Andrea Pozo: "Zahartzaro garaia atsekabearekin lotzen da askotan"

Iraia Oteiza 2025ko ots. 15a, 09:00

Andrea Pozo. (Argazkiak: Maialen Etxaniz)

Ikerlaria da, eta gaur egun Matia Institutuan lan egiten du Andrea Pozok. 65 urtetik gorako pertsonen ongizatea helburu hartuta, zenbait proiektutan murgilduta dabil, adinekoei balioa emateko lanean.

Matia Institutuan lan egiten du Andrea Pozok (Azkoitia, 1997), adineko pertsonen bizi kalitatearen hobekuntza ikertzen. Adinekoei "ikusgarritasun handiagoa" eman behar zaiela sentitzen du, gizartean askotan "erabat ahaztuta" egoten direlako. Zahartze prozesuan kontuan hartu beharreko zenbait faktorez aritu da Gukarekin.

Politika Zientzietan graduatu eta genero ikasketak egin zenituen. Egun, Matia Institutuan egiten duzu lan. Zehazki zein proiektutan zabiltza murgilduta?

Matia Institutuan era askotako proiektuak gauzatzen ditugu, eta oro har, horien helburu nagusiak adineko pertsonen duintasuna eta bizi kalitatea bermatzea eta haien autonomia bultzatzea izaten dira. Martxan diren hiruzpalau proiektutan dihardut lanean, batez ere, Euskadi Lagunkoia eta Como en casa izenekoetan. Horietan ikerkuntza lantzen dut, metodologia kualitatiboa eta kuantitatiboa uztartuz, eta egia esan, oso ikerketa prozesu parte hartzaileak egiten ditugu.

Azaltzerik izango al zenuke zeren ingurukoak diren Euskadi Lagunkoia eta Como en casa proiektuak?

Euskadi Lagunkoia Eusko Jaurlaritzarekin batera lantzen ari garen proiektua da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, orotara, 84 udalerri daude programara atxikita, tartean Azkoitia, eta horietako bakoitzean adineko pertsonez, udaletxeko teknikariz zein erakunde horretako ordezkariz osaturiko talde eragile bat osatzen dugu. Talde horiek beraien udalerrietako adineko pertsonak zein egoeratan dauden eta zer behar dituzten aztertzen dute, ondoren jarduteko plan bat osatzeko.

Como en casan, aldiz, Espainiako Gobernuko Gizarte Zerbitzuen ministerioarekin eta Agenda 2030 egitasmoarekin batera egiten dugu lan. Duela hiruzpalau urte zenbait proiektu diruz laguntzeko deialdia ireki zituen Espainiako Gobernuak, besteak beste adineko pertsonak, umeak eta etxegabeak laguntzeko helburuz. Gure proiektua izan zen laguntza jasotzeko hautatu zutenetako bat, eta orduz geroztik, zaintza eredua eraldatzen eta etxekoiago bihurtzen laguntzen diegu Matia Fundazioko egoitza batzuei eta Asturiasko [Espainia] beste batzuei.

Euskadi Lagunkoiarekin batera, Azkoitia Lagunkoia programaren parte zarela esan daiteke, beraz.

Ez guztiz. Euskadi Lagunkoian lan egiten dudan arren, oraindik ez dut Azkoitia Lagunkoian aritzeko aukerarik izan. Hala ere, lankide bat Azkoitiko taldearen parte da, eta badakit lan asko egiten ari direla eta bide onetik doazela. Horren adibide da Euskadi Lagunkoiak urtero ematen duen saria Azkoitiko Pasira egitasmoak irabazi izana. Lan bikaina egiten ari diren seinale da aitortza hori jaso izana.

Hasieratik argi al zeneukan adinekoen kolektiboaren ikerkuntzan lan egin nahi zenuela?

Betidanik interesatu izan zaizkit gizartearen antolakuntza, sistemak, legeak... baina ikasketak aukeratzerakoan ez nuen batere garbi etorkizunean zer egin nahi nuen. Filosofia ere atsegin nuen, baina azkenean Politika Zientzien gradua egin nuen. Ikasten nenbilela konturatu nintzen ikerlana eta metodologia mundua gustuko nituela, eta ikerkuntzara bideratutako masterra egin nuen. Gero doktoretza bat egitea nuen pentsatua, baina COVID-19aren pandemiak planak hankaz gora jarri zizkidan, eta azkenean, Novia Salcedo Fundazioak emandako beka batekin, Matia Institutuan hasi nintzen lanean. Hasieran ez nekien Matia zer zen ere, baina asko ikasi dut, eta orain oso gustura ari naiz lanean. Hori bai, adineko pertsonei lotuta ezjakintasun handia dagoela konturatu naiz, batez ere gazteen artean.

"Bai politika publikoetan, bai ikerketan adinekoek presente egon behar dute"

Zergatik gertatzen da hori?

Inork ez digu aurretik gaiaren inguruko azalpenik ematen, eta etxean adineko pertsonaren bat zaintzea egokitzen zaigunera arte ezer gutxi jakiten dugu. Orain, kolektiboari lotuta egiten dut lana, eta gaia kontrolpean daukat, badakidalako zer egin daitekeen edota adinekoek zer-nolako laguntzak jaso ditzaketen. Aurretik, baina, ez nekien ezertxo ere, eta ez naiz bakarra. Ezjakintasun hori, gainera, arriskutsua izan daiteke, adinekoen iritzia alde batera uztera eraman gaitzakeelako. Informazio faltak askotan adineko pertsonen inguruko erabakiak hartzera bultzatzen gaitu, horiek etxean nola zaindu zehaztera edota egoitzara bidaltzera, adinekoari berari zer nahi duen galdetu ere egin gabe. Ez gara konturatzen, baina halako kasuetan adinekoek autodeterminazio osoa galtzen dute.

Adinekoen bizi kalitatearen hobekuntza ikertzen ari zara. Zer egin daiteke kolektibo hori hobeto bizi dadin?

Adineko pertsonei balioa ematean dago gakoa. Adinean gora egin ahala, pertsona mundu honetatik pixkanaka desagertuz joaten da, jada ez delako kontuan hartzen eta jarduera zein zerbitzu gehientsuenak gazteei zuzendutakoak izaten direlako. Azkenean, erabat ahaztutako kolektiboan bihurtzen dira. Ondo bizitzeko eta zahartzaroan bizimodu egokia izateko, adinekoek ere komunitatearen parte direla sentitu behar dute, egiaz mundu honetan jarraitzen dutela, hau da, bizirik daudela.

1990eko hamarkadatik hona asko hitz egin da zahartze aktiboari buruz, baina askok ez dakite horren egiazko esanahia zein den. Zahartze aktiboa kirolarekin eta dieta osasungarri batekin lotu izan dute askok, baina uste okerra da hori. Gainera, aktibo hitza modu horretan ulertzea arriskutsua dela iruditzen zait, adineko pertsona askok aktiboak ez direla senti dezaketelako kirolik egiten ez dutelako edota osasuntsu ez daudelako. Zahartze aktiboak norbere erabakiak hartzen jarraitzearekin eta norbere inguruan ekarpenen bat egiten duela sentitzen jarraitzearekin du zerikusia, hau da, parte hartzearekin. Garrantzitsua da esan nahi duena ongi ulertzea.

Gainerako kolektiboek zer egin dezakete adineko pertsona horiek komunitatearen parte direla sentiarazteko?

Adibidez, udalek espazioak ireki ditzakete adineko pertsonek beraien beharrak plazaratzeko aukera izan dezaten. Politikak egiterakoan ere kolektibo hori kontuan har dezakete, eta garrantzitsuena, adinekoen beharrak ez lituzkete usteen arabera zehaztu behar, beraiei zer nahi edo behar duten galdetu ere egin gabe.

Ikertzaile izanik, konturatzen naiz oso garrantzitsua dela adineko pertsonek ere ikerketa prozesuetan parte hartzea, eta ez elkarrizketetan bakarrik, baita diseinu eta planteamendu garaian ere. Azken finean, beraiek dakite egiaz zer behar duten eta beraien errealitatean zer gertatzen ari den. Horregatik, bai politika publikoetan, bai ikerketetan, adineko pertsonek ere presente egon behar dute.

"Bakardadea tabua da, heriotza bezala, eta inork ez du nahi izaten horretaz hitz egin"

Urteak igaro ahala, aldatu egin al da gizarteak adineko pertsonak ikusteko duen modua?

Zahartzaroa aurreiritziz eta estereotipoz josita dago, eta adinak oraindik ere markatu egiten du gizartean dugun presentzia. Esaterako, 65 edo 70 urtetik gorako bizimodua gaixorik egotearekin, ezer egin ezin izatearekin edota bakarrik egotearekin erlazionatuz gero, adin horretara iristen denak bere bizitza dagoeneko amaitu dela sentitzen du, jada ez duela inolako egitekorik. Hori guztia gizarteak ezarri dituen aurreiritzien ondorioz gertatzen da. Egia da 70 urteko batek esan dezakeela ez dela zahar sentitzen, eta oraindik egiteko eta bizitzeko asko duela, baina hori da pertsona horrek ez dielako aurreiritziei jaramonik egiten.

Zentzu horretan, gizartea zertxobait aldatzen hasi dela esango nuke. Orain arte, adinaren arabera, gauza bat edo beste egin zitekeen, eta egia da egun nortasunari gehiago begiratzen diotela belaunaldi gazteenek, hau da, norbere ohiturei, zaletasunei eta kulturari. Uste dut arreta, batez ere, bide horretan jarri beharko genukeela denok. Horren harira, oraindik ere sentsibilizazio gehiagoren beharra ikusten dut. Mahai gainean jarri behar da pertsona bakoitza ezberdina dela, eta, ondorioz, zahartzaroa ere modu ezberdin batean igaroko duela.

Zer dator erretiroa eta gero?

Askorentzat, ziurrenik, ezjakintasun handiko garai bat. Bizitzako une berri bat da, baina ez bakarra; adibidez, ikasketak amaitu eta lan mundura sartzean ere beste garai berri bat hasi ohi dugu, ikasle izatetik lanera goazelako eta dena delako berria. Aldaketa horretan ere ez dugu jakiten oso ondo zer egin behar dugun, eta askok antsietatea izaten dute. Erretiro garaiarekin gauza bera gertatzen da. Egia da garai horretan bizitzan zehar presente egon diren gauza batzuk falta izaten direla, esaterako, urte luzez egindako lana, edota pixkanaka hiltzen joan den inguruko jendea, baina bizitzako beste etapa bat baino ez da, eta horretara moldatu behar izaten da.

Oro har, gizakiak beldurra al dio zahartzeari?

Baietz esango nuke, baina ikusten dugunarekin edo ingurukoei gertatu zaienarekin zerikusi handia izaten du sentimendu horrek. Nik, esaterako, ikerketa lanak osatzeko egoitzetako egoiliar asko elkarrizketatu behar izan ditut, eta ikusi eta entzun izan ditudan gauza asko ez dira batere samurrak izan, batzuek ez dutelako aukeratu han egotea eta egoitzan bizitzea espetxean egotearekin alderatu duenik ere egokitu zaidalako. Pentsatzen jarrita, nik ez dut halakorik nahi, eta beldur puntu hori ematen dit niri ere.

Beste adineko batzuei ordura arte ezagutzen ez zuten pertsona bat sartzen zaie etxean, beraiek zaintzeko, eta beste kasu batzuetan, familiak egin behar izaten du zaintzen kargu; zenbait adinekok familiarentzat karga baino ez direla sentitzen dute halakoetan. Hori guztia ez da erraza, eta zahartzaro garaia atsekabearekin lotzen da askotan. Horregatik da beharrezkoa zaintza eredua aldatzea eta egitura beste era batera antolatzea.

"Adineko egoitza askotan ari dira pertsonetan oinarritutako zaintza bultzatzen"

Adinekoen egoitzetan nabari al da zaintza eredu aldaketa hori?

Denetarik dago, baina orokorrean, bai. Egoitza askotan ari dira pertsonetan oinarritutako zaintza bultzatzen, hau da, pertsonen autodeterminazioa erdigunean jartzen duen eredua martxan jartzen. Horietan, adineko bakoitzak bere eguneroko zeregin pertsonalizatuak izaten ditu, bere arabera prestatutako errutina, eta ez denentzat prestatutako berbera. Izan ere, pertsona erdigunean jartzen duen zaintza ereduak orain artekoa baino malguagoa izan behar du.

Zu bezalako ikerlari batek zer du esateko adineko pertsonen bakardadeaz? Kolektibo horrek duen arazo handienetarikoa al da hori?

Adineko pertsonen artean dagoen arazoetako bat da bakardadearena, baina baita gizarte osoan dagoena ere, gazteen artean ere badagoelako arazo hori. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi baldintzei lotuta egindako 2020ko inkesta baten arabera, bakarrik sentitzen dira adinekoen %27. 2024an Soledades behatokiak ateratako txosten baten arabera, berriz, Espainia mailan populazio osoaren %20 bakarrik sentitzen da.

Bakardadea tabua da, heriotza bezala, eta inork ez du nahi izaten horren inguruan hitz egin. Bakarrik sentitzen diren asko errudun sentitzen dira, bizitzan porrot egin dutela uste dute, eta ez dute gaiaz inorekin hitz egiten. Hitz egiten ez denez, zaila da bakarrik sentitzen diren pertsonak identifikatzea eta horiei laguntzea. Tabu hori desegin eta bakardadea normalizatu egin behar da, denok sentitzen garelako noizbait gisa horretan.

Zer egin daiteke bakardadea saihesteko?

Garrantzitsua da sare komunitarioak sortzea, bakardadeari komunitate mailan egin behar zaiolako aurre. Azken finean, auzoetan antena moduko batzuk sortzen dira; saltokiak antenak dira, farmaziak ere bai, bizilagunak... Eta denak elkartu eta sare bat eratuta askoz errazagoa da bakarrik dauden pertsonak identifikatzea eta horiei laguntzea. Koordinazio puntu hori sortzea oso egokia da halako egoerei aurre egiteko, gizarte zerbitzuek beraiek bakarrik ezin dutelako ezer egin sare komunitario indartsurik gabe.

Alderik nabari al duzue sare komunitarioak landa eremuan ala hirian eratu?

Alde handia dago. Landa eremuan guztiek dute elkarren berri, eta askoz errazagoa da bakardadea bezalako egoeraren bat atzematea. Lan komunitarioa eginda daukate jada, nukleoa askoz txikiagoa delako. Hirian askoz zailagoa da, eta garbi ikusi dugu hori Euskadi Lagunkoiaren barruan dugun Farmazia Lagunkoia egitasmoan. Proba pilotu bat egin dugu hiru lekutan: Dulantzin [Araba], Aretxabaletan [Gipuzkoa] eta Barakaldon [Bizkaia]. Programan ikusi dugunez, Dulantzin jada antena komunitarioak osatuta daude, eta farmazialariak herritar oro ezagutzen du; Barakaldon, baina, halako espazio edo sare bat sortzea asko eskertu dute, ordura arte elkar ezagutu ere egiten ez zutelako.

Bakardadeaz gain, beste zein arlotan ari zarete lanean Matia Institutuan?

Udalerri askotan adierazi digute zaintza sistema berriak ezartzeko interesa, eta haiei laguntza teknikoa eskaintzen diegu. Halaber, adineko pertsonen elkarteetako ereduak eraldatzeko lanean ere ari gara, eredu batzuk oso zaharkituta geratu direlako eta gaurkotu beharra daudelako, gaur egungo adinekoak kontuan hartuta.

Gaiari lotuta, zenbait hitzaldi ere eskaintzen dituzue. Zuri ere egokitu zaizu halakoren bat eskaintzea. Normalean, zer izaten duzue hizketagai?

Matia Institutua Matia Fundazioaren barruan kokatzen da, eta fundazioa zahartzaroari lotutako gaietan erreferente denez, hitzaldiak edota ikastaroak jaso nahi dituztenak gurekin jartzen dira harremanetan. Pertsonan oinarritutako zaintzari, zahartze aktiboari edota adinekoen parte hartzeari buruzko saioak eskaini ohi ditugu. Batzuk adinekoei zuzendutakoak izaten dira, beste batzuk haien familiartekoei, eta profesionalentzat ere eskaini izan dugu saioren bat edo beste.

Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak, aldundiek, udalek, elkarteek... programa gero eta gehiago prestatzen dituzte adineko pertsonei zuzenduta. Bide onetik al doaz?

Urrats handiak egiten ari dira, baina egiteko asko dago oraindik ere. Erakundeek mahai gainean jarri dute gaia, eta ari dira pixkanaka aurrerapausoak ematen. Berri ona da hori. Nire ustez, baina, garrantzitsuena prozesu horietan adineko pertsonak ere barne hartzea da, beraiek ere presente egon behar dutelako aurrerapausoak emateko garaian. Askotan sortzen dugu ustez adinekoentzat egokiena den legeren bat edo zerbait, baina beraiei galdetu gabe, eta hori akatsa da. Pentsa dezagun zer egin dezakegun adineko pertsonak ere halako prozesuetan sartzeko eta beraien beharrak ongi ezagututa haiei egiaz laguntzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide