Erretratua

Ainara Garcia: "Freelance nintzenean lanbidea bizimodu bihurtu zitzaidan"

Naia Arrizabalaga 2025ko urt. 16a, 10:10

Ainara Garciaren erretratua. (Egilea: Gorka LarraƱaga)

Ainara Garcia argazkilaria eta freelance-a izan da hamabost urtez. Haurra zela, bere aitaren argazki kamerei begira piztu zitzaion argazkilaritzarako afizioa. Andoainen Irudi ikasketak burutu ostean, 20 urterekin ekin zion freelance ibilbideari, eta tartean, ikastaroak ere eman ditu. Abenduko Azkoitia Guka aldizkarian argitaratutako Erretratua da honako hau.

Haurra zenetik izan ditu kamerak inguruan Ainara Garciak (Azpeitia, 1987), bere aita Reflex batekin argazkiak ateratzen aritzen baitzen oporretara joaten zirenean. Kuriositatea pizten zion aitaren afizioak, baina geroxeagora arte ez zuen garbi izan argazkilari profesional bihurtzea nahiko al lukeen. Batxilergo artistikoa burutu ostean, Andoainen irudi ikasketak egin zituen. Ikasketek ireki zioten bidea Azkoitiko bizilagunari 2007an: "Bi aukera zeuden: estudioko argazkigintza edota kazetaritzara bideratutako argazkigintza. Bigarrena hautatu nuen, eta Noticias de Gipuzkoa hedabidean hasi nintzen praktiketan". Praktikaldia amaitu ostean, ordea, kontratua luzatu zioten, eta hedabide horretan aritu zen bederatzi urtez lanean.

Hasieratik freelance moduan aritu izan da argazkilari lanean, 20 urte zituenetik, hain zuzen. Hasiera "oso gogorra" izan zela gogoan du hark: "Aholkularitza batera joan nintzen, eta ezer gutxi ulertzen nuela oroitzen dut; izapide asko ziren hilero egin beharrekoak". Horrez gain, bezeroak lortzeko prozesua "zaila" izan zen Garciaren hitzetan, eta ezagun egiteko denbora pasatu behar izan zuela eta inguruan "zarata" egitea behar-beharrezkoa izan zela nabarmendu du.

Lanbidea, bizimodu

Ibilbide profesionalari beldurrez ekin bazion ere, "segituan" ohartu zen hartu zuena bide zuzena zela. Afizioa zena ofizio bilakatu zuen, eta "lanbidea bizimodu" bihurtu zitzaion azpeitiarrari. Izan ere, ordutegia berak antolatzen bazuen ere, hainbat lekutara joatea eskatzen zion ogibideak; azken orduko kontuak, berriz, telefonoz kudeatzen zituen. Egunkarian lanean aritu zen sasoian, berriz, aurreko gauerako izaten zuen hurrengo egunean atera beharreko argazkien berri. Dena den, bere kabuz ere egiten zituen argazkiak, eta ondoren agentzietara bidaltzen zituen. Horietako argazki batzuk, gainera, agerkari garrantzitsuetan agertu izan direla azaldu du Garciak, hala nola National Geographic-en.

Bizimodua lanbidera bideratu izana medio, aukera ugari eman dizkio argazkilaritzak Garciari. Bidaia ugari egindakoa da azpeitiarra argazkiak aitzakia hartuta: Finlandiara zein Norvegiara joana da, besteak beste. Hain zuzen ere, Norvegian aurora borealei ateratako argazki bat du kuttunetakoa. Argi dauka beste lanbideren bat hautatu izan balu "ezinezkoa" izango zela horrelako esperientziak bizi ahal izatea: "Egunero leku desberdin bat ezagutzeko aukera eman dit freelance moduan aritzeak". Dena den, lana gisa horretan egiteak alde txarrak ere badituela azpimarratu du: "Ezegonkortasun ekonomikoa zein lan kantitate aldakorra dira alderik txarrenak". Izan ere, argazkilariaren esanetan, hilabetearen arabera, lan kantitatea asko aldatzen da, eta hori kudeatu egin behar da, irabazi ekonomikoak ere aldakorrak baitira.

Ainara Garcia. (Utzitakoa)

Freelance argazkilari lanetan ez ezik, argazkilaritza ikastaroak ematen ere aritutakoa da Garcia. Ikastaro horiek promozionatzeko, YouTubera bideoak igo zituen, eta orduz geroztik, bideogintzan ere aritu izan da. Bizpahiru urtez aritu zen azpeitiarra argazkilaritzako ikastaroak ematen: "Ariketa desberdinen bidez argazkiak ateratzen irakasten nien ikasleei, beti kanpoaldean; Zumaian eta Bilbon egin genituen saioak, besteak beste". Ikastaro horietan aritu ziren ikasleetako asko argazkiak norekin atera ez zekiten pertsonak izaten zirela azpimarratu du, eta horiek ikastaroak argazkiak ateratzeko baliatzen zituztela esan du. Generoari dagokionez, ikasle gehienak emakumeak zirela oroitu du, "lanbidean ez bezala". Izan ere, Garciaren esanetan, gizonezkoak ziren nagusi arlo profesionalean; lanean hasi zenean, esaterako, azpeitiarra zen lantaldeko emakume bakarra.

Argazkilaria izanagatik, kamera gutxi dauzka azpeitiarrak, haren esanetan argazkilaria ez baitu kamerak egiten. Kamera, urte askoan bere lanabesa izan dena, esan nahi dena adierazteko tresna gisa definitzen du. Gainera, argi dauka argazki ona batek zer behar duen: zerbait transmititu edo kontatu behar du. Kanpoaldeko argazkiak dira Garciak egindako gehienak, eta horren atzean dagoen arrazoia zein den nabarmendu du: "Beti sorpresaren bat egoten da, egunero desberdina baita kanpoaldeko argia. Asko gustatzen zait emozio puntu hori". Horren adibide da Finlandiara egin zuen bidaia. Aurora borealei argazkiak ateratzea zen azpeitiarraren asmoa, baina astebete pasatu ostean, argazkirik gabe itzuli zen etxera. Norvegiara helburu berarekin joan zen, eta han lehenengo egunean suertatu zitzaion nahi zuen argazkia egiteko aukera.

Argazkiak ateratzeko lekuei dagokienez, munduan barrena asko bidaiatu badu ere, Euskal Herrian zein Azkoitian bertan paisaia "oso politak" aurki daitezke Garciaren esanetan. Euskal Herriko leku kuttunenen artean ditu Azkoitiko bizilagunak, adibidez, Aitzulo zein Urederra. Azkoitian, berriz, San Martingo erlojuari ikuspuntu desberdinetatik argazkiak ateratzea gustuko duela aitortu du.

Ainara Garcia. (Utzitakoa)

Ibilbidearen amaiera

Duela hiru urte argazkilaritzako ibilbide profesionalari amaiera eman behar izan zion Garciak, amatasuna medio. Freelance bizimodua eta haurren zaintza uztartzea ezinezkoa zitzaiola argi esan du azpeitiarrak: "Ordutegi malgutasun handia behar du freelance batek, eta bi alaba izanda ezinezkoa da hori". Marketin teknikari gisa aritzen da lanean gaur egun, baina argazkiak ateratzerako orduan sentitzen zuen emozioa faltan sumatzen duela esan du. Hori horrela, ez du zalantzarik: profesionalki ez bada ere, afizio gisa argazkilaritzari ordu gehiago eskainiko dizkio etorkizunean. Gaur egun, baina, batez ere, alabei ateratzen dizkie argazkiak: "Oroitzapenak gordetzeko modu bat dira argazkiak, eta egunero zerbait berria egiten dutenez, argazki ugari ateratzen dizkiet".

Argazkilaritza profesionala alde batera utzita badu ere, argi dauka zer esango liokeen argazkilaritzaren munduan murgiltzera doan herritarrari: "Gauza asko probatzeko esango nioke, bere estiloa bilatzeko, beharrezkoa izango baitu hori". Bestalde, argazkilari izateko kuxkuxeroa izatea zein gauza txikietan arreta jartzea beharrezkoak direla azpimarratu du Garciak, "argazki onak edozein momentutan" suertatu baitaitezke.

Motzean

  • Adina: 37 urte.
  • Ikasketak: Goi mailako Irudi gradua.
  • Lanbidea: Marketin teknikaria.
  • Argazkilaria izan ez banintz… egungo lanbidea izango nuke.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… alabekin egotea zein oinez ibiltzera joatea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide