Hitz bitan

Marian Mangas: "Egoitzan ere etxeko goxotasuna sentitzea nahi dugu"

Iraia Oteiza 2025ko urt. 6a, 10:15

Marian Mangas. (Iraia Oteiza)

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, 70 urtetik gorako helduen %15 inguruk buruko gaitzen bat du. Psikologo baten arretak eta inguruko giroak nabarmen hobetu dezakete pertsona horien egoera. Errealitate horretara hurbildu du hedabide hau Marian Mangas (Azkoitia, 1973) Azpeitiko San Martin adinekoen egoitzako psikologoak. Abenduko Azkoitia Guka aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honako hau.

Zehazki, zer lan egiten du psikologo batek adinekoen egoitza batean?

Egoiliarrek dituzten jokabideen balorazio kognitiboa eta afektiboa egitea da nire lana. Beste hitz batzuetan esanda, egoiliarren jarraipen psikologikoa egiteaz eta dagozkien beharretan laguntzeaz arduratzen naiz. Halaber, egoiliar bakoitzarentzat arreta plan pertsonalizatua osatu eta esku hartze programak koordinatzen ditut. Behar den kasuetan, egoiliarren senideei laguntza eta jarraibide zerbitzua ere eskaintzen diet.

Nolatan hasi zinen adineko pertsonentzako psikologo lanetan eta zergatik aukeratu zenuen arlo hori?

Psikologia ikasketak amaitu nituenean, artean ez zegoen arloari lotutako lan eskaintza zabalik, eta beste arlo batzuetan hasi nuen lan ibilbidea. Gero, gerontologia eta psikogeriatrian espezializatzea erabaki nuen, kolektibo oso interesgarria iruditzen zitzaidalako adinekoena. Ordurako, psikologoen figura indarra hartzen hasia zen adineko pertsonen kolektiboan, eta egoitzetan psikologia arloko profesionalak izatea derrigorrezko bilakatu zen laster. Arlo horretantxe hasi nintzen lanean, eta horretan jarraitzen dut.

Zertan bereizten dira adinekoekin lan egitea eta beste kolektibo batzuekin lan egitea?

Beste era batera begiratu behar zaie adineko pertsonei, okerren dituzten gaitasunetan baino ondoen dituztenetan jarri behar baita arreta.

Zer gustatzen zaizu gehien zure lanetik?

Pertsonek esateko dutena entzutea eta beraiengandik ikastea atsegin dut. Erresilientziaz asko hitz egiten da egun, eta adinekoen egoitzetako egoiliarrak horren adibide garbia direla esango nuke. Beraientzat esanguratsuak diren ekintzekin nola disfrutatzen duten ikusteak, esaterako, asko pozten nau.

Eta zer gutxien?

Burokrazia. Antolaketa lan batzuek, bilerek edota egin beharreko zenbait ekintzek egoiliarrei merezi duten arreta eskaintzeko denbora kentzen dute.

Nolakoa da gainbehera kognitiboan dauden pertsonekin lan egitea?

Erronka bat da, baina duen gainbehera baino pertsona bera ikustea da garrantzitsuena, bere nortasuna, bere bizitzaren istorioa edota dituen zaletasunak ezagutzea. Izan dezakeen narriadura horren eragina gutxitzen saiatu behar dugu guk, eta horretarako beharrezkoa da beraien hitzei, jarrerei eta sentimenduei balioa ematea.

Nola ikusten dituzu psikologia aldetik begiratuta San Martin egoitzako egoiliarrak?

Oro har, ongi ikusten ditut, baina batzuei gogorra egiten zaie egoitza batean bizi behar izatea, ez delako erraza norbere etxea utzi eta inoiz itzuliko ez zarela jakitea. Modu horretan sentitzen direnei hauxe esaten diet nik: "Hau ez da inoiz zuen etxea izango, baina etxean bazeundete bezala senti zaitezten lan egingo dugu guk". Eta helburu hori lortzeko lan talde bikaina daukagu San Martin egoitzan, egoiliarren mesederako egunero ikasten eta hobetzen ari baikara.

Zure ustez, adinekoen buru osasunari dagokionez, zertan lagun dezake egoitza batean bizitzeak?

Egoiliarren buru osasunaren arabera asko aldatzen da egoera. Bakardade sentsazioa dutenak, normalean, hobeto sentitzen dira egoitzan, beste pertsonen artean entretenituta egoten direlako. Beste batzuetan, aldiz, egoitzarako aldaketa hori ez da ongietorria izaten, etxetik kanpo egoteak desoreka handia eragiten dielako. Horregatik, giroari lotutako esparruak gero eta gehiago lantzen ari gara; adibidez, etxeko altzariren bat, besaulkia, oheko izarak, argazkiak... ekartzeko esaten diegu. Egoiliarrek egoitzan ere etxeko goxotasuna sentitzea nahi dugu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide