Ostiral arratsaldean Barakaldon izandako hilketa matxistaren aurrean, Itaiak elkarretaratzera dei egin zuen gaur eguerdirako, eta haren deiari erantzunez, dozenaka izan dira 13:00etan herriko plazara bertaratu diren herritarrak. Indarkeria matxistaren aurka borrokatu! zion pankartaren atzean jarrita, hilketa gaitzetsi zuten batetik, eta hildako emakumearen familiakoei eta ingurukoei babesa eta elkartasuna adierazi dizkiete bestetik.
Eta ez hori bakarrik; "nazkatuta" daudela ere adierazi dute. 2024ak utzitako zenbaki "gordinak" gogora ekartzeko baliatu dute bilkura: Euskal Herrian sei hilketa matxista, eta eskualdean bertan gutxienez 43 eraso matxista, azkena abenduaren 31n bertan. "Eta hemen gaude, urte hasi besterik ez denean egin, beste erailketa matxista bat salatzen".
Itaiaren ustetan, zifra horiek agerian uzten dute emakumeak oraindik ere zapaldutako posizio batean daudela. "Ez dugu onartuko indarkeria matxista existitzen ez dela edo asmakizun ideologiko bat dela bezalako ideiak zabaltzerik, indarkeria matxista ukatzeak horiek normalizatzen dituelako eta erasozaileen inpunitatea handitzen duelako".
Indarkeria matxista emakumeek egunerokoan jasaten duten "gaitzik gordinenetakoa" izan arren, jendearen artean geroz eta inpaktu txikiagoa sortzen duela uste du Itaiak, eta egoera horri buelta emateko bidea "antolatzea eta borroka egitea" direla iritzi dio. "Emakumeok lehen lerroan egon behar dugu, baina ez da nahikoa; gizarte osoaren inplikazioa behar da".
Itaiak eta gaur plazan bildutako herritarrek aurrerantzean ere borrokan jarraituko dutela berretsi dute, "eraso matxistak desnormalizatzen, erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatzen eta ideologia matxista eta atzerakoiei eta horiek zuritzen dituzten alderdiei eta sektoreei aurre egiten", eta borroka horretan norbere alea jartzeko deia egin diete gainontzeko herritarrei ere.