Abarketagintzari eta txapelgintzari eskainitako erakusketa zabaldu dute Portaleburun

Andoni Elduaien 2024ko aza. 8a, 09:17

Azkoitia 700 egitasmoaren barruan, Azkoitiak abarketagintzan eta txapelgintzan historian zehar egin duen lana balioan jarriko duen erakusketa zabaldu zuten atzo arratsaldean, Portaleburu erakusketa aretoan. Erakusketa ireki ondoren, Ane Albisuk hitzaldia eskaini zuen Elkargunean.

Azkoitia ezaguna da mundu zabalean abarketagileen herria bezala. Azkoitia 700 egitasmoaren barruan, langintza horretan herriak izan duen historiari eta historia egin duten herritarrei eskainitako Azkoitiarrak, burutik oinetara jantzita erakusketa zabaldu zuten atzo, osteguna, Portaleburu erakusketa aretoan. Lehen ordutik herritar asko eta askok egin zuten erakusketa aretora sartu-irtena.

Aretoan, nola ez, abarketak ikus daitezke, baina, bereziki, horiek egiteko erabiltzen zituzten erremintek eta makinek sortu zuten bisitarien artean ikusmin handiena. Erreminten artean daude, hala nola txarrantxak eta eztenak, eta makinen artean, besteak beste, zorua josteko edota erreportzaketan aritzeko makinak. Horretaz guztiaz gain, Javier Beristainek pilatutako dozenaka argazkiak daude Portaleburuan; kalean nahiz lantegietan herritarrek abarketak ontzeko lana nola egiten zuten ikus daiteke irudien bitartez. Egunkarietako eta aldizkarietako artikuluak ere irakur daitezke, baita langintza horri lotutako bestelako dokumentuak ere. Julian Iruretagoiena (1924-2014) azken abarketagileari eta Juan Jose Sagarzazu Tertziopelo (1892-1974) azken zoru jostaleari ere eskaini diete erakusketa, eta bi horien irudiak nahiz beste zenbait herritarren adierazpenak biltzen dituen ikus-entzunezko bat ere jarri zuten.

Txapelgintzari lotutako erakusketa ere bada, ordea, herriko plazan jarri dutena; izan ere, alor horretan ere aritu ziren Azkoitian hainbat lantegi. Azkoitian 1846. urtean ireki zuten lehen txapel lantegia, Espainiako Estatuko lehen txapel lantegia izan zen Azkoitikoa; egun, munduan sona handia duen Elosegi lantegiak baino hamabi urte lehenago zabaldu zuten Azkoitikoa. Erakusketan txapel fabrika horien guztien izenak ezagutu daitezke, baita herrian bertan egindako txapelak eta hura estaltzeko erabiltzen ziren forruak ere.

Azaroaren 17ra bitartean izango da erakusketa zabalik, eta honako ordutegi hau izango du: ostegunetan eta ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara zabalduko dute; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta igandetan, 12:00etatik 14:00etara.

Albisuren hitzaldia, segidan

Elkargunean, bestalde, Ane Albisu (Donostia, 1960) Ikerfolk elkarteko kide, diseinatzaile eta jantzi-ondarearen ikertzaileak izen bereko hitzaldia eskaini zuen 19:00etan hasita. Herritar ugari bildu zen gune horretan Albisuren solasaldia entzuteko. Donostiarrak, batez ere, txapelaren eta abarketen inguruan hitz egin zuen. Janzki horiek noiz janzten ziren, zertarako erabiltzen ziren eta nola egiten ziren azaldu zuen.

Dena den, Azkoitiari buruz ere hitz egin zuen, abarketagintzaren industriak herrian nola eragin zuen adieraziz. XIX. mendearen erdialdean industrializazioa indartu zenean, ehungintzan garatu zen sektore hori, eta Azkoitia horren adibidea dela azpimarratu zuen hark.

(Argazkiak: Andoni Elduaien eta Oier Arregi)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide