Okupazioaren egunerokoa, lekukotzak ekarrita

Ane Olaizola 2024ko aza. 21a, 09:34

Key Antzerkia izenpean aritzen den artista, antzelanaren une batean. (Utzitakoa)

Zisjordanian ikusitakoarekin palestinarren egunerokoa biltzen duen antzezlana eskainiko du Key Antzerkia izenarekin aurkezten duen artistak.

Udazkeneko Bebarruko Jardunen barruan, Matadero Ekintzakek Portare dentro. Testigo Palestina antzezlana programatu du iganderako Matadeixen (18:30) –gaztelaniaz izango da–. Martxoan Zisjordanian egin zuen egonaldi baten ondoren, Key Antzerkia izenpean aurkezten den artista eta ekintzaileak bere lekukotzarekin palestinarren egunerokoa oholtza gainera eramango du.

Bere identitatea anonimotasunean gorde nahi du hark, segurtasuna bermatze aldera: "Israelen kontrola zeharo handia da, eta izena emango banu, zailtasunak izango genituzke Palestinan lan egiten jarraitzeko". Egun Teatro Reportage izenpean aritzen den talde bateko kide da antzezlanaren sortzailea, baina egileak nahiago du taldearen berezko izena ere publiko ez egitea; dena den, haren nondik norakoak kontatu ditu: "Duela hogei urte, Kurdistandik Italiara iritsitako migratzaileekin lanean hasi zen taldea, eta ondoren, okupatuta eta gatazkan zeuden herrialdeetan lan egiteari ekin zion, betiere erreportaje edo dokumental antzerkia deritzona landuz". Bide horretan, Kurdistanen ez ezik, Iranen, Egipton eta Palestinan ere lan egin izan du taldeak.

Hango herritarren egunerokotasuna jasotzea da taldearen egitekoa, ondoren haien egoera ikusarazteko. Artista martxoan izan zen azkenengoz Palestinako lurralde okupatu horretan, eta hark ere orduko egunerokoaren lekukotzarekin obra ondu zuen gero. Ordea, azaldu du haren hasierako helburua zela herritarren hitza entzutea: "Arratsaldero, etxera itzultzen nintzenean, egun horretan ikusi nuena idazten nuen, erreportaje moduan". Hain zuzen, igandean taularatuko duen bakarrizketa gisako antzezlanak narrazio hori mantentzen du, egunez egun han bizi izan zuena kontatzen baitu obrak, baina collage bat ere egin du, lanak "ibilbide logikoa" izan dezan.

Aurrez ere egondakoa da artista Palestinan, eta hark azaldu du, Israelek iazko urriaren 7an Gazan hasitako oldarraldiaz geroztik, Israelek Palestinan dituen intentzioak "argiak" direla: "Herritarrei beren askatasuna kendu nahi die, kanporatu egin nahi ditu. Militarrak lehen ere sartzen ziren hirietan, baina orain, egunero egiten dute. Lagunak ditut han, eta orain, apenas irteten dute hiritik eta etxetik, ez dakitelako militarrak noiz sartuko diren".

Egoera "hain agerikoa" zen testuinguru horretan joan zen martxoan Zisjordaniara. "Hemen Palestinako albisteak entzuten ditugu, baina jaso ahala, joan ere egiten zaizkigu. Gertatzen den hori gure baitan geratzeko, begirada humanista batetik haien egoerarekin identifikatuta senti gintezkeen lana sortu nahi nuen". Publikoaren enpatia bilatu nahian, hain zuzen, askotariko pertsonen egunerokoak kontatu nahi izan ditu hark: "Esaterako, 30 bat urte dituen emakume bat han nola bizi den azaldu nahi dut, modu horretan jendeak hobeto uler dezakeelako egoera. Gaur egun, Palestinan langabezia handia dago, palestinar askok Israelen edo haren kokalekuetan lan egiten zutelako. Askok hori izan dute lanerako aukera bakarra, horrek eragiten zien guztiarekin. Orain, bizi asmorik ez dute, eta asko herrialdetik irtetea pentsatzen ari dira, bizitza gero eta zailagoa delako han. Kokalekuetan bizi diren kolonizatzaileak oso biolentoak dira, eta kontuan hartu behar da Zisjordanian bizi direnek haiekin edo militarrekin dutela harremana; Israelgo pertsona bortitzenekin, alegia".

Gerra hotsak


Militarren presentzia izan da, hain zuzen, ekintzaileari Palestinako azken egonaldian gehien eragin diona. Aurrez lurralde okupatuetako kontrolguneak igaro baditu ere, orain arte ez du halako tamainako presentzia militarrik ikusi Zisjordanian. Gerraren hotsa ere entzun du lehenengoz lurralde horretan: "Militarrak datozela entzuten duzu. Argiak itzali, eta pertsianak ixten dituzu. Isiltasuna. Eztandak. Bigarren Intifadatik gertatu gabe zeuden irudiak bizi dituzte han, baina nire inguruko jendea nahiko lasai ikusi dut egoera horietan; ohituta daude". Ordea, une latzetan ere heriotza bizitzarekin nahasten dela azaldu du ekintzaileak, eta beraz, Palestinaren "lazgarrikeriaz" harago, haren beste aurpegi bat ere erakusten saiatu da: "Natura izugarria dute, kultura oso aberatsa... Edertasun handia dago han, eta herritarrek hori badakite. Askotan, edertasun hori da haiei aurrera egiten laguntzen diena".

Palestinan izan denean, hango herritarrek beren lurrarekiko "moztu ezin dezaketen atxikimendu eta identitate handia" dutela jabetu da ekintzailea. Era berean, belaunaldi berriengan ere jarri nahi izan du arreta artistak, eta obran ere islatu du hori. Izan ere, hark gogoratu du okupazioaren pean jaiotako hirugarren belaunaldia direla gazteak, eta egoera horretan hazteak "eragin zuzena" izan duela beren bizitzan: "Tulkarem hirian martiriak deritzoten gazteen argazkiak jarri dituzte zuhaitz batean, eta 15 urte inguruko gazteen irudiek hartzen dute zati handi bat".

Zisjordaniako azken egonaldian, paisaia bera aldatzen ere ikusi du ekintzaileak: "Palestinaz eta Israelez ari garenean, pentsatu behar dugu lur eremu oso txikia dela. Zisjordaniak Jordaniarekin muga egiten duen Jerikotik hiru orduko bidaia egin nuen, eta ikusi ahal izan nuen Israelen kokalekuak gero eta handiagoak eta ugariagoak direla. Israelek finantzazio handiagoa du kokalekuetan han bertan baino, gehiago interesatzen zaiolako kokalekuetan daudenei jaten ematea, horiek baitira lurra hartzen dutenak". Herritarrei Palestinaren iruditegia ere sortu nahi die ekintzaileak, azpimarratuz gero eta espazio txikiagoa dutela haiek bizitzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide