Mendebaldeko Saharan "espoliaziorik gabe okupazioa ezinezkoa" dela aldarrikatu dute Isilune Zirkuluan

Andoni Elduaien 2024ko aza. 22a, 09:43

Kontzejupean egin zuten atzo elkarretaratzea. (Isilune Zirkulua)

Isilune Zirkuluak atzo egin zuen azaroko elkarretaratzea, eta "Sahara salgai ez" dagoela aldarrikatu dute. Hainbat sektoreri buruzko datuak eman zituzten, eta Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak urrian emandako epaia nabarmendu zuten.

Azkoitiko Isilune Zirkuluak elkarretaratzea egin zuen atzo, osteguna, Kontzejupean. Sahararen aldeko bilkuran "Sahara salgai ez" dagoela aldarrikatu zuten. "Mendebaldeko Saharako ondasun naturalen espoliaziorik gabe, okupazioa finantzatzea ezinezkoa" litzatekeela adierazi zuten elkarretaratzearen deitzaileek, eta ekitaldiari lotutako irakurketa ere egin dute Isilune Zirkuluko kideek.

Mendebaldeko Sahara baliabide naturaletan "aberatsa den lurraldea" dela azpimarratuz hasi ziren. "Okupazioaz geroztik, Saharako baliabideen ustiapena zabaldu eta areagotu du Marokok, enpresa multinazionalak erakarriz eta merkataritza akordioak garatuz", azaldu zuten. Hori guztia, gainera, "legezkotasun faltsu baten pean eta saharar herriaren baimenik gabe" egin dutela nabarmendu zuten. Halaber, ikusi dute egoera horri enpresa multinazional asko "etekina ateratzen" ari direla. "Gobernuarekin eta elite ekonomikoekin, politikoekin nahiz militarrekin elkar hartuta ari dira lanean, eta hala Mendebaldeko Saharako gatazka luzatzen zein okupazioa betikotzen laguntzen dute".

Haien arabera, baliabide naturalen espoliazioa eta okupazio ilegala "sektore askotara" dago zabalduta. Nekazaritza industriaren sektoreari lotuta, esaterako, Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan "berotegi handiak" daudela diote. "Legez kanpoko jarduera horrek, saharar herriarengan ez ezik, Europako kontsumitzaileengan eta lehen sektoreko langileengan eragiten ditu eskubide urraketak. Horrez guztiaz gain, Mendebaldeko Saharako harea Marokoren zementu eta hormigoi industriarako "funtsezko baliabidea" dela adierazi zuten. "Espainiak Saharako hondarraren %70 kontsumitzen du hondartzetan erabiltzeko, Kanariar Uharteetan, esaterako". Gainera, Marokok iaz Mendebaldeko Saharan fosfatoak "etengabe arpilatu" zituela jakinarazi zuten Isilune Zirkuluko ordezkariek. "1.400 milioi dolarreko irabazi garbiak izan zituen Marokok, izan ere jarraitzen dute fosfatoak tresna ekonomiko eta politiko gisa erabiltzen".

Bestalde, Marokorentzat "sektore estrategikoa" da Mendebaldeko Saharan energia berriztagarrien azpiegiturak garatzea, horiek "beharrezkoak" baitituzte eremu okupatuetan gainerako jarduera ekonomikoak garatzeko. "Estatuko enpresen zein erakundeen bitartez, eguzki planten eta parke eolikoen proiektuak garatzen dituzte lurralde okupatuetan, saharar herriaren baimenik gabe. Bien bitartean, Greenwashing estrategiak garatzen ari dira".

Arrantza sektoreari lotutako datuak ere eman zituzten elkarretaratzean. Mobilizazioaren deitzaileek adierazi zuten Mendebaldeko Saharako urak olagarroan eta sardinan direla aberatsak. "Ur horietan 700.000 tona inguru harrapatzen dituzte urtero. Enpresa esportatzaile garrantzitsuenetako batzuk espainiarrak dira, baina produktua marokoar gisa etiketatzen dute, nahiz eta hura Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetako uretan arrantzatu". Espainian kontsumitzen den olagarroaren %75 Mendebaldeko Saharako uretatik datorrela jakinarazi zuten atzoko elkarretaratzean.

Turismoaz aritu ziren bilkuraren amaieran. Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan dago Dajlako kostaldea. Hain justu, kostalde hori da Marokok turismoaren sektorean duen "lehentasun estrategikoetako bat"; gainera, "helmuga eco-friendly eta jasangarri gisa saltzen" dute. "Turismo operadoreek Marokoren zati gisa saltzen dute Dajlako kostaldea, Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuen egoera eta sahararren errealitatea ezkutatuz". Horri lotuta, Ryanair hegazkin konpainiak joan den astean jakinarazi zuen lehen aldiz lotuko duela Madril Saharako lurralde okupatuekin. 

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak urrian eman berri duen epaiak, beste behin, Mendebaldeko Sahararen autodeterminaziorako eskubidea berretsi du, baita saharar herriaren eskubideak urratzen dituzten merkataritza akordioak gaitzetsi ere. Era berean, epaiak, Mendebaldeko Saharako baliabideei buruzko edozein merkataritza akordio legez kanpokoa dela ebatzi du, hitzarmenak saharar herriaren oniritzirik ez badu behintzat.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide