Nazioartea Siriara begira dago: amaitu da Baxar al-Assaden erregimena. "Pozez" hartu du berria Abdul Magid Omarok (Hamame, Siria, 1944). 1974an iritsi zen Euskal Herrira, lanera. Medikua da, eta jardun horretan aritu zen Azkoitian zein Azpeitian. Gaur egun, Zarautzen bizi da, eta handik begiratzen dio jaioterriari. Abenduan 80 urte bete berri ditu, eta "oparitzat" du Sirian gertatutakoa.
Hamahiru urte egin behar dira atzera Siriako gerraren hasierara jotzeko, 2011ko Udaberri Arabiarraren garaira, hain justu. Urte hartan milaka herritar irten ziren kalera, Siriako presidente Baxar al-Assaden gobernuaren aurka. Urte luzeko gerrari eta 54 urte iraun dituen erregimenari 11 egunetan egindako ezusteko erasoarekin eman diote amaiera. HTS Sortaldea Askatzeko Erakundeak egindako altxamenduak astindu ditu bazterrak, eta ikusteko dago zer gertatuko den. Omarok "baikor" begiratzen dio etorkizunari.
Nola jaso zenuen Baxar Al-Assaden gobernua erori izanaren berria?
Poz ikaragarriarekin. Gainera, nire 80. urtebetetze egunarekin batera iritsi zen berria. Urte luzez desiratutako eguna zen, eta hainbeste denbora zain egon ostean iritsi da. Momentu batzuetan esperantza galdu nuen. Pentsatzen nuen ez nintzela sekula Siriara itzuliko, ezingo nuela nire jaioterria berriro ikusi, ezingo nuela hango senideekin elkartu. Historiak, ordea, herriari ematen dio arrazoia beti. Azkenean, Siria libre dago, eta hori da garrantzitsuena.
Esperotako eta desiotako berria izan al da?
Desio nuen, baina ez nuen espero; ez, behintzat, une honetan. Pentsatu nahi nuen iritsiko zela noizbait, baina ia hamalau urte igaro dira gerra hasi zenetik, eta gauza asko gertatu dira. Azkenean iritsi da, eta eskerrak.
Nolakoa zen egoera Sirian altxamenduaren aurretik?
Nik bost hamarkada pasatxo daramatzat Euskal Herrian; Medikuntza ikastera etorri nintzen, eta ordutik hemen bizi naiz, baina une oro nago hara [Siriara] begira. Orain arte presidente izan denaren aita agintean jarri zenetik askatasunik gabeko estatua izan da. Erregimenak iraun duen bitartean, tortutaz, kartzelaz eta mafiaz betea egon da Siria. Mundu guztia zen gobernuaren beldur: gobernuaren aldekoa ez bazinen, bestelako pentsamenduak bazenituen, traidorea zinen, eta, traidore bazinen, akabo.
Senideak dituzu Sirian. Zer diote gertatutakoaz?
Zoriontsu daude; pozik, baikor. Argia ikusi dute. Hitz egin dezakete, eta bizitza arrunta dute orain. Lehen beldur ziren, estatuaren segurtasuna eta presidentearen figura ukiezinak baitziren. Pertsona errugabe asko daude oraindik desagertuta. Esango nuke gizateriak ez duela ezagutu Siriako erregimenaren parekorik; okerrenetan okerrena izan da.
Egunotan zalantzak eta ezjakintasuna dira nagusi. Zer irakurketa egiten duzu zuk?
Al-Golani izan da iraultzaren gidaria. Medikuntza ikasketak utzi eta Irakera joan zen AEBen aurkako gerrara. Bazuen sinpatia erakunde islamistekin. Sasoi hartan kartzelan egon zen, eta Al-Qaedako liderrekin harremana izan zuen, baina baita desadostasunak ere. Beraz, kartzelatik ateratakoan, bere kabuz Siriaren alde borrokatzeko hautua egin zuen, eta gerora sortu zuen borrokarako frontea. Hainbat urtez ez aurrera ez atzera ibili ziren, blokeo egoera tarteko; izan ere, hor zeuden Errusia, Iran, askotariko miliziak... Blokeoa zen nagusi, eta ezin zuten apenas ezer egin. Armada sortu zuten, 120.000 inguru soldaduz osatutakoa, anitza. Urte asko eman dituzte borrokan, eta egun gutxiren buruan Siria konkistatzea lortu dute. Zergatik? Herria alde zutelako. Siriako armadako militarrek ere ez zuten erresistentzia egin nahi izan. Iraultza ederra egin du Al-Golanik. Lehen, gerra liderra zen. Orain, estatu liderra da, eta pixkanaka estatua martxan jarriko duelakoan nago.
Zure ustez, egonkortasun agertoki bat edo gatazka ziklo berri bat irekiko da lurraldean?
Herrialde arabiarrak pozik daude, jakin bazekitelako lehengo erregimena zeinen mafiosoa zen. Europa eta AEB pozik daudela esango nuke, baina zain daude, tentuz. Nahi dutena da hauteskundeak deitzea, eta, era berean, askatasuna iristea Siriara, ideologia desberdinak errespetatzea eta herrialde demokratikoa izatea. Ez da erraza izango; hau ez da egun batetik bestera aldatuko. Matxinoek zailtasunak izango dituzte bidean, baina pixkanaka ikusiko da zer gertatzen den. Nire aburuz, bide onetik doa auzia.
Beraz, baikor zaude.
Bai, herria baikor dago. Gaur egun, lurraldea suntsituta dago, eta honek berriro martxan jartzeko aukera zabaltzen du. Badaude egoera kezkaz bizi dutenak ere, beldurrez daudenak, zer gertatuko den jakitea ez baita erraza, baina dena dago egiteko. Lehengoa baino okerragoa den egoerarik, ziur, ez dela iritsiko.
Siriara itzultzeko asmorik ba al duzu?
Noski. Ahal badut hilabete barru joango naiz; oxala. Aberriarekiko maitasuna ez da sekula galtzen. Ahal badut eta posible baldin bada, itzuliko naiz, ziur.
Nolako Siria duzu amets?
Etorkizuneko Siria lurralde anitz eta librea izatea desio dut, gobernu zibila izango duena, emakumeei ere aitortza egingo diena. Giza eskubideak bermatuko dituen Siria dut amets. Ez dadila mendekurik egon. Siriarrok Siria berri bat nahi dugu; berde koloreko banderaduna. Herri borrokalaria da Siriakoa, eta historiak arrazoia emango digu.