Santa Zeziliaren harira, Bizkargi musika eta dantza eskolak hainbat jarduera egin ditu aurten ere musikarien zaindaria omentzeko. Atzo arratsaldean, Santa Zezilia egunez, kalejira eta jaialdi berezia eskaini zituzten.
Bizkargi eskolako trikitilariek eta pandero jotzaileek kalejira egin zuten aurrena Alde Zaharrean zehar. Aurreikusitakoa baino orduerdi beranduago atera behar izan zuten horiek, eguraldi txarra medio. Euskal Herriko musika eskolek antolatzen duten Musikalean egitasmoaren barruan egin zuten kalejira hori, musika kalera atera asmoz. Jarraian, Elkargunera lekualdau zuten saioa, eta trikitilariek, pandero jotzaileek, dantzariek, abesbatzako kideek, biolin taldeak zein banda gazteak kontzertua eskaini zuten osorik bete zen Elkarguneko Herriko plaza aretoan.
Emanaldiari trikitilariek, pandero jotzaileek eta bateria jotzaileek eman zioten hasiera, Maite eta Adelita doinuak interpretatuz. Ondoren, dantzarien txanda izan zen, eta horiek Xabi Solano musikariaren Erre zenituzten abestiarekin dantzan jarri zuten aretoa. Abesbatzako kideak izan ziren taularatu ziren hurrengoak, eta horiek Mundu berri bat nahi dute eta Bring me Little wáter, Silvie abestiak kantatu zituzten jendaurrean, Maje Larrañagaren gidaritzapean. Biolin taldearen emanaldiarekin jarraitu zuen jaialdiak, eta Bulego taldearen Zure begi horiek eta E.T.S. taldearen Guretzat doinuak interpretatuz alaitu zuten aretoa horiek.
Dantzari eta txistulariak elkartu ziren jarraian, emanaldiarekin dantzan jarraitzeko; eta banda gazteak eman zion amaiera Santa Zezilia eguneko jaialdi bereziari, Carlos Muñozen zuzendaritzapean, Africa, Shake it off, How to go! eta Musikalean doinuak eskainiz.