Javier Elorza historialariak Azkoitia eta bere sustraiak: Iraurgiko San Martin eta Miranda liburua aurkeztu zuen atzo Elkargunean, herritarren aurrean. Oteiza aretoa osorik bete zen aurkezpen ekitaldian.
450 orritik gorako liburua ondu du egileak, eta Azkoitiko hiribildua sortu aurreko egoera, hiri gutuna, kontzejuaren finkatzea, itsas jarduera eta merkataritza, Koroaren gerrak edota sasoi hartako egunerokotasuna bildu ditu zortzi kapitulutan banatutako lanean.
Liburua Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura sailak argitaratu du Azkoitiko hiri gutunaren 700. urteurren ospakizunen harira. Hori horrela, egileaz gain, lanaren aurkezpen ekitaldian parte hartu zuten liburuaren kooordinatzailea den Juan Bautista Mendizabalek, Ana Azkoitia alkateak eta Maria Jose Telleria aldundiko Kultura zuzendariak. Horiek banan-banan hartu zuten hitza.
Ana Azkoitia alkatearen esanetan, liburuak "denboraren ikuspegia" eskaintzen du, eta kontakizun historikoan murgilduta, "azkoitiarren sustraietan sakontzeko aukera" ematen du. "Gure erantzukizuna da gazteei zer garen eta zer izan garen azaltzea, eta liburu honek transmisiorako bidea eraiki digu”, adierazi zuen.
Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak ere Javier Elorzaren lana txalotu zuen, artxiboek historialarien eskua behar dutela azpimarratuz.
Juan Bautista Mendizabalek hartu zuen hitza jarraian, eta Elorzarekin lan egitea "esperientzia izugarria" izan dela adierazteaz gain, liburuan "orain arte entzun gabeko Azkoitiko historia ugari" bildu dituztela azaldu zuen hark, irakurleek liburua "oso gustura" irakurriko dutela gaineratuz.
Azkenik, Javier Elorzak berak hartu zuen hitza. Liburua osatzen lagundu dioten guztiei eskerrak emanez hasi zuen bere hitzaldia, eta liburuaren xehetasunak nahiz XV. mendetik aurrera herrian gertatutako zenbait kontu azaldu zituen jarraian, hainbat plano, dokumentu eta argazki jendaurrean erakutsiz. "Artxibo ezberdinetako dokumentuen bilketan eta transkripzioan egindako urteetako lanaren emaitza da liburua", azaldu zuen berak.
Azkoitia eta bere sustraiak
Azkoitia eta bere sustraiak: Iraurgiko San Martin eta Miranda liburuak hiribildua ofizialki sortu aurreko ikuspegia du abiapuntu, eta garai hartako populazio sakabanatua, bideak eta gurtzarako guneak azaltzen ditu aurreneko atalean.
Hortik aurrera, hiribilduaren sorreran murgilduko da irakurlea. Elorzaren azalpenen arabera, "1324. urtean San Martin de Iraurgi hiribilduari hiri gutuna eman zioten, eta zazpi urte geroago, Miranda de Iraurgi izeneko hiribildua sortu zen, Balda inguruan. Urak eragin zuen hiribilduaren izen eta leku aldaketa, San Martinen bueltan ez zegoelako errekarik, eta garai hartako hiribilduak uraren bueltan egin ohi zirelako".
Hurrengo ataletan, Baldako ahaide nagusien inguruko kontuak, kontzejuaren antolaketa eta funtzionamendua, XV. mendearen amaieratik errege administrazioko postu garrantzitsuetan aritu ziren azkoitiarren istorioak, hiribilduko nabigatzaileen eta merkatarien bizipenak, herriaren bilakaera markatu zuten gertakariak, eta errolda kontuak, alkateen zerrenda zein biztanleria datuak ditu kontagai liburuak.