Pasira egitasmoak saria jaso du. Atzo, asteazkena, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak banatzen duen Adinekoentzako Lagunkoitasunaren Praktika Onen Saria jaso zuen Azkoitia Lagunkoiaren proiektuak. Euskadi Lagunkoiaren Europako Jardunbide Egokien VIII. Jardunaldiaren barruan egin zuten aitortza ekitaldia, Donostiako Kursaal jauregian.
Sonia Vazquez Azkoitiko Udaleko Gizarte Ongizateko zinegotziak jaso zuen saria, Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziarekin eta Jose Mari Flores Azkoitia Lagunkoiako kidearekin batera; hiru lagunek talde sustatzaile osoaren izenean jaso zuten aitortza oroigarria, Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuaren eskutik.
Gizarte Ongizateko Vazquez zinegotziak hartu zuen hitza saria jaso ostean, eta hark Azkoitia Lagunkoia osatzen duten pertsona eta erakunde guztiak zoriondu zituen. Zinegotziaren arabera, horien guztien "inplikazioari eta konpromisoari" esker Pasira ekintza komunitarioko "proiektu sendoa" bihurtu da. Azkoitia Lagunkoiaren aterkipean, Pasira proiektuak udala, Osasun Publikoa, Izarraitz Lanbide Heziketa, Mugi Azkoitia, Plaza Ondo Pertsona Jubilatuen Elkartea, Gurutze Gorria eta Caritas biltzen dituela adierazi zuen hark.
Paseoa baino gehiago
2021. urtean jarri zuten martxan Pasira egitasmoa, Mugi Azkoitia sortu eta gero. Hasiera batean, jarduera fisikoa sustatzeko eta sedentarismoa murrizteko helburuarekin sortu zen proiektua. Esperientzia pilotu gisa, ibilaldi osasungarriak egiten hasi ziren aurrena. Nolanahi ere, proiektuak segida emateko moduko "onarpena" izan zuela adierazi zuen Vazquezek, eta hasierako ideia hark "forma" hartu zuela. "Ekimenari jarraipena ematea eta Pasira izenarekin egitasmoa indartzea erabaki zen".
Egitasmoa martxan jarri zutenean, paseoen bitartez herritarrek elkarren artean solasaldiak izatea bilatu zuten sustatzaileen. Ordea, egun paseo soila baino jarduera gehiago egiten dituzte egitasmoaren barruan; besteak beste, bisita gidatuak egiten dituzte Azkoitiko eraikin historikoetara, baita hamaiketakoak eta karnabaletako ospakizunak ere. "Pasira sedentarismoari aurre egiteko jaio bazen ere, bakardadearen aurkako antidotoa da. Pertsona nagusiei konpainia egiten zaie, eta beraien kezkak zein arazoak partekatzeko topagunea eskaini. Non dago arrakastaren gakoa? Ekintza komunitario bat da; guztiak inplikatzen dira eta norbere onena ematen dute", adierazi zuen Gizarte Ongizateko zinegotziak. "Parte hartzeko eta elkar eragiteko erreminta" da Pasira Vazquezen arabera. "Pertsonen arteko harremanak sustatzeko tresna da, adineko pertsonei ikusgarritasuna zein protagonismoa ematen dien ekimena".
Ostegunero izaten dute hitzordua Pasira egitasmora batzen diren herritarrek; 10:00etan elkartzen dira parte hartzaileak Aizkibel liburutegiaren ondoan. Saria jasota, beste egunetan ez bezalako aitzakia izango dute gaur adinekoek elkartzeko, paseatzeko eta solasteko.