Kaleko katuen lagun eta babes

Maialen Etxaniz 2025ko ots. 9a, 09:15

Katu bat erdi ezkutatuta. (Utzitakoa)

Zazpi urte bete ditu Azkoitiko Katulagun elkarteak. 2022az geroztik, taldeak hitzarmena du udalarekin herriko katuen koloniak kontrolatzeko. Bestalde, katuen adopzio programa kudeatzen du elkarteak. Besteak beste, felidoen ugaltzea oztopatzea da haien helburua.

Katuen lagun izatetik Katulagun izatera pauso bakarra dago, baina ez edonolakoa. Animalien maitale ziren sei azkoitiarrek sortu zuten Katulagun elkartea 2017. urtean, kaleko katuei babesa eta etxea eskaintzeko xedez, eta, modu horretan, maskoten lagun izatetik, kaleko katuen zaindari izatera igaroz. Taldearen funtzioak ez dira aldatu urteek aurrera egin bezala; bai, ordea, taldearen osaera eta lanerako baliabideak. Gaur egun, hiru kidek osatzen dute Katulagun elkarteko zuzendaritza: Isabel Sanchezek, Luz Ibañezek eta Joaquina Ramilok. Horiez gain, beste hamar lagun inguruk parte hartzen dute elkartean, askotariko lanak egiten. Egun, hitzarmena dute Azkoitiko Udalarekin, eta akordioari esker, baliabide gehiago dituzte lanerako. Ramilo eta Sanchez elkartearen hastapenetatik dira taldeko kide, eta ondo ezagutzen dituzte inguruotako katuak, baita taldearen lana ere. Ramilok azaldu dizkio Gukari taldearen nondik norakoak.

"Katulagun 2017ko azaroan hasi zen elkarte erregistratu gisa lanean. Garai hartan, zenbait pertsonak antzeman genuen kontrolik gabeko katu koloniak areagotzen ari zirela herrian. Katu haietako asko gaixorik zeuden, eta asko ziren herritarrek agertzen zituzten kexak. Egoeraren larriaz jabetuta, pertsona talde bat lanean hasi ginen gure kabuz, kaleko katutxoak biltzen eta felidoen koloniak kontrolatzen. Hastapenetatik lan boluntarioan oinarritzen da elkartearen lana, baina 2023tik Azkoitiko Udalak laguntzen du gure jarduna; izan ere, hitzarmena sinatu genuen erakundearekin", azaldu du elkarteko presidenteak. Azkoitiko Udalarekin sinatutako lehen hitzarmena 2023ko uztailetik 2024ko uztailera bitartekoa izan zen, eta 2024an beste urtebeterako berritu zuten. "Hitzarmenean jasotzen eta zehazten dira gure zereginak eta konpromisoak", nabarmendu du Ramilok.

Erakundearekin duten hitzarmena Animaliak Babesteko Legearen araberakoa dela azaldu dute Katulagunekoek, hain zuzen, 2022an onartu zen legearen araberakoa. "Legeak zehazten duenez, udalek ardura dute herrietako katuen kolonien gainean, eta gutxieneko neurriak hartzera behartuta daude. Gu, legea onartzerako, Azkoitiko Udalarekin negoziatzen hasiak ginen, eta elkarlanerako zenbait gako zehaztuta genituen. Hori dela eta, legea onartu eta denbora gutxira sinatu genuen hitzarmena udalarekin; azkar, eskualdeko beste herriekin alderatuta. Azpeitian, esaterako, oraindik ez dute itxi hitzarmenik".

Elkartearen egitekoak

Horrenbestez, gaur egun Katulagun elkartea, Azkoitiko Udalarekin elkarlanean, herriko felido koloniak HEA metodoaren bidez kudeatzeaz arduratzen da, baina hori ez da haien egiteko bakarra. HEA metodoak horrela eskatuta, esterilizazio programaz, katuen identifikazioaz, katuen osasun kontrolaz eta aldizkako desparasitazioaz, kaleko katuen elikaduraz, ingurunea desinfektatzeaz eta garbitzeaz arduratzen dira, besteak beste. Horrez gain, "katu lagunkoiak" adoptatzeko programa dute martxan.

Ramilok azaldu duenez, "katuak abandonatu eta kontrolik gabe ugaltzen direnean sortzen dira felido koloniak", eta horiek kontrolpean edukitzeak kaleko katuen ugaltzea eteten du. "Garrantzitsua da katuen koloniak identifikatuta edukitzea eta horietan neurriak hartzea, katuak ugaritu ez daitezen", gaineratu du. Kolonietako katuei jaten ematen diete Katulagun elkarteko boluntarioek, hainbat irizpide jarraiki; izan ere, edonork ez du horretarako baimena. "Baimendutako pertsonek eta txartel zehatz bat duten boluntarioek soilik elika ditzakete kolonietako katuak. Horretarako ardurak banatuta ditugu", azaldu du Ramilok.

Guztira, Katulagun elkarteak hamazazpi kolonia ditu identifikatuta herrian zehar

Guztira, hamazazpi kolonia dituzte identifikatuta herrian zehar, eta horiek seinaleztatuta ditu Azkoitiko Udalak. Besteak beste, honako leku hauetan daude koloniak: Axiri eremuan, Aizkibel liburutegiaren atzean, Ibaiondo kalean, Zuazola kalean, Txurruka etxean, Balda plazan eta Trenbidearen Zumardian. Badaude koloniak identifikatzearen eta jatekoa ematearen aurkako iritziak ere. Esaterako, Naturkon Kontserbazioa Gipuzkoan taldea eredu horren aurkakoa da.

Katulaguneko boluntarioek kaleko katuak jaso eta albaitaritza klinikara eramaten dituzte. Han, albaitariek esterilizatu egiten dituzte, gehiago ugal ez daitezen. Gainera, parasitoak kentzen dizkiete, haien higienea hobetuz. Belarrian ebaki bat ere egiten diete, identifikazio marka gisa. Presidentearen arabera,"oso garrantzitsua" da katuen gaineko kontrola edukitzea, "maskoten egoera eta eboluzioa" zein den jakiteko.

"Katu lagunkoiei" etxea bilatzea da elkartearen beste funtzio nagusienetako bat. "Gure herrian abandonatuta topatzen ditugun katu guztiei etxea aurkitzen saiatzen gara, eta, horretarako, sare sozialak erabiltzen ditugu nagusiki. Horietara igotzen ditugu aurkitutako katuen argazkiak, eta bertan zehazten ditugu animalien ezaugarriak. Katuak adopzioan hartzeko pertsonak bilatu bitartean, elkarteko kideok eta boluntariook izaten ditugu harreran katuak. Beste hainbat, berriz, kolonietara itzultzen dira".

Elkartearen esku hartzeak helburu zehatzak ditu: "Azkoitiko kaleko katuen kopurua gutxitzea eta haien ugalketa murriztea, kaleetan katuen artean sortzen diren borrokak eta bestelako arazoak saihestea, katuen osasuna hobetzea eta gaixotasunak murriztea". Horrela, katuek eragiten duten zikinkeriagatiko kexak eta gatazkak murriztea bilatzen dute.

"Azken urteetan "neurriz gaineko gorakada" izan du abandonatutako katuen kopuruak

Zeregin horietarako laguntza eskaintzen die Azkoitiko Udalak. Presidentearen arabera, udalak ordaintzen ditu katuen esterilizazioak, txertaketak eta kolonietako katuentzako pentsua. Aldiz, etxeetan hartutako katuen gastuak Katulagunen esku daude. Finantzaketa propioa lortzeko hainbat azoka antolatzen dituzte eta jendearen ekarpen ekonomikoak ere jasotzen dituzte: "Eskertzen ditugu jendearen ekarpenak. Badaude noizbait katuak adopzioan hartu eta elkarteari laguntza ematen jarraitzen duten norbanakoak, baita dohaintzan materiala ematen digutenak ere".

Abandonuaren aurka

Elkarteko kideek kontatu dutenez, Azkoitiko kaleetan topatutako katuen kopuruak gorabeherak izan ditu urteetan zehar, eta ez da joera orokorturik egon. Ramiloren arabera, konfinamenduaren bueltan "nabarmen" gutxitu zen abandonatutako katuen kopurua Azkoitian, baina azken urteetan "neurriz gaineko gorakada" izan dela nabarmendu du, kezkaz: "Azken urteetan elkarteak egindako lanari esker, kaleko katu asko esterilizatuta daude, baina katuen kopurua ugaritzen ari da. Hori harrigarria bezain kezkagarria da, eta hainbat izan daitezke horren kausak. Adi egon beharko dugu".

Azken urtean, abandonatutako katuen "errekorra" zenbatu dutela nabarmendu du Katulagunek. Ez dute kaletik jasotako katuen zenbateko zehatzik, baina azaldu dute orain arte urte batean adopzioan emandako katuen batez bestekoa 40koa izan dela. 2024an, aldiz, 50 katutik gora eman dituzte adopzioan, eta urtea amaitzerako 55 inguru izatea aurreikusten zuten [erreportaje hau abendua amaitu aurretik idatzi zen].

"Eman nahi dugun mezua argia da: ez ditzatela katuak kalean utzi, ez ditzatela abandonatu. Ez dugu partikularren katurik jasotzen, baina adopziorako etxeak aurkitzen laguntzen dugu. Hobe da une egokian neurriak hartzea, eta aukera on bat da katuak adopzioan ematea", adierazi du elkarteko buruak.

Katulaguneko kideak eta Ana Azkoitia alkatea, hitzarmena sinatzen. (Azkoitiko Udala)

Boluntario beharra

Zazpi urteko bidea urratuta, nekea nabari dute Katulaguneko kideek. Hori dela eta, "ezjakintasunez" begiratzen diote etorkizunari. Aitortu dute norbaitek erreleboa hartzea nahiko luketela, edo, behintzat, jende gehiagoren ekarpena eskertuko luketela: "Denbora asko eskatzen duen lana da, arduraz egin beharrekoa. Hori dela eta, jende gehiagoren ekarpenak arnasa emango liguke; izan ere, ez dakigu etorkizunari nola heldu. Auto zahar bat eduki eta hura berritzeko nahikoa diru ez edukitzearen parekoa da gure egoera. Elkartea badugu, baina hori berritzeko eta indartzeko nahikoa baliabide pertsonal ez". Erreleboa ematea zaila ikusten dutenez, elkartean era batera edo bestera laguntzeko prestutasuna izan dezaketen herritarrengana iritsi nahi dute, gogoratuz 18 urtetik gorako edonor izan daitekeela boluntario edo elkarteko kide.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide