Indarkeria matxistaren biktimak artatzeko erakundeen arteko bigarren protokoloa onartu zuen Azkoitiko Udalak urriko udalbatzarrean, eta horretan esku hartzen duten hiru aldeek, udalak, Ertzaintzak eta Osakidetzak atzo sinatu zuten dokumentua. Lau urtez egongo da indarrean, eta Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak horren garrantzia azpimarratu du: "Protokolo hau udal politikan aurrerapen bat da indarkeria matxista prebenitzeko eta biktimei arreta emateko, baita arreta ematen duten langileen etengabeko prestakuntzan ere".
Udalak azaldu duenez, eguneratu den protokoloak indarkeria matxista jasan duten emakumeei egiten zaizkien harrera eta arreta zein zerbitzuen arteko koordinazioa hobetzea du helburu, bati ere emakumeak "berriz biktima bihurtzea" saihestuz.
Protokoloaren eguneratzea sinatu duten hiru erakundeen ustez, indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria da, eta komunitate osoari eragiten dio. "Beraz, indarkeriaren ondorioak biktimaren ingurune hurbilenetik, bizilagunetaraino, eta oro har, komunitateraino hartu behar dira aintzakotzat", azaldu dute.
Datozen lau urteetan egongo da indarrean protokolo berria, baina bide orriak "etengabe hobetzeko bokazioa" du. Izan ere, azpimarratu du ez dela dokumentu itxia, eta koordinatzeko eta jarraipena egiteko prestatutako espazioetan sortzen diren beharren arabera egokitzen joango dira.