ISBk sendo jarraitzen du etxean. Herenegun, ostirala, Biele ISBk Bueno Arenas Albacete Basket taldea 82-70 menderatu zuen, Azkoitiko Elkargunean, eta atzo, Domusa Teknik ISBk 65-54 menderatu zuen La Salle Melilla taldea. Bi egunetan ere jendetza bildu da Azkoitiko kiroldegiko harmailetan, eta saskibaloi zaleak gustura etxeratu dira bi taldeen garaipenak ikusita.
Ostiraleko partidan, gainera, Intza Lizarazu saskibaloi jokalari azkoitiarra omendu zuen ISBk, hark taldeko kapitain eta jokalari bezala taldean egin duen ibilbide oparoagatik. Azkoiti-Azpeitiko saskibaloi 50. urteurrenaren barruan kluba egiten ari den omenaldietako bat egin zioten azkoitiarrari.
Aurreneko laurdenean lortutako errentari zukua ateratzen jakin zuen Iñaki Merinok zuzentzen duen taldeak. ISBk hemeretzi puntu saskiratu zituen lehen laurdenean, eta aldiz, bederatzi puntu eskas biltzen utzi zion aurkariari. Nolanahi ere, bigarren laurdenean aldatu egin zen ordura arte partidak hartu zuen traza; kanpoko taldeak asko asmatu zuen saskiaren aurrean. Hori gutxi ez, eta, gainera, bisitariek hiruko saskiratzea lortu zuten atsedenaldira iritsi aurreko azken jokaldian, txirrinarekin batera; hiru puntu atzetik hartu zuen ISBk aldageletarako bidea (35-38). ISBk ez zuen laurden txarra jokatu, baina Albacetekoen efektibitatea gelditzea ia ezinezkoa izan zen Merinoren taldearentzat.
Ordea, ISBren zorionerako, kanpoko taldeari asko kostatu zitzaion hirugarren laurdenaren hasieran lehiari erritmoa hartzea. Hiru minutu pasatxo behar izan zituzten Albacetekoek bigarren zatiko lehen puntuak saskiratzeko; halaber, falta askorekin kargatu ziren defentsa lanerako. Hala eta guztiz ere, defentsa onak egin zituzten bisitariek laurdenaren erditik aurrera, eta ISBri neurria hartzen asmatu zuten. Erasoan, berriz, hainbat hiruko saskiratze lortu zituzten Albacetekoek, eta hala, partidari bizirik eutsi zioten (57-57).
Bi taldeek, beraz, azken laurdenean jokatu behar izan zituzten norgehiagokako minuturik garrantzitsuenak. Neurketa talde baten zein bestearen partzialen joan-etorriko kontua bihurtu zen. Hori horrela izanda, amaierarako bost minuturen faltan ere markagailuan berdinduta jarraitzen zuten bi saskibaloi taldeek. ISBk, ordea, besapean zuen karta atera zuen mahaigainera: defentsako lana. Merinoren gizonak defentsan gotortu ziren, eta erasoan zentzuz jokatuta, behin betikoa izango zen 15-3ko partziala lortu zuten. Azkenean, Biele ISBk 82, Bueno Arenas Albacete Basketek 70.
Kevon Lamar Godwin izan zen ISBko onena, hamabost puntu, hiru errebote eta bi asistentzia pilatuz, hogei puntuko balorazioa lortu zuen hark. Dena den, Ierai Aizpitartek atzo ere hogei puntu saskiratu zituen, eta hura izan zen taldeko saskiratzaile onena; guztira, bost hiruko saskiratze lortu zituen joko antolatzaileak.
Datorren astean, jardunaldi bikoitza izango dute ISBko gizonek; batetik, asteazkenean (20:00), Damex Udea Algeciras taldearen aurka jokatuko dute Algecirasen (Espainia); eta bestetik, igandean (18:00), Coto Cordoba CB taldea jasoko dute Azpeitiko kiroldegian. Algecirasko taldea sailkapeneko beheko postuetan dago egun, baina Cordobakoa (Espainia) sailkapeneko bigarrena da gaur-gaurkoz, ISBren garaipen kopuru berdinarekin. Aurkari zuzenetako bat sailkapenean gainditzeko parada izango dute Merinorenek datorren astean.
Domusa Teknik
Atzo, zapatua, jokatu zuen Domusa Teknik ISBk, Azkoitiko Elkargunean. Ordubete atzeratuta ekin zioten partidari, Melillakoek (Espainia) hegazkinez egin behar zuten bidaian izan zituzten arazoak tarteko. Atzerapenak, ordea, ez zituen nagitu Luis Agirre Katxiren taldekideak, eta hasira-hasieratik sendo ekin zioten lehiari, zentratuta. Aldageletatik bueltan hautsi zuten oreka ISBkoek, eta errenta kudeatzeko lan ona egin zuten denboraldiko bosgarren garaipena ixteko. Atzo, Joseba Otaegi omendu zuen ISBk, hark klubean egindako lanagatik, eta oroigarri bat eman zioten.
Ezer nabarmentzekotan, ordea, parekotasuna edo oreka azpimarratu behar. Bi taldeek eutsi nahi izan zioten partidako erritmoari. Dena dela, etxekoek hartu zuten lehen laurdena itxi aurretik abantailatxoa; lehen laurdena jokatuta, bi puntu goitik zen Azkoiti-Azpeitiko taldea. Bigarren laurdenean ere tankeratik jarraitu zuen partidak; dena den, Geraldynn Malama Leaupepek laurdena amaitzeko txirrinarekin batera hirukoa saskiratu zuen, eta hiru puntu horiei esker, ISBk laurdena irabazi eta abantaila puntu bat handitzea lortu zuen; atsedenaldira 35-32 iritsi zen lehia.
Saskibaloia alde batera utzi, eta gimnastika erritmikoaz gozatzeko aukera izan zuten orduan harmailetan bildutako zaleek; izan ere, Azkoitiko Zubiberri gimnastika erritmiko taldeko kideek ikuskizuna eskaini zuten etenaldian. Haien emanaldia bukatu, eta saskibaloiak hartu zuen berriro protagonismoa Elkargunean. ISBk aldageletatik bueltan bideratu nahi izan zuen partida, eta bai lortu ere. Melillakoak txiki utzi zituzten Agirrerenek –bederatzi puntu baino ez zituzten saskiratu–, eta aldiz, ISBk aldea hamar punturaino ematea lortu zuen. Partida garaipenaren norabidean jarrita, azken laurden zuzen bat jokatzea nahikoa izan zuen ISBk garaipena lortzeko. Ondo aritu zen kantxaren bi aldeetan, abantaila kudeatuz eta bisitariei aukerak ahalik eta gehien murriztuz. Azkoiti-Azpeitiko taldeak ez zion utzi aurkariari oldar jartzen, eta hala, 65-54 irabaztea lortu zuen.
Klubak azken orduan fitxatutako Jessie Nicole Edwards kantxan izan zen atzo; ISBk 29 urteko eta 1,93 metroko pibot australiarra fitxatu du Jamia Alexis Hollingsek utzitako hutsunea betetzeko, eta atzo, garrantzitsua izan zen taldearentzat; bederatzi puntu eta hamar errebote pilatuta, hamazazpi puntuko balorazioa eskuratu zuen australiarrak, partidako jokalari onena bilakatuz. Datorren asteburuan, CB Arxilen aurka neurtuko ditu indarrak Agirreren taldeak. Zapatuan jokatuko dute partida Pontevedran (Galizia), 19:30ean hasita. Sailkapeneko zuloan sartuta dagoen taldea izango dute arerio ISBkoek.