Azaroaren 25a

Indarkeria matxistaren aurka borroka egiteko deia plazara eraman du Itaiak

Julene Frantzesena 2024ko aza. 25a, 18:50

Dozenaka lagun elkartu dira plazan, Itaiak deitutako elkarretaratzean. (Julene Frantzesena)

Azkoitiko plazan dozenaka lagun elkartu dira 18:00etan, Itaiak deituta eta Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelopean. Azaroaren 25a "borrokarako eguna" da Itaiaren arabera, eta horregatik "matxismoaren aurkako borroka lehen lerroan jarri eta matxismoarekin amaituko duen antolakuntza politikoa" aldarrikatu du.

Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelopean mobilizatu da gaur Itaia, eta dozenaka izan dira deialdira batu diren herritarrak. Azkoitiko plazan, esaterako, 18:00etan egin dute elkarretaratzea, eta hainbat lagun elkartu dira pankartaren eta bandera gorri hainbaten atzean. Gainera, ekitaldiaren hasieran, Itaiako bi kidek pankarta bat zintzilikatu dute Plaza Ondo jubilatuen elkartearen tabernaren balkoitik. Hala zion eskegi duten pankartak: Erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatu.

Itaiako bi kide, pankarta eskegi duten unean.

Itaiako kideek azaldu dutenez, haientzat Azaroaren 25a "borrokarako eguna" da, eta horregatik "matxismoaren aurkako borroka lehen lerroan jarri eta matxismoarekin amaituko duen antolakuntza politikoa" aldarrikatu dute gaurkoan. Emakumeek indarkeria matxista "egunero" jasaten dutela salatu dute Itaiako kideek, eta hainbat datu eman dituzte: "2024an gutxienez bost emakume hil dituzte Euskal Herrian. 2023an, Hego Euskal Herrian egunero 24 eraso salatu ziren, eta are gehiago dira isilean geratutakoak". Itaiak uste du egoera horrek "larritu edo haserretu beharrean", gizartean "gero eta inpaktu txikiagoa" eragiten duela. 

Era berean, adierazi dute "kultura matxista hedatzen" ari dela azkenaldian, eta horren larritasuna nabarmendu dute: "Orain, ideia eskuindar eta baztertzaileak dira gizartean nagusitasuna irabazten ari direnak. Horregatik diogu oldarraldi erreakzionarioa daukagula parez pare, eta horrek guztiak matxismoaren normalizazioarekin harreman zuzena dauka". Ideia horretan egin dute azpimarra, eta adierazi dute joera eskuidarrek emakumeak "zapalduta" mantendu nahi dituztela. "Batetik, matxismoa ez dela existitzen diote, eta matxismoaren aurkako diskurtsoa emakumeok sozialki indartzeko asmakizun ideologikoa dela diote. Bestetik, matxismoa ukatzen duten horiek, indarkeria matxista kasuak erabiltzen dituzte diskurtso arrazistak zabaltzeko. Errealitateak, ordea, erasotzaileak sektore eta jatorri ezberdinetakoak direla erakusten digu", adierazi dute Itaiako kideek. Horrenbestez, "gorakada erreakzionarioaren aurrean antolatzeko beharra" aldarrikatu dute.

Erakundeen eta "politikari profesionalen" jarrera ere jarri dute jopuntuan, eta horien "hitzontzikeriez eta itxurakeriez nazkatuta" agertu dira: "Promesa faltsuak egin dizkigute, kaleko mobilizazioa instituzionalizatu dute eta estatuko instituzioetan akomodatu dira. Horrela ezin zaio matxismoari aurre egin, ezta faxismoaren gorakadari ere. Kontrara, politika geroz eta autoritarioak aplikatzen ari dira alde bateko zein besteko alderdiak".

Erasoen aurrean "posizionatzea eta erantzutea guztion ardura" dela adierazi du Itaiak, eta horretan jarraitzeko "konpromisoa" erakutsi du, batetik, "kalean, sare sozialetan, zein instituzioetan gero eta gehiago zabaltzen ari diren diskutso matxista eta erreakzionarioen aurka"; eta, bestetik, "eraso ororen eta, zehazki, erasotzaileen inpunitatearen aurka". Hori dela eta, "lehen lerroa" hartzeko deia egin dute: "Emakumeok lehen lerroa hartu behar dugu, modu independentean antolatu eta matxismoaren aurka borrokatzeko".

"Matxismoa betikotzen duen gizarte kapitalistaren aurrean, zapalkuntzarik gabeko gizarte aske baten alde" agertu da Itaia, eta sozialismorako hautuan berretsi: "Guk indarkeria matxistarekin behin betiko amaitu nahi dugu, eta horretarako, sozialismaoren aldeko hautua egin dugu"

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide