Zirkuaz eta jolasaz barne-barnetik mintzatu da Bapatean zirku konpainiako Odei Arregi (Azkoitia, 1984). Israel Cuadrado bikotekidearekin sortu zuen konpainia, eta batetik bestera ari dira zirku ikuskizunak eta tailerrak egiten. Orotariko ikusleentzat egiten dituzte ekitaldiak. Esan du euren ikuskizunetan ikusleek aurreiritziak puskatzen dituztela, eta nabarmendu du ipuin kontakizunekin "txoratuta" dagoela.
Nola deskribatuko zenuke Bapatean zirku konpainia?
Ez da erraza gure konpainia deskribatzea. Israelek eta biok osatzen dugu taldea. Geuk osatzen dugu zirku konpainia, eta nire bikotekidea da Israel. Guk esaten dugu konpainia txikia garela baina familia handia osatzen dugula, hau dena aurrera eramateko gure ingurukoengana jotzen baitugu.
Noiz eta zer helbururekin sortu zenuten?
Data bat ematea pila bat kostatzen zait. Ez da egun batetik bestera sortutako zerbait. Bakoitza bere aldetik ari ginen, eta gure lehen ikuskizuna egin genuen. Kalez kale eta festaz festa, ikuskizunak zuzentzeko jendea bilatu genuen. Orduan, galdetzen didatenean noiz hasi ginen, zaila egiten zait bat data zehatz bat ematea. Inoiz ez dakit esaten.
Zein izan zen zuen lehenbiziko ikuskizuna?
Taberna deitzen zen. Hainbat gauza egiten genituen hor: gurpil alemana, akrobaziak eta pailazogintza. Hori izan zen gure lehen ikuskizuna eta horrekin hasi ginen helburu profesional batekin lan egiten.
Gero beste ikuskizun batzuk sortu dituzue. Bestalde, ipuin kontaketak eta hainbat tailer egiten dituzue. Nondik ateratzen duzue denbora hori dena egiteko?
Familiari lapurtzen diogu denbora. Guretzat bizi estilo bat da zirkua egitea eta antzeztea. Gurekin dagoen zerbait da. Zorionez edo zoritxarrez, malabarak egin behar dira bizitzarekin. Saiatzen gara denbora zirrikitu guztietatik ateratzen. Egia esan, bikote garenez, batek ideia bat sortu eta besteak garatzen du. Bakoitzak bere aldetik egiten ditu gauzak eta amankomunean ematen ditugu ondoren.
Ikuskizun egiteko nondik datorkizue inspirazioa?
Gure lan egiteko modua geldoa izan daiteke, ez gaudelako etengabe inspiratua. Asko kostatzen zaigu paperean lan egitea. Gure sorkuntza prozesua inprobisazioz egiten dugu. Gauzatzen ditugun ekintzak jolas proposamenak dira. Ez dugu ikuskizuna gai jakin baten inguruan egiten. Jolasaren bidez ateratzen dugu materiala. Askotan desordenatua da, eta zentzurik ez duen materiala da. Horrela hasten gara gauzak biltzen eta elkarrekin ideiak batzen.
Nori bideratutako ikuskizunak dira? Ikusle jakin bati zuzentzen dizkiezue ikuskizunak?
Guk, batez ere, kale antzerkia egiten dugu. Gure filosofia da ikusle ororentzat saioak egitea. Deitzen diguten tokira goaz. Oso ongi funtzionatzen dute adin tarte nahasketa handia duten ikuskizunek. Konpainia aurrera joan ahala, gure indarra pailazogintzan eman dugu, eta pailazoa elikatzen da ikuslearen energiarekin. Zenbat eta adin tarte handiagoa egon, ikuskizuna aberatsagoa izaten da. Horrek ematen digu dena.
Jolasa aipatu duzu. Zertan da garrantzitsua zuen emanaldietan?
Jolasak espektatiba guztiak apurtzen ditu. Helburua da ongi pasatzea. Jolasten ari zaren momentutik, aurreiritzietatik askatzen zara. Jolasak dena dauka. Ez dugu helburu didaktiko zehatzik jartzen, baina jolasak eraginak dauzka. Tresna baliotsua da edozein arlotan.
Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.