Korapiloa

Geure-geureak

Andoni Elduaien 2024ko abe. 22a, 09:00

Emakume bat abarketak jantzita. (Urnietako Udala)

Andoni Elduaien kazetariak abenduko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Geure-geureak'.

Neguarekin batera atera behar izaten ditugu armairuetatik ditugun txaketa lodienak, galtza luzeak edota euritarako gabardinak. Nahiz eta janzkirik mardulenak neguko hotzari aurre egiteko arropak izan, etxeko bazter guztiak astindu behar izaten ditugu sarri askotan horiek aurkitzeko; etxean elkarri builaka aritzen gara, aurreko udaberrian arropak gordetzeko sasoia iritsi zenean horiek non demontre gorde genituen erreguka. Zuei ere gertatzen zaizue, ezta? "Josi ezin zen zuloren bat al zuen?", "parrandan galdu al nuen?" edota "arropen edukiontzira bota al nuen?", bezalako galderak egiten ditugu aitzakia gisa, harik eta etxeko esku onena armairuan aztarka hasten den arte. Etsipen eta presa uneak izaten dira, behar dugun horren bila ez baikara azken momentura arte mugitzen hasten. Gauza bera gertatzen zait baserritar jantziarekin ere, azkoitiarrok urte sasoi honetan hainbatetan jantzi ohi dugun janzkiarekin. Noizko aurkitu!

Duela egun gutxira arte izan da zabalik Portaleburu erakustokian Azkoitiarrak, burutik oinetara jantzita erakusketa. Herritar askoren ekarpenari esker, ikusi dut lehengo azkoitiarrak nola janzten ziren, nola lan egiten zuten... Zenbat aldatu diren denborak, aizue. Adituek, akaso, ez dute hala esango, baina nik aldaketa sakonak ikusi nituen lehendik hona, bi janzkitan izan ezik: txapelean eta abarketetan. Horiei bai, horiei eusten diegu nola edo hala. Eta nola ez eutsi, geure-geureak ditugu eta!

Bai txapela, bai abarketa Azkoitian egin izan dira urte askoan; hain justu, hortik datorkio gure herri honi abarketagileen herria abizena. Erakusketan ikusi nuen garai batean herrian zenbat txapel eta abarketa lantegi zeuden, eta halaber, jakin dut gaur mundu zabalean ezaguna den Elosegi txapel lantegia baino hamabi urte lehenago, 1846an, ireki zutela aurreneko txapel lantegia Azkoitian.

Itxurakeriak gehiegi inporta duen gizartean bizi gara; garenetik gero eta urrunago gaude

Gauza asko ezagutzeko balio izan dit erakusketak, baina, era berean, balio izan dit memoria ariketa egiteko ere. Txapelei so eginda aitonez gogoratu naiz, eta abarketei begiratuta amonez; aitonek erabiltzen zuten txapela, baina amonak ez ditut abarketak jantzita oroitzen, beraz, ez iezadazue galdetu zergatik egin dudan lotura hori.

Irudikapen horiek eginda, zera pentsatu dut: gure aurrekoek beraien herrian egiten zutena erabiltzeko joera zutela, eta guk, egungo herritarrok, zeinen urrun eta zeinen egoera kaskarretan egindako janzkiak behar ditugun egunero janzteko. Ordea, ez da bakarrik arropa kontua; pentsa, buru kaskoa estaltzera ere Turkiara bidaiatzen du askok. Itxurakeriak gehiegi inporta duen gizartean bizi gara; garenetik gero eta urrunago gaude. Balio dezatela datozen jai egun hauek itxurakerietatik aldentzeko eta gu geu izateko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide