazten duten XV. mendeko dokumentuek diotenez. Historian zehar askotan eraitsi izan da gune horretako zubia, izan naturalki edo hala erabakita. Ordea, hainbat azterlan eta gero, XXI. mendearen hasieran jarri zuten egungoa.

San Juangoa

XVI. mendeko zubia da San Juan auzunean dagoena. Zubiak horrek, gainera, baditu bi berezitasun: batetik, egiturak uraren indarra mozteko duen morrua nabarmendu behar da, eta bestetik, gainazalean duen harrizko galtzada. 80ko hamarkadan Azkoitian jazo ziren uholdeetan ozta-ozta salbatu zen zubi bakarrenetakoa izan zen San Juangoa; izan ere, hura baino aurreragoko ia denak eraitsi zituen urak. Baserriak ibaiaz bestaldeko lursailekin, bereziki Txalintxokoekin, lotzeko eraiki zuten puntu horretan zubia.

Berdura Plazaren oinarria

Zubi berezia da, bere gainean eraikin bat duen herriko zubi bakarra baita Berdura Plazari eusten diona. Egun Kultur Etxea den eraikinean eskola eraiki zuen Manuel Etxabe arkitektoak 1905. urtean, eta eraikin haren azpira eraman zuten gero azoka. Dena den, azoka hura txikitxo gelditu zela eta, azpiegitura ibaiaren gainean zabaltzea erabaki zuten 1924. urtean; aurrena zubia eraiki zuten, eta gero, haren gainean egin zuten Berdura Plazako eraikina. Tomas Bilbao arkitektoak zuzendu zuen proiektua. Eusko Abertzale Ekintzakoa zen Bilbao, eta besteak beste, Jose Antonio Agirre lehendakariaren sailburua eta Errepublika garaiko Espainiako Gobernuko ministroa izan zen.

Ur gainekoa, trenarentzat egina

Aizpurutxo auzoko Igaraberri baserriaren bueltan bi zubi daude: bata, baserrirako bide ematen duena, eta bestea, baserria baino garaiera altuagotik igarotzen dena. Egun, Azkoitia eta Urretxu arteko bidegorria igarotzen da bigarren zubi horretatik, baina 1926tik 1986ra Urolako trenaren eguneroko bidea izan zen. Alfontso XIII. erregearen armarri erreala du Igaraberri pareko zubiak erdi-erdian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide