Isilune Zirkuluak urteko azken elkarretaratzea egin zuen atzo, osteguna, herriko plazan. Gizartearen gehiegizko kontsumismoa eta munduko gosetea salatu zituzten dozenaka lagunek enparantza nagusian bilduta. "Noiz esango dugu nahikoa da eta kito!", adierazi zuten irakurketari ekiteko.
Kontsumismoak "hiru gauza lapurtzen" dituela azpimarratu zuten: denbora, dirua eta datuak. "Interneten erosten dugu, ez daukagulako astirik dendara joateko, baina han galtzen dugu denbora, bidean datu eta arrasto guztiak utzita. Merkeagoa delako erosten dugu herritik kanpo, baina behartuta al gaude behar ez duguna erostera?", galdetu zuten. Era berean, gehiegizko kontsumismoa "esplotatuta bizi diren pertsonen bizkar" egin ohi dela nabarmendu zuten. Hori hala, gauzei "bigarren bizitza bat" ematera deitu zituzten herritarrak, "kontsumo arduratsua eta jasangarria" bultzatuz. Jose Mujica Uruguaiko presidente ohiaren hitzak "eredugarriak" direla azalduta, haren hitzak ere irakurri zituzten: "Pobreak ez dira gutxi dutenak, asko nahi dutenak baizik. Ni ez naiz pobreziaz bizi, austeritateaz bizi naiz, uko eginez. Bizitzeko gutxi behar dut".
"Bizitzeko kontsumitu, ez alderantziz"
Zirkulua osatu aurretik azaldu zuten "komertzialen interesek inposatutako Gabonetako klima faltsuak neurrigabeko kontsumora deitzen, makurrarazten eta bultzatzen" duela gizartea. Aldi berean, munduko milioika biztanlek pairatzen duten gosetea, desnutrizioa eta miseria salatu zituzten atzo plazan bildutakoek. "Benetako norabidea aldatu behar da. Gutxiengoa garen arren, bizitzeko lain kontsumitu behar denaren kontzientzia hazteko lan egin behar dugu, eta ez kontsumitzeko bizi behar denarena. Ez dugu itxaroteko denbora gehiago; apaltasunez baina irmo jokatu behar dugu".
Argi eta ozen esan zuten erronkak ez lukeela izan beharko ondo bizitzea. "Bizitza on baten alde egiten hasteko ordua da, denoi on egingo digun bizitzarena. Bizitza ona, bizitza xumea eta doia egitetik hasten da, azalekoa den guztiari uko eginez. Egin dezagun entsegu bat Gabonetako egun hauetan. Gabonak ez dira kontsumismoa, partekatzea baizik", esan zuten, amaitzeko.