Sarea, argi-ilunean

Ane Olaizola 2025ko urt. 19a, 09:00

Geroz eta profesional gehiago dira pantailen gehiegizko erabilerak eta erabilera desegokiak umeengan eta nerabeengan eragin ditzaketen arriskuez ohartarazten ari direnak. Guraso askok ere arduraz begiratzen diote azken hamarkadan haiengan errotu den fenomenoari, eta saretzen hasi dira, baita Azkoitian ere. Azkoitia Gukaren abenduko aldizkarirako egindako erreportajea da honako hau.

Fenomeno berria izanagatik, ukaezina da gailu digitalek aisialdian bereganatu duten sustraitzea. Telebistak, eskuko telefono adimenduak, tabletak, bideo-jokoak... pantailak, finean, eguneroko ogi bihurtu dira heldu, gazte eta haur askorentzat, baina aldi berean, gero eta ahots gehiago dira horiek sor ditzaketen kalteez ohartarazten dutenak, batez ere garuna garatzen eta munduari zabaltzen ari diren umeengan eta nerabeengan eragin ditzaketen kalteez. Nazioartean bezala, Azkoitian ere osasun eta hezkuntza arloko langileek zein guraso askok arduraz begiratzen diete pantailen aurrean zaurgarri izan daitezkeen horiei, eta, korrontearen aurka bada ere, lanari ekin diote, sareak haur eta nerabe horiek ito ez ditzan.

Osasun etxeetan umeei errutinaz egiten dizkieten mediku azterketetan pantailen gaia mahai gainera atera ohi dute pediatriek eta erizainek, horien erabilerak osasunean izan ditzakeen eraginak zer-nolakoak diren jakin ahal izateko. Jasotako erantzunekin argazki orokor bat egina dute: Azkoitiko anbulatorioko Pediatria saileko osasun langileek arduratzeko moduko zenbait datu jaso dituzte, taldea osatzen duten Alazne Lazkano eta Lorea Riano pediatrek eta Bakarne Lazkano eta Izaro Arroyo erizainek esan dutenez. Haiek ondorioztatu dutenez, oro har, umeek eta gazteek pantailen "erabilera desegokia" egiten dute, bai igarotzen duten denborari dagokionez, baita jasotzen dituzten edukiengatik ere.

Lau profesionalen ustez, egoera orokorra da: "Pantailaren aurrean gomendatutakoa baino gehiago egoten den jendea gehiengoa da. Batzuk oso kontzientziatuta daude, saiatzen dira erabilera egokia egiten, baina gutxiengoa dira". Osakidetzaren arabera, 2 urtetik beherako umeek ez lukete denborarik igaro beharko pantailen aurrean, eta 2 eta 6 urte bitartekoek, egunean, gehienez, ordubetez egitea gomendatu du erakundeak orain arte. Ordea, gomendioak aldatzen ari dira, eta geroz eta zorrotzagoak dira. Pediatria saileko langileen arabera, Osakidetzak aurki kaleratuko ditu gomendio berriak, eta honako hau jakinaraziko du: "6 urtetik beherako pertsonei pantailarik ez erabiltzea gomendatuko die, eta Lehen Hezkuntzakoei egunean ordubetez erabiltzea. 12 urtetik gorakoen kasuan, berriz, egunean ordu eta erdiko erabilera izango da gomendagarria. Gomendio horiek adin tarte bakoitzeko haurrek egunean pantailen aurrean igaro behar luketen denbora osoa barnebiltzen dute; hau da, eskolako erabilpena ere kontuan hartuta neurtu beharko da erabilera".

Azken gomendioen arabera, 6 urtez azpikoek ez lukete pantailarik erabili behar

Txanponaren beste aldean dago gizartearen zati handi bat, gomendio horiek nekez betetzen dituztelako familia askok. Zenbaitetan "larritzeko moduko" egoerak ere ikusten dituzte osasun langileek. Hala esan du Rianok: "Egunean lauzpabost ordu igarotzen zituzten 2 urtetik beherakoen kasuak ikusi ditugu, eta ez gutxi". Zera gaineratu du Alaznek: "Hori pertzepzio bat da; izan ere, ordubete esaten denean, seguruenik denbora gehiago izango da". Gaiaren inguruko hainbat azterketa ere egin du Azkoitiko osasun etxeak eskoletan, eta adin pediatrikoan pantailei egiten zaien erabileraren inguruan ikertu du. 273 pertsonak erantzundako galdeketan, umeek gailuen aurrean igarotzen duten denbora neurtu dute, besteak beste, eta %44k erantzun dute beren seme-alabek ia egunero erabiltzen dituztela, eta %51k esan dute egunean ordubete baino gutxiago igarotzen dutela horien pantailen aurrean. Era berean, %63k erantzun dute haurrek pantailen aurrean denbora gehiegi ematen dutela. Dena den, langileek honako ñabardura hau egin dute erantzun horien inguruan: "Normalean, gaiarekiko kontzientzia dutenek erantzuten dituzte galdeketak, eta seguruenik ez dute erantzun pantailak gehien erabiltzen dituzten familiek; beraz, datuak partzialak izan daitezke".

Ikerketaz haratago, haurrek zer ikusten duten ere galdetu ohi duten anbulatorioan, horrek ere "garrantzia handia" duela jakitun. "Ez da gauza bera larunbat arratsalde batean familian film bat ikustea edo egunero umea tabletarekin bakarrik uztea". Zentzu horretan, erabilpenari arreta berezia jarri ohi zaio egun, hainbat datuk alarma gorria piztu baitute gizartean: azken datuen arabera, umeak 8 eta 10 urte bitartean dituztela hasten dira pornografia ikusten, eta kontsumoa handitu egiten da adinean aurrera egin ahala. Hain zuzen, gurasoek gailuen erabilpena ez kontrolatzeak eraman dezake umea eduki desegokiak kontsumitzera. Rianoren arabera, haurrak eta gazteak pantailen aurrean daudenean ikusten ari direna ez gainbegiratzeak egoera oraindik eta gehiago okertzen du. Bide horretan, gurasoek seme-alabei pantailen erabilpen egokia egiten irakastea proposatu du Bakarnek, umeek gailuak erabil ditzaten, eta ez alderantziz: "Datuek diote haurren %70ari nahi gabe iristen zaiela pornoa pantailara, eta horrek erakusten du erabiliak izaten direla. Adin horretako ume batek ez daki zer den pornoa, eta bera ez da joaten horren bila, azaldu egiten zaio".

Ezkerretik eskuinera, Azkoitiko Pediatria saileko Izaro Arroyo, Alazne Lazkano, Lorea Riano eta Bakarne Lazkano.

Mugak, lehentasun

Pantailen aurrean igarotako denbora, jolasari eta beste jarduerei kendutako denbora da. Argi diote hori adituek, eta jakitun dira errealitatearekin eta inguruarekin kontaktuan ez egoteak haurraren estimulazioan eta garapenean eragin dezakeela. "Zenbaitetan, oso gutxi estimulatutako umeak ikusten ditugu, gurasoek seme-alabekin jolasean, hitz egiten, ipuinak kontatzen... denbora gutxi pasatzen dutenak. Ume horiek atzerapenak izan ditzakete garapenean, eta pantailen aurrean zenbat denbora igarotzen duten galdetuta, batzuetan ikusten dugu pantailaren erabilerarekin zer ikusia duela atzerapenak", esan du Bakarnek. Dena den, pantailena afera berria izanik, osasun langileei oraindik "zaila" egiten zaie umeen garapen arazoak gailuen gehiegizko erabilerari egoztea.

Datuek diote pornografia 8 eta 10 urterekin ikusten hasten direla umeak

Bestalde, pantailek eta eskuko telefonoek eragindako mendekotasun kasu batzuen berri ere izan dute osasun langileek, eta horietan bai, agerikoagoak dira eraginak: "Frustrazio arazoak, eztabaidak, haserreak... izaten dituzte, orduak pantailen aurrean igarota ere". Baina, zer da mendekotasuna? Arroyoren arabera, pantailen erabilpena mendekotasun izatera igarotzen da norberaren bizitzaren esparru batzuetan ondorio negatiboak azaltzen hasten direnean: "Ikusi ditugu beste umeekin jolastera atera nahi ez duten pertsonak, nahiago dutelako eskuko telefonoarekin egotea; edo lo egin ezin dutenak, ondoan gailu hori eduki beharra dutelako".

Gregorio Montero mediku psikiatra.

Loaren gaiak bereziki kezkatzen du Gregorio Montero mediku psikiatra. "Badirudi gaur egungo gazteek ezin dutela bakarrik lo egin; melatonina behar dute, lotarako hormonak ordezkatzeko beharra dute". Azkoitiko anbulatorioko Pediatriako langileen eskutik, joan den hilean hitzaldia eman zuen hark Baztartxo antzokian, eta haren arabera, eskuko telefonoarekiko mendekotasunak gazteen laurden bati eragin diezaioke.

Pantailen arriskuez haratago, horiek egoki erabiltzeko jarraibideak eman zituen Monterok Baztartxon. Hark azaldu zuenez, gailu horiek probetxua eta onura ateratzeko tresna izan behar dute, eta ez kontrara. Gogoratu zuen nazioartean ez dela gomendatzen 14 urtetik beherakoei smartphoneak erostea, ikusi baita "arazo asko" baina "onurarik ez" diela eragiten. Horrez gain, 16 urtetik beherakoek sare sozialak saihestu egin behar dituztela ere esan du. "Badakigu hori oso zaila dela, baina behintzat, nerabeek ez lukete une oro izan behar gailua erabilgarri. Oro har, pantailak erabiltzeko ordu muga bat jarri beharko genuke etxean. Lo nahikoa ez egiteagatik kontzentrazio arazoak dituzten nerabe asko ari gara ikusten, eta hori erraz gaindi daiteke halako arauak jarrita". Hain zuzen, sare sozialetarako neurrigabeko sarbideak "elikadura nahasmenduak, frustrazioa, autoestimu falta eta etxeko eztabaida asko" eragiten dituela azpimarratu du medikuak, eta zera gaineratu du: "Gaur egungo telebista ere ez da gu haurrak ginenean zena. Irudi oso azkarrak agertzen dira, marrazki bizidun oso kaotikoak ematen dituzte, eta ikusten ari gara umeei gero eta gehiago kostatzen zaiela itxarotea eta ondoeza toleratzea".

Osasun langileen ustez, gurasoek "eredu" izan behar dute seme-alaben aurrean

Osasun profesionalek azpimarratu dute helduek, gurasoek, erantzukizun handia dutela gaian eskua hartzeko orduan, eta azpimarratu dute horiek ere "eredu" izan behar dutela seme-alaben aurrean. Gailuak patrikatik ateratzearen edota itzaltzearen alde egin du psikiatrak: "Gazteak onartzen ari dira eskuko telefonoa, bideo jokoak eta sare sozialak beharrezkoak direla, egunero erabili beharrekoak direla, guztiek hala egiten dutelako. Hori onartzeak esan nahi du alboan uzten ari dela sakelakoa, eta aisialdirako beste bide bat izan daitekeela, gailu horrek ezin baitu aisialdi osoa bereganatu". Askotan korrontearen aurka aritzea "zaila" izan daitekeen arren, helduek komunitatean bat egitearen alde egin du hark: "Helduok elkartu egin behar dugu, gure seme-alaben buru osasuna arriskuan baitago".

Elkarrekin, errazago

Hain justu, indarrak batuta elkarrekin eragiteko asmoz sortu zuten Jaso Burue taldea duela bi urte Azkoitian. Herriko ikastetxeetako hainbat gurasok osatzen dute taldea, eta horietako hiru dira Lander Mujika, Koldo Larrañaga eta Josu Plazaola. Hirurek argitu dute Jaso Burue ez dela smartphonen aurkako talde bat. Horiek erabiltzeko modua da kideen kezka iturri nagusi, eta taldearen helburua da sakelakoen erabilera "osasungarria" sustatzea zein telefono horien erabilera ahalik eta gehien atzeratzea.

Hiru gurasoek Lehen Hezkuntzan dituzte seme-alabak, eta ikusi dute gailuek eragin zuzena dutela haien harremanetan, komunikatzeko duten bide nagusia Whatsappa baita. "Taldeko plan guztiak Whatsappez egiten dituzte, jakin arren astero ordu eta leku berean geratzen direla. Goiz osoa elkarrekin igarota ere, arratsalderako hitzordua telefonoz egin behar izaten dute gero, aurrez aurre egin beharrean", dio Mujikak. Gurasoen arabera, "oso errotuta" dagoen ohitura da hori, eta horrek telefonoaren mende egotera behartzen ditu seme-alabak. "Guraso moduan, eskolan ere proposatu izan dugu lagunarteko hitzorduak bezperan eta eskolan bertan egitea, gure garaian egiten genuen bezala. Izan ere, gurasook ikusten baldin badugu Whatsappa dela seme-alabak lagunekin irten ahal izateko bide naturala, gaizki ari gara, gauzak aurrez aurre adostu beharrean, guztia gailu batera eramaten ari garelako", esan du Larrañagak.

Altxa Burue taldeko Mikel Mendizabal, Lander Mujika, Koldo Larrañaga eta Josu Plazaola.

"Plan guztiak Whatsappez egiten dituzte, hori da komunikatzeko bide nagusia"

Whatsappa ez ezik, Instagram eta Tik Tok dira nerabeek gehien erabiltzen dituzten plataformak. Gazteengan "eragin handia" dute sare sozial horiek, eta maiz, horiei ematen dieten erabilera ere izan ohi da gurasoen kezkaren oinarri: "Badakit batzuetan zabaldu izan dituztela eduki pornografikoak, kontzienteki edo inkontzienteki; askotan txoroarena egiteagatik". Asko hitz egiten da nerabeen jazarpen digitalaz ere, eta hiru aitek beren inguruan halakorik ikusi ez badute ere, jakinaren gainean daude gailu horien bidez bazterketak jazotzen direla, esaterako, norbait Whatsapp taldetik botata edo paraleloki beste talde bat sortuta: "Norbaiti bizkarra ematea zaila izan daiteke, baina Whatsappetik egitea errazagoa da. Umeak kontzientzia hori ez badu, erraz egin dezake mina", esan du Plazaolak.

Aurreko ikasturtean seme-alabei eskuko telefonorik ez erostea adostu zuten hainbat gurasok, haurrek duten adinaren garapenean ez dutela halako gailurik behar iritzita. Izan ere, beste herrietan sortu diren gisa bereko taldeen moduan, Azkoitikoaren helburua ere bada seme-alabei telefonoa emateko adina atzeratzea, eta konpromiso hori modu kolektiboan hartzeak badu eraginik gizartean, Plazaolaren ustez: "Askotan, umeek smartphonea eskatzen dute beren lagunek ere badutelako. Baina lagunek telefonorik ez baldin badute, arazoa ekuaziotik kanpo geratzen da". Erabaki horrek, gainera, zenbait familiatan "erakartze-efektua" eragin duela ere adierazi du Mujikak: "Konpromiso hori hartu genuenetik, gure semea lasaiago dago; badaki lagunek ere ez dutela telefonorik, eta beraz, hark ere ez du eskatzen. Askotan, kostatu egiten da ingurukoek sakelakoa eduki eta norberak ez izatea, baina gurasoen artean tresna ez emateko konpromisoa baldin badago, bidea errazagoa izango da".

Aurrerantzean ere, telefono adimenduak emateko adina atzeratzeko duten konpromisoan egingo du azpimarra taldeak, eta iaz hasitako bideari jarraituz, gaiari lotutako inkestak urtero egingo ditu. Kontzientziazioan eragiten ere segitu nahi dute, eta herritarren artean eztabaida piztea gakoa da taldekideentzat. Hala azpimarratu du Larrañagak: "Ikasturte amaierako jaialdietan, esaterako, eskumuturrekoak banatu genituen, eta horiek aitzakiatzat hartuta, telefonorik gabeko jaialdiak egin nahi izan genituen. Ikusleen %20ak pentsatu zuen tontakeria bat besterik ez zela gure kanpaina, baina beste horrenbestek gurekin guztiz bat egin zuen. Falta den gehiengo hori da telefonoa 'guztiek' dutelako erabiltzen duela esaten duena. Propio egin behar dugu lan eremu horretan".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide