Noiz eta nolatan hasi zinen idi probetan?
Baserrian jaio nintzen, eta nire aita zein aitona ferratzaileak ziren; baserriz baserri aritzen ziren idiak ferratzen. Hori dela eta, txikitatik ezagutu izan dut idiaren mundua. 16 urte nituenean, duela 28 urte, idi parea oparitu zidan gizon batek, eta ordutik nabil horretan.
Nolakoa da idien zaintza lana?
Lan asko eskatzen du idiaren zaintzak; ez da idi parea erosi eta etxean izatea soilik. Egunero joaten naiz haiengana, jaten ematen diet, garbitu egiten ditut… Oso gustura aritzen naiz. Gainera, entrenatu egiten ditugu; txapelketa garaian astean hiruzpalau aldiz bai, betiere azkeneko aldiz noiz lehiatu ziren kontuan hartuta. Idi gazteen kasuan, zenbat eta gehiago entrenatu, hobe izaten da.
Zenbateko kostua du idi batek?
Elikadurari dagokionez, eguneroko gastua dira pentsua eta belarra. Zenbateko hori albaitariak gomendaturiko bitaminek edota mineralek igo ohi dute.
"Kontrol batzuk jakinaren gainean garela egiten dizkigute, eta beste batzuk, abisatu gabe"
Zerekin elikatzen dira idiak? Eta zerbait aldatzen al da lehiaketen garaian eta haien ostean?
Idi gazteek elikadura osasungarria izan ohi dute, baina pisu jakin baten barruan sartu beharrik ez dutenez, ez da asko zaindu beharrik izaten. Txapelketan aritzen diren idiek, aldiz, pisu jakin baten barruan sartu behar izaten dute, eta ondorioz, kontrolatu egin behar izaten zaie ematen zaien pentsua zein belarra. Idiak gehiago elikatzen ditugu lehiaketaren ostean; barazkiak edota belarra ematen dizkiegu. Pertsonen gisakoak dira; maratoia egin ostean pertsonak nekatu eta gosetu egiten dira, ezta? Idiak ere halaxe egon ohi dira lehiatu ostean.
Idi batek zenbat pisatu behar du lehiatzeko?
Erakustaldietan pisua librea izaten da, eta idiak ez dituzte pisatzen. Idi probetan, berriz, bi modalitate daude: 1.140 kiloko idi pareen lehiaketak eta pisu libreko lehiaketak. 1.140 kiloko idien modalitatean, idiak duen zenbateko horretatik gorako kilo bakoitzeko, 1,5 kilo gehitzen zaizkio haiek tira behar dioten harriari.
Albaitariek zer eskakizun egiten dituzte animaliek lehiatu ahal izateko?
Idi probaren aurretik, goizean, animaliak ikusten ditu albaitariak, eta idia lehiatzeko moduan dagoen edo ez erabakitzen du. Adibidez, idi proba ofizial batetik bestera hamabi eguneko atsedena utzi behar izaten dugu. Kontrol zorrotzak egiten dituzte, eta guztia justifikatu behar izaten dugu. Esaterako, katarroa zuelako idiari botika bat eman baldin badiozu, zergatik eman diozun eta abar azaldu behar izaten duzu. Jada ez da arraroa albaitariak esatea idi pare batek ez duela lehiatuko. Aldundiak ere kontrolak egiten ditu; antidopina, esaterako, abisatu gabe. Hala ere, idia gaizki baldin badago, norberak ere nahiago izaten du ez lehiatuta.
"Animaliak pertsonak bezainbeste nekatzen dira"
Asko aldatu al da idi probetarako legedia azken urteetan?
Bai, aldaketa handiak izan dira, eta onerako, nire iritziz. Duela urte batzuk edozer ikus zitekeen plazan, eta gaur egun, kontrol ugari egiten zaizkie animaliei; batzuetan jakinaren gainean egoten gara eta besteetan ustekabean etortzen dira. Probetan ere, epaileek ez dute edozer onartzen, eta kaleratuak ere izan ohi dira.
Zer eman dizute zuri idi probek eta idiaren munduak?
Ostalaritzatik bizi naizen arren, idiaren mundua da nire egunerokoa. Probetan baino gusturago aritzen naiz idien zaintzan, nahiz eta ordu asko eskatzen dituen horrek. Bi lagunek idi pare bana daukagu baserrian, eta asko gozatzen dugu entrenamenduetan zein haien garbiketan.
Zer-nolako etorkizuna ikusten diezu idi probei?
Etorkizun iluna ikusten diet. Azken urteak gogorrak izan dira, zenbait gaitz tarteko ganadu zein idi asko kendu behar izan baititugu. Instituzioek legeak gogortu egiten dituzte, eta horrek ez du asko laguntzen. Azkoitian, esaterako, azken urteetan lauzpabost baserritatik kendu dituzte idiak. Gainera, gazte gutxi dauzkagu atzetik. Egia da gazteak etortzen direla idi probak ikustera, baina gutxik dituzte idiak. Probetan aritu behar ez badute ere, gazteak animatu nahiko nituzke idiaren mundura, oso polita baita.