Apustu batetik, ibilbide batera

Naia Arrizabalaga 2024ko abe. 12a, 10:17

Julen Alberdi 'Txikia IV.a' eta Mikel LarraƱaga aizkolariak.

Plazarik plaza aizkoran aritzen dira ia astero Julen Alberdi Txikia IV.a (Azkoitia, 1991) eta Mikel Larrañaga (Azpeitia, 1989). Etorkizunean plaza ugaritan batera ariko zirela jakin gabe, aizkorako lehen pausoak batera eman zituzten, bi kuadrillen arteko apustu bat medio. Kirol sakrifikatua bada ere, urte luzetan ibilbide oparoa egin dute lehiaketetan zein apustuetan biek ala biek, ingurukoen laguntza ezinbestekoarekin. Azken urteetan aizkolaritzak aldaketak izan dituela onartu dute biek, baita aizkora ez dela lan fisikora soilik mugatzen ere, eta presioa ere kudeatu behar izaten dutela. GUKAren Herri kirolak 2024 gehigarrian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Gaur egun, bakoitzak bere bidea egiten badu ere, plazetako ibilbidea batera hasi zuten Larrañagak eta Txikiak. Kuadrillen arteko herri kirol apustua jokatu zuten, eta elkarren aurka egitea tokatu zitzaien aizkoran. Gogoan daukate egun hura: "Ez genuen ezer handirik jokatu, egun-pasa bat izan zen, eta irabaztearen aitzakiarekin, beste egun-pasa bat antolatu genuen". Txikiaren kuadrilla izan zen garaile egun hartan. Apustu haren ostean, ibilbideari ekin zion azpeitiarrak, eta entrenatzen hasi zen. Alberdik, aldiz, ez zuen "fundamentuz" jarraitu, ikasten ari baitzen, eta erakusketa bat edo beste egin zuen arren, 22 urterekin erabaki zuen aizkoran "serio" hastea. Ordutik aurrera, plaza ugari egin dituzte biek ala biek,eta euren egunerokotasunean aizkorak presentzia handia hartu du. Larrañagaren hitzetan, "hiru onenen artean" daude, eta maila onean egoteak entrenamendu ugari egitea zein zaintzea dakartza. Azkoitiarrak nabarmendu du, egunero ez entrenatuagatik ere, elikadura edota deskantsua zaintzea ezinbestekoak direla txapelketa garaian. Lanketa fisikoa ez ezik, presioa kudeatzeko lan psikologikoa ere egin behar dela argi daukate biek.

Maila onean jarduteko helburuarekin, azken urteetan hainbat aldaketa egin dituela nabarmendu du Larrañagak: "Lehen ez nuen horrenbesteko presiorik sentitzen, baina horren maila onean gaudenez, jendeak zein neure buruak presioa areagotu dute azken urtetan". Hori horrela, horrek plazetan lehen gisa gozatzea galarazi izan dio. Txikiak dio azken postuetan dabilenak galtzeko "ezer gutxi" daukala, eta horrek lasaiago ibiltzea ahalbidetzen diela. Goiko postuetan, ordea, ingurukoen jardunak ere presioa areagotzen dute azkoitiarraren arabera, "kalte" egiteraino.

Julen Alberdi Txikia IV.a. (Ibon Errazu)

Ibilbide luzea egin dute biek ala biek hasiera haietatik goiko postuetara iritsi artean, eta bide hori aizkoraz haratago joan da. Erakusketak zein txapelketak medio, leku berri ugari ezagutzeko aukera izan dutela azpimarratu du azkoitiarrak: "Herri askotako festak ezagutu ditugu, aizkoragatik ez balitz inoiz ez genituzkeenak ezagutuko". Larrañagaren esanetan, gehienbat Nafarroan zein Gipuzkoan ibili ohi dira. Euskal Herriko plaza ugaritan aizkoran aritutakoak badira ere, 2025. urtean Boisseko (AEBak) Euskal Jaira joatekoak dira biak, nahiz eta atzerrira joatea ez den "ohikoena", bien arabera. Boissen Euskal Herritik kanpo egiten den euskal kultura ekitaldirik handiena egiten da bost urtean behin.

Azken urteetan aizkora jokoak aldaketak izan dituela ezagun dute bi aizkolariek. Larrañagaren esanetan, jende gaztearen zein emakumeen presentzia izan dira aldaketa nabarmenenak. Emakumeen kasuan, duela urte batzuetatik hona egoera aldatu dela dio, lehen ez baitzen ohikoa eta gaur egun "sarritan" partekatzen baitituzte plazak elkarrekin. Gazteen kasuan, berriz, Alberdik azpimarratu du eurak hasi arte belaunaldien artean "hutsunea" egon zela, eta gaur egun beraien adinekoetatik gazteetara hamar bat urteko tartea dagoela, nahiz eta gazte ugari aritu aizkoran. Horren atzean dauden arrazoiak argi ditu azkoitiarrak: "Aizkora kirol exijentea eta garestia da, eta inguruan jendea behar duzu laguntzeko prest".

Izan ere, aizko ez da mugatzen egurra moztera. Alberdik nabarmendu du egurra erosteak, aizkorak kanpotik ekartzeak, entrenamenduak prestatzeak zein entrenamendu ostean egurra txikitzeak lan asko duela , eta horretarako beharrezkoa dela gertukoen laguntza. Laguntzarik gabe, "bizi erritmoa eta aizkora" uztartzea zaila dira azkoitiarraren hitzetan. Bere kasuan, aitak lagundu dio hasieratik, eta baita Angel Arrospide zein Joxe Mari Galarragak ere. Horiek gabe ibilbidea egitea "zailagoa" litzatekeela dio. Azpeitiarrak, berriz, Inixio Zendoia zein Joxe Ugarteburu izan ditu bidelagun plazan zein entrenamenduetan. Plazan aritzeko entrenamenduak beharrezkoak dira, baita horietarako egurra edota aizkorak prest izatea ere. Egur kamiokadak ekartzen dituzte biek, eta gero, hango egurra entrenamenduaren arabera hautatu. Egurra, normalean, Euskal Herrikoa izaten dela dio azpeitiarrak, Iratikoa eta Urbasakoa, besteak beste. Ekarri aurretik, eurak joaten dira egurrak ikustera, egur mota hori ondo datorkien ziurtatzeko. Txapelketan egin beharreko lanen arabera, egurrak hautatu zein entrenamenduak zehazten dituzte. Egur onenak entrenamendu "onetarako" edo txapelketako test bat egiteko erabiltzen dituela dio azkoitiarrak, eta egur gogorragoak zein adar gehiago dituztenak aldiz, garrantzi gutxiagoko entrenamenduetarako.

Aizkorei dagokienez, aizkoraren hautaketa "mundu bat" dela dio Larrañagak: "Aizkora bati lehen begiradan ez zaio antzematen nolakoa den, eta egurraren arabera ere ez du berdin jokatzen". Hori horrela, aizkora desberdinak darabiltzate egur motaren arabera, eta plazan zeinekin aritu hautatzea ez da "erraza" azpeitiarrarentzat. Aizkorek 2 eta 2,8 kilo arteko pisua izaten dute, eta goi mailako aizkolari bakoitzak bere ezaugarrien araberako aizkora erabiltzen du. Txikiaren esanetan, norberaren gorputzaldiak ere eragina dauka aizkorak hautatzerako orduan: "Unearen arabera indartsuago edo ahulago egon zaitezke, eta aizkoraren pisuak zein egurraren kalitateak asko eragiten du aukeratzerako garaian".

Mikel Larrañaga. (Ibon Errazu)

Aizkoran, erakusketek edota txapelketek ez ezik, apustuek ere presentzia handia izan dute historikoki, eta halaxe dute gaur egun ere. Azpeitiarrak hiru apustu egin ditu bere ibilbidean, Txikonen eta Otañoren aurkakoak irabazi zituen, Azpeitiko zezen plazan biak, 2017ko ekainaren 1ean eta 2020ko 2014ko azaroaren 29an, hurrenez hurren. Azkena eginikoa, berriz, galdu egin zuen, Iker Vicenteren aurka, 2022ko apirilaren 2an, Tolosako zezen plazan. Hala ere, badu beste apustu bat ,"ofiziala" izan ez arren, gogoan duena: "Aizpurutxon Lete eta Xakuren aurka jokatu nuen apustu bat, eta bien aurka neuk irabazi nuen". Txikiak aldiz bakarra egin du bere ibilbidean; Iker Vicenteren aurka jokatu zuen 2024ko apirilaren 27an Tolosako zezen plazan, 8 enbor 60 ontzako eta 14 enbor 54 ontzako ebakitzea izan zen gauzatu zuten lana, eta Vicentek garaitu zuen azkoitiarra.

Apustuek aurretik prestakuntza eta zainketa dakartzate. Kasu horietan, gorputzaren zaintza "serioago" hartu ohi duela onartu du azpeitiarrak: "Tartean diru asko egoten da, zeuk jarritakoa zein ingurukoek zure alde jarritakoa, eta jende horri errespetua zor zaio". Hori horrela, entrenamenduak zein janariaren zaintza zorrozteaz gain, azken hiru hilabeteak horretara bideratu ohi dituela nabarmendu du Larrañagak. Alberdiren esanetan ere, txapelketak bestelakoak dira, aurkari gehiago izaten dituztenez, presioa txikiagoa izaten dela dio.

Elkarren aurka apustu bat egin beharko balute, nolako lana nahiko lukeen galdetuta, honakoa erantzun du azkoitiarrak: "Norberarentzat errazenak direnak eta bestearentzat okerrenak". Larrañagak, aldiz, lanak "mahaian" eseritakoan erabakiko lituzketela dio. Biek laguntzaile gisa "betikoak" emango lituzketela esan dute, urte hauetan guztietan bidelagun izan dituztenak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide