Euskararen eguneko aldarriak plazara eramango dituzte beste urte batez eskolek

Andoni Elduaien 2024ko aza. 29a, 08:56

Plazako oholtzan eta haren bueltan elkartu ziren iaz ere ikasleak. (Ane Olaizola)

Datorren asteartean, abenduak 3, ospatuko dute herrian Euskararen Nazioarteko Eguna. Goizean, herriko ikastetxeetako ikasleak plazan bilduko dira, eta arratsaldean, bingo musikatua, erakusketa irekiera eta hitzaldia izango dira.

Euskal Herri zabalean bezala, abenduaren 3an, asteartez, ospatuko dute Azkoitian ere Euskararen Nazioarteko Eguna. Udalak eta Euskara Mahaiak hainbat ekintza antolatu dituzte egun horretarako, bai goizerako, bai arratsalderako. Goizean, urtero bezala, herriko ikastetxeetako ikasleak plazara eramango dituzte beraien aldarriak. Arratsaldean, berriz, egunari lotutako bestelako ekintzak egingo dituzte.

Udaletxeko balkoitik 11:30ean suziria botata iragarriko dute herrian Euskararen Nazioarteko Eguna, eta segidan, Floreaga ikastetxeko, Xabier Munibe ikastolako, Azkoitia BHIko eta Bizilore Eskola Aktiboko ikasleak eta irakasleak plazan elkartuko dira. Ana Azkoitia alkateak hartuko du hitza orduan, hark euskararen aldeko aldarria egin dezan. Goizeko ekitaldia euskal kantak abestuz amaituko dute.

Marijose Arregi Euskara zinegotziak Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan "indarrak batzeko eta euskarari eusteko" deia egin nahi izan du, betiere hizkuntzak "aurrera" egin dezan, eta "inolaz ere ez atzera". Halaber, nabarmendu du egungo testuingurua batzuetan ez dela "oso mesedegarria hizkuntza txikien osasunerako", eta "salbatzaile bakarrak hiztunak" direla. "Hizkuntza batek, handi edo txiki, hiztunak behar ditu. Bakoitzak erabakitzen du zein hizkuntza erabili; hor dago koxka. Euskararekiko konpromisoa agerian jartzeko modu bakarra euskara erabiltzean datza. Horixe da bidea, eta egunerokoan euskaraz bizi garenok, horretara animatu behar ditugu ingurukoak", azaldu du Arregik.

Arratsaldean, gehiago

Arratsaldean ere izango dira ekintzak. 17:30ean hasita, bingo musikatua egingo dute Elkargunean. Yogurinha Borova eta Akrata Kristi arituko dira han bildutakoen arratsaldea girotzen; izan ere, musika, kantua eta koreografia uztartuko ditu bikoteak. Sarrera doakoa izango da, eta udalak jakinarazi du bingoko irabazleek sariak jasoko dituztela.

Euskara gure dokumentuetan eta orain 700 urte izenburupean, berriz, hitzordu bikoitza jarri dute: 18:00etan, erakusketa irekiko dute Portaleburu erakusketa aretoan, eta 19:00etan, hitzaldia eskainiko dute Ramon Martin Sukiak eta Ander Rosek, Elkargunean. Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoko arduraduna da Sukia, eta euskararen iraganaren ikertzailea da Ros.

Euskarara bideratutako diru laguntzak

Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan, udalak gogorarazi du Azkoitian euskara ikastea "erabat doakoa" dela duela bi urtez geroztik. Hain justu, doakotasuna eskaintzeak izan duen eragina azpimarratu nahi izan du erakundeak; izan ere, Euskara sailak kudeatzen dituen diru laguntza eskaerek "nabarmen" egin dute gora. Aurten, euskara ikasteagatik 189 diru laguntza eskaera aurkeztu dira.

Dena den, erakundeak bestelako laguntza batzuk ere eskaintzen ditu, horien artean establezimenduetan euskararen presentzia areagotzeko laguntzak. Udalak jakinarazi duenez, hamasei saltokik egin dute horretarako eskaera, eta horiei esker establezimenduek beraien errotuluak, webgunea edo bestelako materiala euskaratzeko edo euskaraz sortzeko aukera izango dute. Horrekin batera, Euskara Plana egiteko eskaera hiru enpresak egin dute herrian, Alberdi Mekanizatu Lanak, Biharko Gipuzkoa eta Serbitzu Elkartea enpresek, hain justu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide