Gabonak iristear daude, eta asko dira beren etxeetan jaiotza jartzen duten herritarrak. Normalean, xumeak izaten dira horiek, etxeko sarreran edo egongelako alde batean kokatuak. Horrelaxe hasi zen Jose Ignacio Arrieta Arana (Azkoitia, 1961) ere; hasieran, estalpea eta bertako kideak jartzen zituen. Pixkanaka-pixkanaka, baina, beste tamaina bat hartu du beren etxeko jaiotzak, eta egun, egongelako zati handi bat hartzen du guztia atontzeko.
Zer dauka berezitik zuen etxeko jaiotzak?
Urtero-urtero pieza bat gehitzen diot jaiotzari. Egia esan behar badut, jada ia sartu ere ez gara egiten egongelan, baina neurri honetan mantenduz gero, uste dut polita gelditzen dela jaiotza. Lana eskatzen duen zerbait da, baina oso gustura egiten dut.
Noiz hasi zinen tradizioarekin?
Duela 30 urte inguru hasi nintzen, poliki-poliki; hau ez dut lortu egun batetik bestera. Hasieran, estalpea eta bertako pertsonaiak jarriz hasi ginen jaiotzarekin; gero, Erregeekin osatu genuen, eta handik aurrera iritsi zen beste guztia. Pieza berriak erosi ahala, jaiotza zabaltzen hasi nintzen, eremu berriak jartzen. Aurten, jaiotzaren eskuinaldean gehitu dut beste zati bat, bestela ez zitzaidan dena sartzen. Urte batean edo bestean aukeraketa ere egin behar izan dut, eta pieza batzuk kanpoan utzi.
Beraz, ia-ia kasualitatez hasitako kontua da.
Bai. Emaztea Bilboko [Bizkaia] kontserbatorioan zegoela, denbora tarte hori aprobetxatu behar izaten nuen, eta behin bertako El Corte Ingles merkataritza gunera sartu nintzen. Bertan ikusi nuen gaur egun etxean dugun estalpea, eta harrezkeroztik, Bilbotik, Sevillatik [Espainia], Salamancatik [Espainia] eta Madrildik ekarri izan ditut piezak.
Azken urteetan Madrildik ekartzen dituzu, ezta?
Bai, ohitura dugu hiru lagunek abenduko zubian Madrilera joateko. 05:30 aldera irteten dugu etxetik, eta Madrilera iritsitakoan txurroak txokolatearekin jaten ditugu. Hori eginda, Plaza Nagusira joaten gara Gabonetan bertan jartzen duten azokatxoan buelta bat ematera, eta bertan erosten ditut figuratxo berriak, bat edo bi, eskaintzaren arabera. Loteria erosteko ere aprobetxatzen dugu bidaia, eta behin hori guztia eginda, etxerako bideari ekiten diogu. Aranda de Dueron [Espainia] bazkaldu eta arratsalde bukaera aldera iristen gara Azkoitira.
Itzulitakoan jaiotza jartzeko prest izango zara, baina zenbat denbora behar izaten duzu guztia jartzeko?
Egun oso bat eta erdi inguru igarotzen dut guztia atontzen, presarik gabe, baina gelditu gabe. Lehenik, atze-atzean dagoen zatiarekin hasten naiz, eta guztia muntatutakoan hasten naiz aurrekoarekin. Izan ere, behin aurrekoa jarrita, zaila da atzeko zatietan aldaketak egitea. Gauzak pentsatuta egitea gustatzen zait, eta behin ziur nagoenean muntatzea. Egia esateko, jada tamaina hartuta daukat, eta ez zait hain zaila egiten dena jartzea; gehiago kezkatzen nau muntatu ondoren zerbait aldatu behar dudala pentsatzeak.
Bakarrik jartzen al duzu guztia?
Ez, emazteak, semeak eta alabek ere laguntzen didate, eta hori ere eskertzen dut. Abenduko zubi inguruan izugarrizko mugimendua egoten da etxe honetan; ganbarara igo eta jaitsi ibiltzen gara denok. Egia esateko, batzuetan kexak ere izaten dira. Alde horretatik, pentsatu izan dut noizbait dudan guztia norbaiti lagatzea, baina ardura handia ere bada, eta momentuz ez dut horrelakorik egingo.
Orotara, zenbat pieza daude zure jaiotzan?
Gizabanakoak bakarrik zenbatuta, 95 inguru izango dira. Horri gehitu behar zaizkio animaliak, frutak eta barazkiak nahiz bestelako elementu guztiak. Bakoitza bere kaxan gordetzen dut ez apurtzeko, eta argazki bat ere jartzen dut, jakiteko kaxa bakoitzean zer dagoen. Jasotakoan ganbaran gordetzen dugu guztia, espresuki horretarako dugun leku batean. Leku horretan ez da beste ezer sartzen.
Horien guztien artean, ba al duzu kutunik?
Bai, baditut batzuk. Adibidez, gure aita bizargina zen, eta lanbide horretako irudi batzuk ditut. Erregeen inguruan ere badaukat beste bat oso berezia, heldu bat ume batekin dagoena, eta ez nuke jakingo esaten zergatik, baina estimu handia diot.
Urtean zehar pentsatzen duzu zer erosiko duzun ala momentuan erabakitzen duzu?
Bietatik. Ideia bat izan dezaket, baina erostera joaten naizenean parekoa bilatu behar dut hura etxera ekartzeko. Ideiak etortzen zaizkit burura urtean zehar, eta etxekoek ere ematen dizkidate.
Aurrera begira, jaiotza nola haziko da?
Ia egongelako alde oso bat hartzen du, lehio aldean hasi eta pianora arte. Azken hori ezin dut mugitu, bestela ni ere etxetik botako naute eta. Beraz, leiho inguruan goraka haztea da nire asmoa, beste pisu bat aterata. Gauza asko egin daitezke, askoz hobeto ere egin daitezke gauzak, baina nik leku mugatua dut, eta dena ezin denez, ahal dudana egin beharko dut.