Iker Fernandez: "Berriro itzuliko nintzateke Valentziara laguntzera, oraindik asko behar dutelako"

Nerea Uranga 2024ko aza. 10a, 10:53

Anbulantzietako langilea da Iker Fernandez azkoitiarra, eta lagun talde batekin Valentzian izan da kaltetuei laguntzen. Larunbat goizaldean itzuli zen etxera, Valentzian egindakoaren gustura, baina nekatuta.

Valentziatik (Herrialde Katalanak) etxera itzuli berritan nekatuta aurkitzen da Iker Fernandez (Azkoitia, 2004), baina valentziarrei emandako laguntzarekin gustura eta pozik dago. "Hango herritarrak oso eskertuta daude jasotzen ari diren laguntzarekin", azaldu du azkoitiarrak.

Urriaren 29an tanta hotzak Valentzian hondamendia eragin zuen, urak hainbat herri hartu zituen, eta ordutik lohiak hartuta ditu. Orain arteko datuen arabera, 220 pertsona hil dira uholdeen eraginez.

Valentzian hondamendia gertatu eta gero, han laguntza beharrean zeudela ikusi eta zerbait egin beharra zutela otu zitzaien Fernandezi eta. Hala kontatu du: "Ni anbulantzietako langilea naiz, eta boluntario jarduten dut Gurutze Gorrian. Valentzian gertatutakoa ikusita, mundu horretan ibiltzen garen lauzpabost lagun  elkartu eta zer egin genezakeen pentsatzen hasi ginen. Aurreko larunbatean [azaroak 2] izan zen hori". Erabaki zuten furgonetetan joango zirela Valentziara, era horretan lotarako toki bat izateko. Harako bidaia prestatzen ari zirenean, Valentziako Massanassa herriko alkatearekin harremanetan jartzea lortu zuten, eta hark agindu zien kaltetutako guneetara sartzeko baimena berak tramitatuko ziela. Horrez gainera, HCA zerbitzuak enpresako bi ezagunekin hitz egin zuten eta haien laguntza jaso zuten. "HCA zerbitzuak-ek larrialdietarako formazioa-eta eskaintzen ditu, eta haiek Valentzian laguntzeko materiala eman ziguten", adierazi du Fernandezek.

Iker Fernandez, behean eskuinetik aurrena, Valentziara laguntzera joandako lagunekin.

Azkenerako, Valentziara laguntzera joateko zortzi laguneko taldea osatu zuten eta lau furgoneta eskuratu zituzten. "Gure taldean Urola Kostako beste hiru lagun ere izan dira: Yerai Arakistain aiarra, Leire Uli getariarra eta Adrian Sorreluz zarauztarra. Gainontzekoak donostiarrak dira".

Nola joan antolatutakoan, sare sozialen bidez zabaldu zuten inork zerbait eraman nahi bazuen Valentziara furgonetetan lekua zutela, eta joan den iganderako materiala biltzeko hitzordua jarri zuten Zarauzko anbulatorioaren aurrean, 17:30ean. "Denetariko materiala eta produktuak eraman zituzten herritarrek hara: ura, garbiketarako produktuak, esnea, animalientzako jatekoa, arropa... Behin Valentzian materiala herritarren artean banatu genuenean asko eskertu zuten".

Massanassatik Paiportara

Hala, igande gauean abiatu ziren Fernandez-eta Valentziara, eta astelehenean iritzi ziren hara. "Aurrena Massanassa herrira joan ginen eta hango udaletxera iritsitakoan, gure materiala behar zutela esan ziguten, baina gure beharrik ez zutela, laguntzeko nahiko jende bazutelako. Orduan, ezagun baten bidez, jakin genuen Paiporta herrian laguntza behar zutela, eta gertu geundenez, hara joan ginen".

Paiporta "dena txikituta, urez eta lokatzaz beteta" aurkitu zutela dio Fernandezek: "Usain desberdin piloa eta denak txarrak, produktu piloa lurretik, istripu ugari...". Furgonetak uzteko toki bat aurkitutakoan, zertan lagun zezaketen ikusteko antolatzen hasi ziren. "Hara iritsi orduko, garajeak husten laguntzeko eskatu ziguten; izan ere, garaje guztiak urez goraino beteta zeuden. Ura ateratzeko ponpa bakarra geneukan guk, eta hura garaje bat husten jarri genuen. Ez zen nahikoa, ordea, eta han zebilen jendearekin eta suhiltzaileekin beste pare bat ponpa jarri genituen prozesua azkartzeko. Azkenerako lortu genuen garajea hustea, denetik atera genuen handik: hildako animalia asko, zuhaitzen adarrak... Autoak eta ateratzeko suhiltzaileen laguntzarekin moldatzen ginen; suhiltzaile asko zebiltzan gu ibili ginen inguruan". Valentzian ibili diren egunetan, Fernandezek eta, lau garaje urez hustu dituzte eta haietako lokatza garbitu dute.

Garajeak husteko lanak egiteaz gainera, bestelako lan batzuk ere egin dituzte Paiportan. "Kanpainako ospitale bat zuten muntatuta kale batean, eta handik anbulantzia iritsi ezin zen etxeetara, botikina eramaten jardun genuen oinez", azaldu du azkoitiarrak.

"Pena merezi izan du"

Larunbat goizaldean itzuli zen Azkoitira Fernandez. Nekatuta, baina "oso gustura" Valentzian egindako lanarekin: "Asko lagundu dugu han. Lehen egunean, hara iritsi ginenean, ezin genuen sinistu ikusten ari ginena. Izugarria zen hango egoera. Sendaketa piloa egin behar izan genituen; azkenean, laguntzen ari zirenei lokatza begietan sartzen zitzaielako, adarrekin min hartutakoak... Gure taldeko Yeraik ere belauna atera zuen. Dena txikituta dago, gauza asko dago lurrean, lokatza... Hango jendea, berriz, oso-oso ondo portatu da gurekin, oso eskertuta daude laguntzera joaten garenekin, eta haiek janaria prestatzen ziguten guri".

Lana dutelako itzuli dira Fernandez-eta lagunak etxera, baina oraindik Valentzian laguntza asko behar dutela nabarmendu du. "Guk gure lanera itzuli behar dugu, ezin dugu huts egin. Pena merezi izan du, ordea, Valentziara laguntzera joan izana. Guk lau garajetan jardun dugu lanean, baina oraindik piloa daude urez beteta. Gustura iitzuliko nintzateke berriro hara, oraindik asko dago egiteko han, laguntza asko behar dute. Ez da bi egunetan bukatzeko kontua, hilabeteetako lana dago han", dio azkoitiarrak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide