Kattu oroitu dute, haren hilketaren 41. urteurrenean

Ane Olaizola 2024ko abe. 15a, 13:45

Ostegunean 41 urte beteko dira GALek Ramon Oñederra Kattu hil zuenetik, eta hura oroitzeko ekitaldiak egin dituzte gaur: parrokiaren ondoan, lore eskaintza egin diote, eta Kultur Etxean Kattu Haur Xake Jaialdia jokatu dute.

Datorren ostegunean 41 urte beteko dira GALek Ramon Oñederra Kattu tiroz hil zuenetik, lan egiten zuen Baionako Kayetenia ostatuan. Askapenerako Terrorismoaren Aurkako Taldearen lehen hilketa izan zen hura, eta lau hamarkada geroago, azkoitiarra oroitzeko ekitaldia egin dute gaur eguerdian hainbat herritarrek.

Eliz atarian, Katturen omenez jarritako monolitoan, elkartu dira beste behin herritarrak eta Katturen senideak, familiari zein berari lore eskaintza egiteko. Katturekin batera, "gatazka politikoaren ondorioz" hildako Jabier Larrañaga Peru, Jose Luis Salegi Txipi eta Txetxu Urteaga azkoitiarrak ere oroitu dituzte ekitaldian. Horrez gain, esker oneko hitzak izan dituzte senideentzat zein Anaitasuna Kakute xake taldearentzat.

Izan ere, Katturen xake memoriala jokatu dute gaur bertan, Anaitasuna Kakute xake taldeak antolatuta. Hark xakearekiko zuen zaletasunagatik, elkartea duela 40 urte hasi zen egitasmoa antolatzen, eta iaz, berriz, Kattu Haur Xake Jaialdia izena hartu zuen. Joan zen urtea bezala, beraz, umeak izan dira aurten ere protagonistak, eta 14 bat ume elkartu dira xake taldeak Kultur Etxean duen egoitzan, xakean goiz pasa ederra eginez. Zazpi txanda jokatu ondoren, Yeray Fernandez eibartarra nagusitu da, eta hark bezala, Erik Fernandez eta Alaitz Hidalgo azkoitiarrek bosna puntu lortu dituzte. Antolatzaileek azaldu dute "mugarria" dela egitasmoa 40. urteurrenera iritsi izana: "Txapelketa honek beti izan du magia, eta sortzen duen giroak laguntzen du urtez urte mantentzen, partaideek berriz jokatu nahi izaten baitute. Gazteengan ere eragin handia izaten du, ikasitakoa praktikan jartzen dute eta, aldi berean, lagun berriak egiten dituzte".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide