Herritar guztiak elkartuta agurtu nahi du Azkoitia 700 batzordeak mendeurren borobila

Miren Sorazu 2024ko abe. 28a, 08:52

San Martin ermitako erlojua. (Andoni Elduaien)

[Inozenteen Egunaren harira kaleratutako albistea] Azkoitia hiribildu izendatu zuteneko 700. urteurrenean,  "aparteko ekintza" batekin agurtu nahi du Azkoitia 700 batzordeak mendeurrena, eta horrenbestez, urtea bera. San Martin muinoan elkartu nahi ditu herritarrak, guztiek batera jarrai ditzaten kanpaikadak. "Sorpresaz betetako" ekitaldia iragarri dute.

"Urte berezia izan da amaitzear dagoena, herriaren hiribildua sortu zeneko 700. urteurrena ospatu baitugu, eta aparteko efemerideak merezi duen neurriko agurra izan dezan, herritarrok elkartuta agurtuko dugu urtea, eta beraz, mendeurrena bera". Hitz horiekin iragarri du Azkoitia 700 batzordeak Urtezahar gauerako antolatu duen ezohiko ekitaldia: Azkoitiko herria sortu zen leku berean, San Martin auzoaren muinoan, elkartu nahi ditu herritarrak abenduaren 31 gauerdian, eta modu horretara eta "herria bat eginda", herritarrek elkarrekin jarraituko dituzte urtea agurtzeko kanpaikadak.

Batzordeak 23:45erako jarri du hitzordua ermitaren bueltan, eta hain zuzen, ermitako kanpaiekin iragarriko dute ekitaldiaren hasiera, urte berrian sartzearekin batera, hamabi kanpai entzungo baitira. Ondoren, San Martin egunez bezala, herritarrek kanpaia jotzeko aukera izango dute. Antolatzaileen arabera, ekitaldi "xumea bezain hunkigarria" izango da, "sorpresaz betetakoa". Besteak beste, suzko erroberak eta musika ez dira faltako.

Eguraldiaren menpe

Antolatzaileak dagoeneko eguraldiaren iragarpena "adi-adi" jarraitzen ari dira, jakitun baitira giroak eragin dezakeela ekitaldian. Izan ere, San Martin muinoan aterperik ez egoteak zaildu egin dezake egitasmoa, eta hori hala izanda, abenduaren 31n euria egingo balu, Elkarguneko Herriko Plaza aretora lekualdatuko dute Urtezaharreko jaia.

Abenduak 28, 18:00: Azkoitia Gukak Inozenteen Egunaren harira kaleratutako albistea da hau. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide